Porrot egin omen dute gobernu berria eratzeko saio guztiek. Bai zera! Sanchezek hasieratik nahi zuena lortu du. Dudan nago, alta, berak nahi ote zuen ala PSOEren gerontokraziak, hots, Gonzalez, Guerra, Solchaga, Rubalcaba eta bertzek. Gerontokratek horrela nahi izan dute, hain ziur, eta ederki baliatzen jakin ere Sanchezen hiperegoaz. Porrotik ez, beraz, oraingoz.

Porrot egitekotan, Sanchezi botoa eman diotenek egin dute porrot, hots, PSOEren eraberritzean sinetsi izan dutenek, alderdikide/jarraitzaile izan edo Podemosetiko iheslariak izan. Sanchezena, lotsagabekeria hutsa izan da. Bere helburua, bistan da, bipartidismoaren birjosketa, alderdi aniztasuneko gobernantza errefusatzea, kosta ahala kosta.

Bertze batzuetan aipatu dut nola bukatu zen Berrezarpeneko bipartidismoa, Canovasek ezarri zuena. Ez dut errepikatuko argumentua, baina ongi dakigu kontzentrazio gobernuek, huts eginiko bipartidismoaren sustatzaileek osaturikoek, buru belarri eutsi nahi izan ziotela hartako erregimen hari eta, berriro porrot eginda, diktadurara jo zutela, diktadura primorriveratarrera.

Ez dut historizista jarri nahi, argi dago alde handiak daudela harako garai zahar haien eta gaurkoen artean, baina antzekotasunak ere, egon, badaude. Aitortu ala ez, bipartidismoak erreka jo duela badaki, ongi jakin ere, Sanchezek. Eta hain ziur, berak sinetsi nahi dituen inkestek diotena diotela, PPren eskutik aldatu beharko du, bere kasurik onenean, hauteskunde legea, boto gehien lortzen duen alderdiak automatikoki gobernua osa dezan. Ciudadanos albo batean utzita Riveraren buru politikoaren tamainari esker, orratz burudun baten buruaren tamainakoari esker alegia. Eta akabo, bidenabar, Podemosekiko amesgaiztoa!

Erran nahi baita, diktadura batera eraman nahi du bere Espainia: diktadura zibil batera, zeinaren euskarriak beso militarraren ordez beso enpresariala, judiziala eta mediatikoa (oi, laugarren boterearen mitoa, prentsan irudikaturiko hura!) izanen diren. Ez da sartzen Sanchezen buruan bere ustezko Espainia josterik, errematxatu nahi du, mailukadaka, metalezko piezak josten diren moduan. Berriro ere, bere ustezko nazio bakarreko Espainia ofiziala Estatu espainiar errealaren aurka, Errestaurazioko erregenerazionistek salatzen zuten paperezko Espainia, beren begi-bistako Espainia errealaren aurrez aurre. Eta batik bat, horixe kaltegarriena Sanchezi boto emaileentzat berauek konturatu ala ez, ustelkeriaren mintegia den bipartidismora doa hau, txandako gobernuek euren aise diru publikoaren xahutzaile izaten jarraitu ahal izateko, euren patriken edota euren gustuko enpresetara esleituriko kontratuen alde, berdin dena.

Euren Espainia errematxatu nahi dute, baiki. Errematxatu eta errematatu arteko aldea x batean dago, hots, ekuazioetako ezezagunen sinboloan: bakan-tzekoa hizkera matematikoan, garbitzekoa arruntean. Errematxatu aditzari x kenduta, errematatu gelditzen zaigu. Hain zuzen ere, goiz ala berandu euren ustezko Espainia errematatzera daraman sistema berrezartzera doaz.