Síguenos en redes sociales:

Tribunas

Sustraiak zaindu, euskara loratu

Sustraiak zaindu, euskara loratuJavier Bergasa

Okindegian sartu eta irribarre batekin “Egun on! Ogi bat, mesedez” esatea. Parkean “Kontuz! Ez erori” hitzek airea zeharkatzea. Dendan “Zer moduz?” agurrak elkarrizketa bat piztea. Telefonoa hartu eta “Bai, esan” naturaltasunez ateratzea. Taberna bateko barran azken partidaren inguruko eztabaidan euskaraz ere jardutea. Eskolako atean “Ondo pasa, laztana!” desioak eguna martxan jartzea. Eguneroko une txikiak dira. Ia oharkabean pasatzen direnak. Baina horietan hizkuntza bat loratzen da.

Estellerrian badakigu zer den sustraiak zaintzea. Badakigu zer den zailtasunen aurrean tinko irautea. Duela 55 urte, Lizarra Ikastolaren lehen urratsak eman zirenean, euskararen alde egitea ez zen bide erraza. Garai hartako familia eta irakasle askok konpromisoz eta ausardiaz egin zuten aurrera. Urteekin, beste hainbat eragile, talde eta hezkuntza-komunitate batu dira euskararen aldeko lanera. Horien artean, duela 30 urte, Remontivaleko D ereduak ere bere alea gehitu zion guztion artean eraikitzen ari garen bideari.

Euskararen aldeko bidea ez du inork bakarrik eraikitzen. Belaunaldi ezberdinek, hezkuntza-komunitate ezberdinek eta herriko eragile askok egin dute posible gaur egun naturaltasunez bizi ditugun hainbat egoera. Horregatik, “30 urtez euskara loratzen” ospatzea ere bada herri honek euskararen alde egindako ibilbidea ospatzea. Eta bada, aldi berean, urte hauetan guztietan euskararen normalizazioaren alde lanean aritu diren pertsona guztiei aitortza eta esker ona adieraztea.

Aitortza bera merezi dute Estellerrian euskararen alde lanean ari diren elkarte, talde, eragile eta herritar guztiek ere. Euskarak ez du leku bakar batean loratzen. Herri baten taupadetan loratzen da. Liburutegian. Kultur taldeetan. Kirol elkarteetan. Musika eskoletan. Kalean. Familietan. Eskola ezberdinetan. Euskararen alde egunero, askotan isilean, lanean ari diren pertsona guztien ahaleginean.

Eduardo Galeanoren esaldi ezagunak ederki laburbiltzen du bide hau: “Jende txiki askok, leku txikietan, gauza txikiak eginez, mundua alda dezake.” Eta euskararen bidean ere hala izan da. Ahalegin txiki askok ekarri gaituzte gaur arte. Eguneroko keinu xumeek. Belaunaldi ezberdinen konpromisoak. Herri oso baten borondateak.

Baina bidean erne ere ibili behar dugu. Gure hizkuntzaren osasuna eta zabalkundea benetan helburu dituenak badaki elkarlana dela bidea. Horregatik, inoiz baino garrantzitsuagoa da batzen gaituen horretan indarrak jartzea. Gure akatsik handiena desberdintasun txikietan galtzea litzateke. Izan ere, benetan euskararen alde ari ez denak beti aurkituko du zirrikituren bat gu bereizteko edo elkarren aurka jartzeko. Euskarak ez ditu hormak behar. Zubiak behar ditu. Ez du zatiketarik behar. Ahots gehiago behar ditu. Norabide berean kantuan.

Zorionak, beraz, Remontivaleko hezkuntza-komunitate osoari. Zorionak euskarari leiho gehiago irekitzeagatik. Zorionak hizkuntza hau ikasgelaz harago, bizitzarako tresna eta etxe sentiarazteagatik. Eta, batez ere, zorionak egunero, askotan isilean, euskararen alde egiten den lan horregatik guztiagatik.

Lan handia dugu oraindik aurretik. Euskarak oraindik behar ditu hiztun gehiago, aukera gehiago, espazio gehiago eta konpromiso gehiago. Baina badugu zerbait oso baliotsua ere: elkarrekin egiteko gaitasuna.

Jarrai dezagun, hortaz, batzen gaituen horri helduta. Elkarrekin lanean. Elkarrekin zaintzen. Jarrai dezagun aukerak ereiten, euskarak loratzen jarrai dezan.

Lizarra Ikastolako zuzendaria