aur urdurien ezaugarria izaten da leku batetik bestera edo jolas batetik bestera eten gabe ibili beharra. Pertsona helduon joera ere umeeena bezalakoa izaten da sarritan, eskuarteko jarduna aldatuz geure burua baretzen ikusten dugunean.

Badago beste urduritasun modu bat, nahigabea, kezka eta izua hitzekin lotu daitekeena. Bere adierazpen nabarienak, sarritan elkarren kontrajarriak izanda ere, isiltasuna eta garrazia edo paralisia eta ihesa izaten dira.

Aspaldian bizitzen ari garen errealitateaz hausnartzen dugun bakoitzean -eta etengabe egokitzen zaigu ariketa hori- erraietatik sortzen da egonezina. Orindik astindu barik ditugu hainbeste urtetako krisi finantzario, ekonomiko eta gizatiarra jasan ondoren etorri zitzaigun pandemiaren osteko ondorio fisikoak, psikologikoak eta ekonomikoak.

Bi urteren bueltan arnasa hartzen hasiak geundela, ustez elkarrizketa eta negoziazioen bidez ekidituko zena jausi zaigu, Errusiako errejimen militarrak Ukraina menperatzeko ekintza armatua, alegia. Etxe aurrean ikusten ari garenak bildurtu eta haserretu egin gaitu. Geopolitikaz analisi interesagarri bezain sakonak entzun eta irakurri arren zarrazkiaren erdian dagoen gizateri errukarriak loa kentzen digu, jakin ere ez dakigularik zer egin genezakeen sufrikarioa leuntzeko, etsipena bare-tzeko.

Hau esanda, inork pentsatzen al zuen Putini gauzak zailtzeko onartu ditugun neurriek ez zigutela eragingo? Europar Batasunak erabakitako neurri zigortzaile horiek ezinbestekotzat hartu ditugu gehienok, sinistuta ukrainarrak -biktimak- eraso armatuari aurre egiteko zilegizko erabakia babestu behar genuela. Nik halaxe uste dut behintzat. Baina horrek ordaina dakarrela jakin beharko genuke: ekonomia zailtzea, erosotasuna urritzea eta pobretzea. Denok batera jasan behar ditugun albokalteak, hori bai, ez gehienon lepoan gutxi batzuk aberastuz.

Egun hauetan, agintari demokratikoak nekeari eutsiz irtenbide bila ibiltzea eskertu beharra sentitzen dut. Etorriko da kritikarako garaia.