Atzera igeri egiten duen ahatetxo baten istorioaren bidez, besteak beste, aurrera eta atzera egitearen inguruan hausnartu du Eneritz Basabe Oliver ilustra-tzaileak eta irakasleak (Gasteiz, 1994). Bere lehen album ilustratuan, Aldrebes (Amesgile argitaletxea, 2024), jaso ditu gogoetak. Bereziki haurrei bideratuta dagoen arren, geruza asko ditu ipuinak, eta hartzaile zabala du buruan.

Zure lehen album ilustratua sortu duzu, zer emozio sortu dizkizu horrek?

Egia esan ilusio handia. Lehenengoa da eta ez dakit besteren bat egongo den, baina ilusio handia egiten zidan nire eskuetan egoteak eta jendeak ere interesa duela ikusteak. Orduan, izugarrizko poza.

Ilustrazioaren mundutik zatoz, baina hitzaz eta irudiaz baliatu zara. Nola uztartu dituzu?

Saiatu nintzen ahalik eta hitz gutxien erabiltzen. Igual pixka bat aldatu zait perspektiba, baina ilustrazioa ikasten hasi nintzenean pentsatzen nuen ilustrazioek komunikatzeko balio zutela, eta hori zela euren helburua. Gaur egun, arlo estetikoa ere baloratzen dut. Irudiek bakarrik pila bat komunikatzen dute, orduan, hitzak erabili ditut bakarrik behar ziren momentuan. Istorioaren erdialdean ilustrazio bat dago zeinetan hitzak ilustrazioaren parte diren. Ez dira betiko tipografia duten hitzak, baizik eta eskuz eginda eta mugimenduan dauden hitzak.

"Iruditzen zait joera dagoela liburuetan edo haur literaturan dauden animaliak exotizatzeko"

Eneritz basabe - Ilustratzailea

Hitz gutxi egon arren, gidoi bat dago atzean. Bietan sentitzen zara eroso?

Erosoa agian ez da hitza. Niretzat prozesua izan daiteke dibertigarria eta oso polita, baina deserosoa ere bai. Erabaki asko hartu behar dira, ziur egon behar zara egiten ari zarenarekin eta ziur egon arte prozesu bat da. Ez dakit zenbat aukera egiten dituzun ikusteko zeinek komunikatzen duen hobeto. Behin bide hori hartuta erosoak izan daitezke testua zein ilustrazioa. Egia esan hitza urrunago sentitzen dut, baina proiektu honekin hasi nintzenean ere ikasketak egiten ari nintzen, eta bestelako harremana nuen ilustrazioarekin. Ipuina amaitu nuenean neukan harremana eta oraingoa ere aldatu da. Estresa eta presioarekin lotura handiagoa zuen. 

Zertan sumatu duzu aldaketa?

Esperimentazioa eta sormena landu nahi nituelako erabaki nuen ilustrazioko goi mailako zikloa egitea. Hasieran, nire sormena zero patatero zen, kopiatzen nuen eta listo. Behin amaituta, sormenarekin eta nik egin nahi nuenarekin gehiago konektatu nuen. Presiorik, exijentziarik edo kanpoko norbaiten balorazioaren beharrik gabe sortzen hasi nintzen.

Aitak txikitan kontatzen zizun ipuin batetik abiatu zara, nola jarri diozu zure ahotsa?

Aitak asmatutako istorioa zen ahatetxo batek egiten zuela igeri atzerantz eta ez zekiela aurrera egiten. Orduan, topatzen zen lore batekin eta esaten zion nola egin behar zuen. Gero topa-tzen zen untxi batekin, eta untxiak ere esaten zion nola egin behar zuen. Eta horrela, beste izaki batzuekin. Amaieran, ahatetxoak aurrera egiten ikasten zuen. Gogoratu nintzenean istorio horrekin, hartzeko gogoa piztu zitzaidan, baina bazegoen zerbait ez zitzaidana gehiegi gustatzen. Apur bat filosofatzen hasi nintzenean ohartu nintzen mezua bera ez zitzaidala gustatzen. 

Ahate bat du protagonista Basaberen album ilustratuak. Eneritz Basabe

Zergatik?

Batetik, ahateak igeri egiten badu atzerantz, ondo, nori inporta zaio. Bestetik, uste dut oso esanguratsua dela ibaiak bidearekin izan dezakeen lotura. Bide horretan topatzen dituenak laguntzeko prestutasun edo intentzio handiarekin ari dira, baina hegalak mozten ari dira pixka bat. Hau da, bere bidea bideratzen eta zuzentzen dute, eta ez dira bidelagunak. Azkeneko ideia izan zen ‘aurrera’ eta ‘atzera’ kon-tzeptuak zer suposatzen diguten mendebaldeko gizarte honetan. Atzeraka egitea gaizki dago, eta aurrera egitea, berriz, ondo. Ahatetxoak atzera joanda aurrera pausuak ematen ditu.

Ahateaz aparte, Euskal Herrian egon daitezkeen beste animalia batzuk dira protagonistak. Zeren arabera aukeratu dituzu? 

Iruditzen zait joera dagoela liburuetan edo haur literaturan dauden animaliak exotizatzeko edo exotikoak auke ratzeko. Baina niri ondo irudi-tzen zitzaidan gertuagokoak izatea ahatetxo horrekin identifikatuta sentitzeko. Horrez gain, liburua hemen kokatuta dagoelako. Tranpatxoak ere egin nituen. Hartz erraldoi bat agertzen da eta basotik paseoak ematen ditudanean ez ditut hartzak topatzen. Igual garai batean bazeuden Euskal Herrian, baina orain ez. 

Literatura gizakiz besteko animaliengana hurbiltzeko edo euren bizitza hobeto ezagutzeko beste bide bat izan daiteke?

Uste dut baietz eta erraza dela enpatizatzea hurbiltasun horretatik, baina aldi berean pertsonifikatzen ditugu. Pentsatzen dugu guk bezala pentsatu dezaketela eta, horri esker hurbiltzen ditugu, baina aldi berean urrundu egiten ditugu errealitatetik. Uste dut haur literaturan agertzen direla animalia pila bat, baina, gero berez, ez daukagula gizarte antiespezista bat. Lortuko bagenu benetan enpatia bat sortzea animalia horiekin agian beste gizarte mota bat izango genuke. Baina nola enpatizatuko dugu, jaten duguna paketeetan edo xerretan etortzen bada? Hor ez dugu ahatetxorik ikusten.

Hartza da ahateako topatzen duen animalietako bat.

Hartza da ahateako topatzen duen animalietako bat. Eneritz Basabe

Haur literaturaren barruan kokatzen duzu ‘Aldrebes’ edo uste duzu helduentzako ere izan daitekeela? 

Uste dut haur literaturan kokatzen dela mezua irisgarria izan behar delako haurrentzat, baina nire ustez haur literaturan dagoen guztia helduentzako ere bada. Ez bada bakarrik helduentzat bideratuta daudela, uste dut ipuin guztiek dutela hartzaile anitza. Nire ipuinaren kasuan ere bai. Lehen aipatu ditudan hiru hausnarketa horiek umeek ez dituzte bereganatuko irakurrita, agian helduren batek ere ez, baina agian hausnarketetako bat bai. Gero norberaren inter

pretazioak daude.

Liburua sortu izana prozesu berri bat izan da. Nola bizi izan duzu? 

Oso polita izan da oinarrian ilusio handia nuelako. Aldi berean oso luzea izan da. Uste dut ilusi handi horrek bultzatu duela hau, bestela horren luzea izanda ez dakit egingo nukeen. Hasi nintzetik hiru urte luze pasa dira gutxienez. Hasi nintzen ikasketen proiektu bat zelako, gero erabaki nuen lehiaketa batera aurkeztea, ez nuen irabazi, baina lehenengo aukeraketan egon zen. Horrek, zeozer piztu zuen. Oso polita izan arren, momentu batzuk ere frustragarriak izan dira, batez ere erritmoengatik, baina oso pozik nago. Agian nik ez nuen sentitzen hau egiteko gai izango nintzenik. Horregatik, norbait ideia batekin marmarka badabil, egitera animatu nahi dut. Bidea ez da erraza, baina oso polita da.

Hezkuntzan lan egiten duzu ere. Sentitzen duzu horrek prozesua zailtzen duela?

Batzuetan ez da erraza. Agian denbora tarte txikiak baditut, baina niretzat oso inportatea da denbora tarde luzeak izatea. Ondo sartzeko denbora behar dut. Ez da eseri, pixka bat margotu, eta joan. Behin sartzen zarenerako igual pasa da ordu bat, eta beste bi ordu egon nahi duzu. Horrelako denbora tarteak ateratzea ez da erraza.

"Irudiek bakarrik pila bat komunikatzen dute, orduan, hitzak erabili ditut bakarrik behar ziren momentuan"

Eneritz Basabe - Ilustratzailea

Sortzaile askok aipatzen dute beste lan batzuek edo behar ekonomikoek arlo sortzailea jaten dutela. Zuk ere sentitzen duzu hori?

Bai. Aipatu dut denbora, baina indarra eta motibazioa ere izan behar dituzu. Lanetik iristen zarenean oso zaila da marrazten hastea. Askotan inspirazioa edo ideiak etortzen zaizkit oso momentu randonetan edo deus ez egiten ari naizenean. Orduan, lanean, irakaslea naizenez, ez ditut horrelako tarteak. Orduan, bai, oztopatzen du. Oso argi daukat lanik egingo ez badu edo gutxiago lan egingo banu, askoz denbora gehiago dedikatuko niokeela ilustrazioari. 

Uste duzu hezkuntzatik eta irakaskuntzatik jaso duzun esperientziak eragina duela sortzen dituzun gauzetan?

Bai, nire bizitzan dagoen aspektu bat delako. Ipuinean argi eta garbi. Haur literaturarekin izan dudan hurbilpena ere igual hortik izan da. Orokorrean nire lanetan nire bizitzan dauden beste aspektu askok eragina daukate. Izan sexualitatea, generoa, daukadan frustrazioa eta amorrua, bizitzan dauden gertakariak… Esango nuke nire emozioetatik eta bizipenetatik abiatzen naizela askotan.

Album honek zure ni bat ezagutzeko aukera eskaintzen du, baina zein beste ni daude zure lanetan?

Ipuintxo honetan konturatu naiz nire txikitako ni eta ni heldua agertzen direla. Batetik, txikitan jasotzen zuena eta gustatzen zitzaiona pila bat istorioa eta super astuna zena aitatxok berriz kontatzeko. Bestetik, heldua dena eta saiatzen dena nirekin gehiago egokitzen den mezu bat bilatzen. Ez dakit zenbat ni dauden, baina pila bat.