rain dela gutxi Aingeru Epaltzak "Ballottage" izeneko artikulua sinatu zuen Noticias de Navarra egunkarian Frantzian hurrengo igandeko bigarren itzuliaz (badakizue, Macron-Le Pen) eta, oro har, balotajearen edo bigarren itzuliaren sistemaz. Zer gertatuko litzateke Hegoaldean horrelako sistema izango bagenu? Askok zorabio moduko bat izango luketela idazten du Epalzak, bertigoa. Frantziakoaren zain gauden bitartean, denbora-pasa polita izan daiteke irudimenaren lurraldeetan galtzea. Nafarroako kasuan, azken emaitzen arabera, Chivite andrearen eta Esparza jaunaren artean izango zen lehia, bozka gehien lortu zituzten bi alderdiak kontuan hartzen baditugu. EAEren kasuan Urkullu jauna eta Iriarte andrea izango genituen bigarren itzulian. Agian ez zen deus ere aldatuko, hauteskundeen ondoren burutzen diren akordioak, itunak eta abarrekoak bigarren itzulia baino lehenago egingo bai-tzituzten ziur aski.

Nolanahi ere, ustekabea ez zen bazter-tzekoa izango, dena ez da hain automatikoa, hautesleen nahiak ezin asmatuzkoak izan daitezke: lehen itzulian aukeratutako hautagaiaren aholkuei jaramon egin diezaiekete ala ez; programak irakur ditzakete, nahiz eta jakin programetan idatzikoa itsasoan idatzikoa bezalakoa dela gehienetan; hautagai bat aukeratu dezakete bestea izorra-tzeko, besterik gabe; etxean gera daitezke bi aukerak kaltegarriak direla uste badute; sudurrak itxita, esaten den bezala, joan ahal dira boza ematera... Jarrera ugari eta batzuk (gehienak?) ez oso arrazoizkoak, antza. Pentsatu nahi dut bizi-tza osoan bi itzulien sisteman pasatu eta gero, jendeak guk ezagutzen ez ditugun motibazioak, ohiturak eta apetak garatu dituela okerraren eta okerragoaren artean hautatu behar denean.

Badirudi Frantzian Macronen aldekoak eta Le Penen kontrakoak gehiago izango direla Le Penen aldekoak baino. Dena den, oraingo honetan afera ez da argiegia. Beharbada une honetan bertan Iparraldean norbait ari da idazten bi itzulien sistemaren kontra, Hegoaldearekin dugun sistemarekin amets egiten duen bitartean.