Zirrikituetatik begira

Marratik irten

02.04.2022 | 00:16
Marratik irten

Txikitatik irakatsi ziguten marrazkiak marratik irten gabe koloreztatzen. Hitzekin esan ez badigute ere, urteekin berretsi dugu gure hezkuntzaren helburuetako bat izan dela nagusitan gu marratik irten gabe bizitzea. Horregatik eskertzen ditut hainbeste marra eta muga konbentzionaletatik irteten diren elkarrizketa, proposamen, idatzi edo egoerak. Halakoetan batzuetan bertigoa sentitzen badut ere, hain justu bertigo edo beldur horrek jartzen ditu adi, alerta egoeran, bestela erdi lo eta otzan dauden nire gorputz eta buruko elementuak. Eta benetan eskertzen dut.

Ikastea askotan ikasitakoa ahaztea ere bada. Eta ahaztu beharrekoen artean geure buruari ezarri dizkioten/dizkiogun mugak, klasifikazioak, eremu itxiak daude. Batzuetan nahikoa da norbaitek muga horietatik kanporako ate ireki bat eskain-tzea, elkarrizketa bat aberatsa bihurtzeko, egarriz dagoenari ura ematea bezala izateko. Bat batean, begien aurrean duzun mapa zabaldu egiten da.

Cuadernos Rubio haiekin irakatsi ziguten idazten nire belaunaldikoei. Han ere marretatik irten gabe. Eta ia konturatu barik gure bizimodua markatzen duten karril horien gainean jarraitzen dugu ibiltzen, hitz egiten, pentsatzen. Batzuetan ohartu gabe egiten dugu, bestetan handik irteteko adore nahikorik ez dugulako. Hotz handia egiten du urtetan gure erreinutxoa izan den horretatik kanpo. Errazagoa izaten da askotan ezarritako bideetatik ibiltzea, oihanean bide berri bat irekitzen joatea baino.

Aurrekoan marratik irtetea gustuko duten zenbait pertsonekin berba egiteko aukera izan nuen. Ezarritako mugarik gabeko solasaldi bat izan zen. Eta hasieran non kokatu jakin gabe ibili banintzen ere, laster konturatu nintzen hor zegoela gakoa: nire kokapenaz eta nitaz espero zenaz ahaztea. Hori ulertu nuenean, nire hitzek, bat batean, txikitako marrazkietako kolore biziak berreskuratu zituztela sentitu nuen. Eta ez dakizue zenbat gozatu nuen, andereñoaren aginduaren kontra, koloretako arkatzekin marrazkiaren marretatik irtetean.

noticias de noticiasdenavarra