Covid-19: aukeren mundu bat

17.04.2020 | 17:40

Hondamendiak aukerak dira. Egoera berrietara egokitzeko malgutasuna lantzeko, erresilientzia indartzeko, larrialdien aurrean populazioa babesteko protokoloak fintzeko edota kontingentzia planak garatzeko€ Ez dira gutxi itxialdi honek egunerokoan erakutsitako alderdi positiboak: pertsonen arteko harremanen balioa, gutxiago kontsumitzen (edo zarrasteltzen€) ondo bizi daitekeela edota futbol profesionalik gabe biziraun daitekeela.

Krisiak aukera eman digu jakinak ziren alderdi batzuetaz (ziurrenez askorentzat ez hainbeste..) berriz jabetzeko: burgesiarako etekin ekonomikoa langileen osasuna baino garrantzitsuagoa dela (berdin Lombardian ala Euskal Herrian) edo gobernu askoren patronalarekiko menpekotasuna, esaterako.

Hondamendiak aukera izan dira beti negozioetarako ere. Kapitalista lehiatsuenek negozio aukera berriak irakurtzen eta garatzen dakite beti, lurrikararen osteko berreraikitzean (Haití kasu), ejerzito okupatzaileari logistika emanez (Halliburton Iraken) edota gerrak armez hornituz (euskal armagintza, hemendik mugitu gabe€). Oraingo honetan, adibidez, gertatuko den enpresa txiki eta ertain batzuen porrotak, bertoko ekonomian izango duen inpaktuaz haratago, aukera emango die mantentzen diren enpresei gehiago hedatzeko. Talde ekonomiko handi batzuk egiten ari diren akzioen erosketa masiboa ere aukeraz baliatzea baino ez da.

Makro-mailan, pandemia honek aukera eskaintzen dio bere kontraesanez ahulduta dagoen sistema kapitalistari arnasa berreskuratzen saiatzeko, modu ezberdinetan. Covid-19ak merkatuaren logikatik funtzezkoa ez den populazioaren zati baten "garbiketa" suposatzen du, birusaren erasoaren aurrean adinduak eta patologiadunak ahulenak izanik. Sektore hauek sistemarako errentagarritasun gutxiagokoenak dira, merkatu-baliorik apenas sortuz, gutxi kontsumituz eta baliabide publiko handiak bereganatuz (behintzat pentsio- eta osasun-sistema publiko onargarri daukaten Estatuetan). Covid-19ak beste gaixotasun bat ekartzen du burura: ihesa. Frogatu gabeko teoria batzuen arabera, sortua izan zitekeen soberazko populazioa ezabatzeko, batez ere Afrikan. Ez naiz teoria konspiratiboen zalea eta ez naiz sartuko ea Covid-19 laborategi txinatar batetik ezustean ala nahita atera zen ezta ea Pentagonoa edo indar militar yankiak atzean dauden (azken posibilitate hau paradoxa izan zitekeen, EEBBetan birusaren inpaktuari erreparatzen badiogu). Hala ere, ezin dugu ahaztu beren burua demokrazia, askatasuna eta giza ezkubideen defendatzaileak hartzen duten horiek populazioekin esperimentatzeko historikoki erakutsi duten eskrupulu falta: bonba atomikoak Hiroshima eta Nagasakin, agortutako uranioa Iraken eta Balkanetan, sifilis eta gonorrea inokulatzea Guatemalan, denge hemorragikoa zabaltzea Kuban, baita EEBBetako populazio bera ere (ikasleak, militarrak eta, nola ez, presoak eta populazio beltza) agente ezberdinetara esposatzea, kimikoak (lewisita, mostaza-gasa, agente laranja€), biologikoak (tos ferinaren eta sukar horiaren birusak €), erradiologikoak (plutonioa) zein drogak ere (LSD€). Birusaren erantzuleak haiek diren ez dakigu. EEBBetako botere eliteetan txertatuta dauden anbizio handiko buru makiavelikoak milaka eta milioika pertsona hiltzeko gai direla nabarmen frogatuta dago.

"Soberazko" populazioa gutxitzeaz gain, pandemiak aukera eskaintzen du kapitalismoa bera erreseteatzeko, bere aurrerantzeko ihesaldi suizidara kondenatuta egonik: gehiago erauzi, gehiago ekoizteko, gehiago kontsumitzeko; gero eta populazio gehiago eta baliabide gutxiagoko munduan. Ezinbesteko kapital-metaketak, kapitalismoaren DNAn txertatuta, bere bideraezintasunaren hozia darama. Beste momentu historikoetan mundu-gerren bidez erabaki ziren sistema-munduaren kontraesanak agian oraingoan baretu daitezke, epe-laburrean bada ere, pandemia batek sortutako astinaldiaren bidez eta ondorengo botere-berrantolaketaren bidez (potentzien zein ekoizpen-sektoreen artean). Zaharturiko zuhaitzari kimatze indargarria egiteko aukera.

Estatu baita zonalde mailan (EB kasu), egoeraren larritasunak sortutako ziurgabetasunak eta ikarak (kasu batzuetan gaindimentsionatua) aukera eskaintzen die botere ekonomikoei beren boterea erratzeko, politika zehatzak ezarriz. Naomi Kleinek oso modu ulergarrian azaltzen zuen Shock-aren doktrina dokumentalean. Pandemiak lan-eskubideen eta askatasunen murrizketari bidea errazten dio, plusbalia gehiago ateratzeko saiakera orokortu berri batean langile-klaseari prekarietate gehiago onartzera behartuz. Aukera ederra ongizate-estatua desmuntatzen jarraitzeko baita kontrol soziala areagotzeko. Ekonomiaren izenean sakrifizioa eskatuko digute, langileon patua burgesiaren goraldiari lotuta dagoela irudikatuz.

Jendarte mailan, ezarritako itxialdia eta ondorengo kontrol sozialaren neurriak (geolokalizazioa, mugimenduen mugatzea -ekoiztera joateko ez bada€) paregabeko proba-zelaia dira etorkizuneko balizko interbentzioetarako, epidemia baten kontra egiteko ala altxamendu sozial bat kontrolatzeko (Txilekoa han daukagu, konfinatuta egon arren€). Kontaktua gutxitzeko ezinbesteko neurriez haratago, bizi dugun egoerak aukera zabaltzen die esperimentu sozialei, beren osagai soziologiko, psikologiko, mediatiko edota kontsumoari lotutakoekin€ Ejertzito espainiarraren agerpenak Iruñeako eta herri batzuen kaleetan ez daude logika honetatik kanpo. Ziurrenez aurreikusita ez egon arren, aukeraz aprobetxatuko dira populazioaren mugimendua mugatzea beharrezkotzat joko duten hurrengoan interbentzioak perfekzionatuta izateko.

Covid-19a aukeraz betetako izurritea da bizitzen gainetik etekin-tasa handitzea helburu duen elite ekonomikoarentzat. Ez dezagun zalantza izpirik izan nola aprobetxatu aztertzen ari dela. Hala ere, krisiak aukerak irekitzen dizkio herri antolatuari ere, ikasteko eta agerian geratu diren alderdi batzuen aldeko borroka indartzeko: zaintza-lanen balorizazioa, osasun eta zerbitzu publikoen defentsa, kontsumo-eredu hurbil eta arrazionalez kontzientziazioa, antolaketa kolektiboaren balioa edota herriari eta burujabetzari begirako beste eredu sozioekonomikoaren eraikuntza. Krisiek sortutako aukeretatik herriaren aldeko aldaketak bideratu dira ere, beti ere aldaketarako oinarriak aurretik prestatuta (formazioa, antolaketa, borroka€). Izan gaitezen mehatxu eta ahuleziz kontziente, baita gure indargune eta aukerez ere.

Más información