nkestek asmatu egin zuten: Emmanuel Macron eta Marine Le Pen Frantziako presidentetzarako lehiatuko dira bigarren itzulian, apirilaren 24an. Hau esanda, joan den igandeko bozketaren titular batzuk suntsitzaileak dira. Alde batetik, II Mundu Gerraz geroztik sistema politiko frantziarra egituratu duten partiduen deskalabrua: elkarrekin hartuta, errepublikanoak -eskuin historikoa- eta sozialistak -bereziki dramatikoa- eztira botuen %7ra iritsi. Bestetik, ultraeskuinak botoen herena eskuratu bait du, duela 5 urteko emaitza gaindituz: begi-bistakoa da gorakada hau ez dela jada koiunturala baizik eta benetako egiturazko pultsu baten ondorioa. Beraz, bigarren itzulirako Macronen aldeko botoa alderdi guztiek eskatzen badute ere, nahikoa izango al da oraingoan beldurraren argudioa astintzea Le Pen geldiarazteko? Macron jauna: Hauteskundeak zertaz doazen jakitea irabazten hastea bada, bizkor ibili... Dena den, lehenagoz erantzuteko beste galdera batzuk daude: Nola iritsi da egoera honetara? Nola azaltzen da liberté, egalité, fraternité balioak sortu zituen nazio batek masiboki bozkatzea bere diskurtsoa gorrotoan, bazterkerian eta eurofobian oinarri-tzen dutenei, Putinen ildo politiko berberak, etxeko atean zibil babesgabeak erailtzen dituen bitartean, defendatzen dituztela diotenei?

Bidasoa ibaiaren ertzean hazi naiz ni, Iparraldea nere biziaren zati banaezina da. Bere chauvinismo ezagunaren gainetik, Frantzia urrun edo arrotz senti ezin dezakedan errealitatea da. Nire familiaren bi adarrak, gerra zibilaren eta diktadura frankistaren garairik ilunenean, zuzeneko jaso zituen Frantziako herriaren elkartasuna eta harrera. Ez dakit zer pentsatuko luketen gaur nere aitona-amonek edo gurasoek, harro baina aldi berean zorrotz eta eskuzabal ezagutu zuten Frantzia ultraeskuineko ur pozoituan urtzen joan dela ikustean.

Apirilaren 24ko zita begira, Marine Le Penek berak esan du: Ez da bozketa zirkunstantziala, gizarte-mota aukera-tzeko baizik. Arrazoia eman behar diot. Nere gogoz kontra.