atetxe batean nago, familiarekin. Postrea aukeratzeko ordua heldu da eta zerbitzariak harrotasunez esan digu postre guztiak etxekoak direla. Todos los postres son caseros. Orduan nire alabak esan dit ez duela postrerik nahi. Zergatik galdetu diot eta erantzun dit: Caserosdirelako, ama, caserosdirelako!

Hau da marka, hain justu etxekoak direlako ez zaizkio gustatzen edo, hobe esanda, marka ez dutelako ez zaizkio gustatzen, iragarki batean agertzen ez direlako, ez daukatelako inolako logotipo ezagunik eta abar... Eta neure buruari galdetzen diot nire seme-alaben hezkuntzan zein momentutan harrapatu nauen sistema kapitalista basati honek guztiz despistatuta; nola den posible nire seme-alabek nahiago izatea Orlando tomate frijitua etxean egindako tomate natural goxoa-goxoa baino.

Suposatzen dut beste familia batzuetan ere gertatzen dela. Izan ere, markek eragin handia dute haurrengan. Hainbat ikerketa daude honen inguruan eta denak heltzen dira ondorio antzekoetara: gero eta gazteago ezagutzen dituzte haurrek marken izen eta logotipoak. Britaina Handian egindako ikerketa horietako batek dio 18 hilabeterekin McDonaldasen logotipoa ezagutzen dutela haur askok, izena esateko gai ez badira ere, haren sinboloa errekonozi-tzen dutela. Eta hiru urterekin jada marka asko ezagutzen dituztela. Hau da, landareen edo arbolen izenak baino askoz lehenago ikasten dituzte haurrek marken izen eta irudiak.

Natilla eskatu dut. Gaileta darama gainean eta kanela-hautsa. Nire amak egiten zituen natillak gogorarazi dizkit. Orduan bai, etxeko postreak gustatzen zitzaizkigun, baina ez markakoak ez zi-tzaizkigulako gustatzen, baizik eta markakoak ez zirelako etxean sartzen. Amak natillak, gatzatua, arroz esnea... denak prestatzen zituen berak. Orduan postre bakoitza bere benetako izenez ezagutzen genuen eta ez merkatuan zuen izenez. Gaur, aldiz, dena da marka. Hau da marka. Benetako marka.