Datorren larunbatean Euskal Herri osotik heldutako lagunok zirraraz beteko dugu San Mames. Beste behin ere, gure selekzioa zelai orlegian izanik, aldarrikapen ugarik egingo dute topo bertan, euskaldunon ideologia, jatorri edo ikuspuntu ezberdinen arteko topalekua baita egun hori. Desadostasunen gainetik, uste dut denok bat gatozela aurtengoan munduari helarazi nahi dizkiogun bi mezu nagusietan: Lehena, urterokoa, euskaldunon selekzioa ofiziala behar duela izan, gure nazio eskubideak errespeta daitezen. Bigarrena, noski, palestinar herriari elkartasuna helaraztea eta genozidioak ez duela lekurik, ez bertan ez inon.
Bi estatu handiren menpeko herri zatitua gara eta ezin uka batasun erakustaldiak behar-beharrezkoak ditugula. Zentzu horretan, oraingoan aukera paregabea dugu aurrekoetan huts egin duten formulak birpentsatzeko. Haietako bat, ereserkia.
Azken partidetan txistuak ere entzun dira “Gora ta gora” entzun denean, eta horrek ereserkiaren inguruko debatea piztu du. Uste dut EAEko ereserki bezala bere aitortza eta errespetua merezi duela, Nafarroako Gorteen Ereserkiak beste, baina ezin uka biek ala biek ez dutela zabalpenik izan gainontzeko lurraldeetan. Ikurriña bai, ikusi daiteke Euskal Herri osoan, eta ikur nazional bezala bere garapena izan du, baina nafar, lapurtar eta zuberotar gutxik abestu dugu “Gora ta gora” kanta. Selekzioak zazpi probintziak ordezkatzen baditu, akaso ereserkiak ez gintuzke guztiok ordezkatu behar?
Orain dela urte batzuk sortutako Gernikako Arbola Kantuz Elkarteak zera aldarrikatzen du: badugu ereserki bat urteetan zehar nazioartean zein etxean ordezkatu gaituena eta probintzia guztietan, garai historiko zein kontestu ezberdinetan, gogotsu abestu izan dena: Gernikako Arbola. Honetaz mintzatzen da Josemari Esparzaren Gernikako Arbolaren biografia: Euskal Herriko ereserkia (Txalaparta, 2020).
Euskal Herritik kanpo gehien zabaldu den euskal testua da, hamaika kronista zein historiagilek ipini diote “euskal ereserki” ezizena eta joera politiko guztietako jendeak abestu izan du: nazionalistek, komunistek, tradizionalistek, liberalek… Baita anarkistek ere! Nazioartean ez da dudarik bere zilegitasunaz eta horren erakusgarri da, esaterako, uda honetan Boisen (Idaho, EE.BB.) ospatutako euskal diasporaren jaialdirik handienean gure ereserki bezala ipini zela, ekitaldi ofizialean.
Selekzioaren kasuan, Iparagirreren doinua lagun izan du aspalditik. Gerra garaian, Euzkadiko futbol selekzioak bira bat hasi zuen gure kausa munduan zehar ezagutarazteko. Lehen partida 1937ko apirilaren 25ean jokatu zuen, Parisko Parc des Princes estadioan, Racing Frantziako ligako txapeldunaren aurka. Euskaldunok 3-0 irabazi genuen, hasieran Gernikako Arbola joz.
Kointzidentzia makabroa, hurrengo egunean bertan iritsi zitzaien Pariseko espediziokideei Gernikako bonbardaketaren berria. Frantziako Gobernuak harrera ofiziala egin zien, eta “Gernikako Arbola” jo zen berriro, guztiak hezurretaraino hunkituz. Euskaldunek Europan eta Amerikan jokatzen jarraitu zuten eta Joseba Gotzon Varelak Los gudaris del balón (Txalaparta 2022) liburuak dioenez, “euskal selekzioak bere ibilbidea hasi zuenetik, Gernikako Arbola ereserki gisa hartu zuen, ez bakarrik ospakizun eta ekitaldi ofizialetan, baita partiden hasieran ere”. Martin eta Xabier Etxeberria Garro anaiek idatzitako Ez dadila eguzkia sartu eleberrian, Pedro Areso jokalariaren eskuz idatzitako memorietan oinarrituta, kontatzen da nola “jokalariek Gernikako Arbola abestu ohi zuten partiden aurretik”.
Franco hil eta gero, 1979ko abuztuaren 16an, San Mamesen jokatu genuen “Euskadi” izenpean, Irlandari 4 eta 1 irabaziz. Antolakuntzak ereserkia Gernikako Arbola izatea zuen aurreikusirik, baina azken unean debekatu egin zen. Palkoan Carlos Garaikoetxea eta Telesforo Monzon izan behar ziren, baina debekuaren berri izatean, Monzon ez zen San Mamesen azaldu eta Garaikoetxea harmailetara jaitsi zen, Castañares eta Cuerda, Bilbo eta Gasteizko alkateak, hurrenez hurren; eta Labaien, Donostiako lehen alkateordea, alboan zituela. Megafoniatik debekua jakinarazi zenean, txistuek dardar batean jarri zuten zelaia.
Etor gaitezen berriz azaroaren 15eko partidara. Bonbek, Gernikako zerua estali zuten moduan estaltzen dute gaur egun Gazakoa. Badago sinbolismo indartsuagorik bakearen omenez bi herrien arteko partidan Gernikako Arbola ipintzea baino?
Euskadiko Federazioak ereserki ofizialera mugatuko dela erantzun dezake, 1983an EAEko Parlamentuan onartua izan baitzen. Argi dago, beraz, bakarrik euskaldunon zati batek onartu zuela beretzat. Akaso gainontzekoak bigarren mailako euskaldunak gara?
Haritik tiraka, agian planteatzen has gintezke Euskal Herriko Futbol Federazio baten sorreraren beharra, lurralde guztietako ordezkariekin. Edo eta badela garaia Euskal Selekzioak Sadarren ala Baionako Jean-Daugerren jokatzeko. Tira, meloi horiek beste baterako utziko ditugu eta momentuz hor doa azaroaren 15ean partida hasi baino lehen Gernikako Arbola ipintzearen proposamena. Hori bai izango litzatekeela guztiok aho batez ospatzeko gola!
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">