Heldu da liburu-dendetara Iban Zalduaren ipuin bilduma berria: 'Ipuina engainua da' (Elkar, 2022). Gaiei dagokienez "anitza" dela dio Zalduak, sozialak edo politikoak, harremanak, literatura… Molde ohikoetan bainoago, berriak esploratu dituela azaldu du idazleak. Ipuingintzaren esparrua aspaldi du ezagun, eta nondik-norakoak ere azaldu ditu, jatorriaz edo etorkizunaz galdetzean.

Liburuak itxura mardulagoa du fisikoan digitalean baino!

Bai, egia esan, saiatzen naiz liburua atera behar dudanean, behintzat, izan dadila pixka bat lodia. Agian beste batzuek nahiago izaten dute finagoak egin, baina hala nahi izan dut. 

Gai asko lantzen dituzu, saltoka arituko naiz, atzera-aurrera…

Normala da, ipuin-bilduma bat da. Ez da ipuin-liburu bat, oso desberdina da. Hemen ardatz bat dago, eta da idazlea bat dela. Baina ipuinak oso diferenteak dira beren artean: pertsonaia ezberdinak, enfokea… Dibersoa da, askotarikoa. Gainera nik aldarrikatu egiten dut. Euskal Herrian ez hainbeste, hemengo sistema txikiagoa delako, eta ez dagoelako merkatuaren menpe. Baina, aldiz, Espainian, editoreek badute obsesio handiago bat ipuin-liburuak lotuagoak egoteko gaiaren aldetik, edo hari narratiboaren aldetik. Zailagoa da ipuin-liburu bat saltzea. Beraz, zenbat eta gehiago gerturatu nobelaren eredura, hobeto editorearentzat. Nik, ordea, pentsatzen dut ipuinaren eta ipuinlariaren berezko izaera eta lan egiteko modua hori dela. Istorio bakoitza bere aitarena eta amarena da, eta gero heltzen da momentu bat, non batzen dituzun. Horrek ez du esan nahi liburuari ez diozunik garrantzirik eman behar. Ipuinek irabazi egin behar dute bata bestearen ondoren, eta arkitektura lan bat eskatzen du.

Arkitektura horren inguruan, badira lotura batzuk ipuinetik ipuinera, erreferentziak-edo kateatu egiten direnak. Berriz ere, nahita ala nahigabe?

Bai, nahita izan da. Eta hor istorioen ordenak badu garrantzia. Oihartzunak daude, baina ez dute pistarik ematen, ez dira raccord funtzioa betetzen ari. Izenekin, agian, aldaketaren bat egin behar izan dut asko errepikatzen zirelako edo. Bestetan utzi egin ditut, ez dutelako trabarik egiten. Erreferentzia batzuk generazionalak dira, mugarri-kronologiko gisa funtzionatzen dutenak, adina edo istorioaren pasarte batzuk kokatzen laguntzen dutenak. Tresna bat izan dira azalpen handirik eman gabe, irakurleak ulertu dezan gutxi gorabehera non dauden, zer testuingurutan mugitzen diren, noiz...

Liburuak badu giro udatiarra, hainbat ipuinetako pertsonaiak oporretan kokatu dituzu. Hala suertatu al da, edo oharkabean gertatu da?

Kasualitatea izan dela uste dut. Liburu honetan lau urteko uzta bildu dut azkenean. Bai iruditzen zaidala azken urte hauetan udari lehen ematen ez nion garrantzia ematen diodala. Ez dakit, zahartzen ariko naiz, eta gero eta gogo handiagoz hartuko ditut oporrak. Gainera azken urteetan oporrak itsasotik gertu egin ditut, eta eragina izango du. Itsasoarekiko kontenplazioari garrantzia ematen ari naiz, lehen ez bezala.

Baina era berean, turismo-ereduarekin zorrotz.

Ez da lehen aldia, aurreko liburuetan ere landu izan dut. Agian forma argiagoarekin azaldu izan da, baina bai. Normala dela esango nuke, Euskal Herriko eta munduko ekonomiak hartu duen norabidea ikusi besterik ez dago. Garai turbo-kapitalista hauetan, beste sektore batzuk gainbeheran dauden garaiotan, ematen du salbazio taula dela, baina aldi berean, kondena bat. Bestalde, denok kontsumitzen dugun zerbait da, gure gizarte-ereduaren kontsumo kasik premiazkoena bihurtu da turismoa.

Azken lau urteetan zehar idatzi dituzu ipuinak. Nolakoa izan da prozesua? Liburua hasieratik al zenuen buruan?

Idazten hasten naizenean, salbu eta ez bada proiektu oso jakin bat dudala, ez nago liburu bat eraikitzen. Nik hala egiten dut, beste askok landuagoa izango dute gai jakin baten inguruan, edo pertsonaiak errepikatuz. Ni idazten joaten naiz, eta biltzen ditudanean nahiko ipuin, kalitate aldetik onak direnak, orduan hasten naiz eraikitzen. Oraingoan, azken urteetan idatzi ditudan ipuinetan, ohartu naiz bazegoela aukera gehiago luzatzeko. Ni eroso mugitu izan naiz hiru eta zortzi orrialde arteko ipuinekin, baina konturatu nintzen espazioa, arnas gehiago behar nuela nahi nituen istorio batzuk kontatzeko. Eta liburua osatzeko momentuan, horiei eman diet lehentasuna eta beste laburrago batzuk, edo sorpresa-efektua zutenak baztertu ditut. Behin eskema horren gainean ari zarela, agian bai, sortzen duzu ipuinen bat liburuan pentsatzen, baina ez da hala izan gehienetan.

Esan daiteke, beraz, aldaketa bat dagoela estilo aldetik.

Aldaketa dago baina ez dago aldaketarik. Niri iruditzen zait liburua oso ezberdina dela konparatuta aurrekoekin, beste batzuetan iruditzen zait gai nahiko antzekoetan jarraitzen dudala. Pentsatu nahi dut betiko gaien inguruan bai, baina abordatzeko modu berri batean ari naizela. Estiloa sotilagoa da, hizkuntzaren erabilera zehatzagoa lortu dudala uste dut, nolabait lortu dudala nire estiloa zehazten. Baina tira, horretarako epailerik okerrenak idazleak gara.

Gaurkotasunak badu lekurik ipuinetan. Mugimendu sozialista, ongietorriak…

Ez dira gai berri-berriak. Aspalditik daude hor eta agian batzuk orain egin dira ezagun jende askorentzat. Hala ere, ez diet gaurkotasunetik hozka egin. Nik normalean gauzei denbora bat uzten diet. Oraindik baditut buruan ipuinak duela 20 edo 25 urteko gauzen inguruan, baina ez dut aurkitu forma emateko modurik. Dekantazio prozesu nahiko luzekoa naiz. Esaterako, badaude pandemiaren zantzu batzuk lan honetan, baina garrantzi berezirik ez dute. Gai horren inguruan idatzi nezakeen, baina ez dut egin horren dekantazioa. Gai batzuei buruz fikzioa bizkorregi idatzi izan da.

Arma-industria, baliabideen agortzea, klima-larrialdia, eskola-segregazioa... Gai horien inguruko kezka agerikoa da idatzi dituzun istorioetan. Arduraz bizi dituzu?

Bai, jakina. Ni nator ingurune batetik, zeinetan gauza batzuk ziurtzat ematen baitziren, ongizate-estatua bezalakoak, adibidez. Ikusi dugu nola joan den eraikitzen, bere akats eta hutsune guztiekin, eta azken urteetan nola joan den desegiten. Eta hor datoz krisiak. Hori guztia filtratu egiten da. Are gehiago, zaila iruditzen zait ez filtratzea. Eta nahiz eta ez dudan literatura militantea egiten, bai egiten dudala literatura politikoa. Bakoitzak erabakitzen du zer gaiei heldu, eta normala da, beraz, nahi ez izatea. Ni naizen idazleak nekez egin diezaieke aurre gai horiei buruz ez idazteari. Eskola-segregazioari buruz, berriz, marko orokorrago batean kezkatzen nauela azpimarratu nahi nuke, eskola publikoaren eta eskola pribatuaren arteko lehiaren barruan, zeinetan lehenengoa partida galtzen ari den, gure agintarien onespenarekin, ongizate estatua edukiz hustutzeko ofentsiba neoliberalaren testuinguruan. Segregazioa, alde horretatik, prozesu zabalago horren albo-kalateetako bat litzateke.

Azken ipuinean, 'Ipuina adulterioa da' izenekoan, Elena pertsonaiak ipuingintzaz iritzi batzuk agertzen ditu. Nor mintzo zaigu tesi horien inguruan, Iban ala Elena?

Elena da hitz egiten duena. Gertatzen dena da Elenaren iritziak nire iritzien oso gertukoak direla, literaturari dagokionez.

Adibidez, ipuingintzaren jatorriaren inguruko bi talde nabarmentzen ditu ipuinak: produktu garaikide edo tradizional gisa planteatzen dute. Zeinetan kokatzen zara zu?

Ipuina, ezagutzen dugun produktu bezala, oso garaikidea da. Erroak, dudarik gabe, ipuin tradizionalean ditu, baina forma, logikoki, primordiala da. Ipuin modernoari, ni hazi naizen tradizio horri, aurki diezazkiokezu aitzindari asko. Baina zenbat eta atzerago joan, gero eta arrotzagoak egiten zaizkizu. Gaur egun ezagutzen dugun ipuin mota nobelaren hazkundearen erreakzioa da. Txekhov eta Poe izan daitezkeenak adierazle nagusi hor. Zuhaitz genealogiko horretatik edaten dut. Adar horien artetik, ni, printzipioz eta jatorriz, Poeren adarrekoa naiz, baina liburu honek beste adarrari geroz eta kasu gehiago egiten dio.

Ipuin horretan ere, elkarrizketa batean ipuingintzaren amaieraz eztabaidatzen dute, eta iritzi baten arabera ipuingintza modernoak iraungitze-data du jarrita. Hala uste duzu?

Bai, denak dauka iraungitze-data. Hala ere, uste dut nobela baino beranduago bukatuko dela. Ipuinak dituen sustraiengatik, iruditzen zait, izan ditzakeen bilakaera edo eboluzioekin, bizitza luzeagoa izango duela. Eta euskal panoramari begiratuta, uste dut hala izango dela. Hemen ateratzen diren liburuetan, adibidez, interesgarriagoak iruditzen zaizkit ipuinetan aritzen direnak.

Beraz, ipuina zergatik da engainu?

Azken ipuin hori izan da, azkenean, erabakigarria. Erreferentzia zuzen batzuk badira. Ipuina da, baina, aldi berean, ipuingintzari buruzko saiakera modukoa, edo, saiakera forman emandako ipuin bat. Eta ipuina kondentsatzeko orduan, traizioaren edo engainuaren tresneriak garrantzia handia du. Nobelan ez bezala, ipuinaren indarguneetako bat hori da, hain zuzen: nola egin diezaioke traizio irakurlearen espektatibei.