Aste Santu eta Pazko asteko egunak ahal dabenak ahal dabena egitekoak izaten dira. Denetik dago aurten ere: auzo-antzerki eta musika ugari, elizkizunak elizetan zein kale kantoietan, inguru hurbilera edota urrunera txangoak, ... ez dugu ia ezer falta, patrikak epel samar zein hotz euki.

Museoetara bisita egiteko egokiera ere bada, batik bat egun hauetako jendetza jeisten denerako zain. Bilbon ibiliz gero, Guggenheim Bilbao Museoa aipatu behar. Horixe da bere izena, euskara hutsez jarria. Udazkenean ugariak izango dira iritziak eta gogoetak bere irekieraren 25. urteurrena ospatzen da-ta. Hain zuzen ere, egun hauetako bisitari mordoak ikusteak aurreko urteetako flash batzuk ekarri dizkit gogora.

Hasierako urratsek ez zuten izan bidelagun askorik. Euskal kultura txirotzeko tresna edota euskal politikari batzuen handikeria asebetetzeko asmakizuna zela ziren orduko kritikarik leunenak. Harrez gero ere izan dira horrelakoak. Bat aipa-tzearren, duela 10 urte Kultura sailburuordea zena nazioarteko jardunaldi ba-tzuetara GBM proiektuaren nondik norakak azaltzera deitua izan zenean adierazi zuen gozoena izan zen euskal abertzaleok eguzkiari egindako brindis-a zela.

Txikikeriak aparte, aspaldi ikasi dugu kultura azpiegituren garrantzia, ikusi dugu nola biderkatu dezaketen euren balioa alianza estrategikoak gauzatzeko gaitasuna dutenean eta ia 30 urteren barrenean gutako gehiengok barneratu dugu museoen eginkizuna ez dela mugatzen artelanak erakutsi eta bildumak ugaltzera.

GBMk 1997an ireki zituen ateak baina 3 urte aurretik sinatu zen Guggenhem New Yorkeko arduradunen eta Euskadiko erakundeen artean 20 urterako hitzarmena. Sasi guztien gainetik urteak aurrera eginaz batera aurreikuspen baikorrenak gainditu eta bere izaera berritzailea eta erakargarria erakutsi zuen. Ondorioz, 2014an beste 20 urterako akordioa prestatu orduan berariazko proposamen akademiko, artistiko eta ekonomikoak sendotasunez aurrera ateratzeko gai izan zen. Guggenehim Bilbao Museoa, izena eta izana.