Familia zer den argi ez dagoenean
Metrokoadroka Sormen Laborategiak 'Zeozertan dabil baina ez dakit zertan' antzerki lana sortu du ezohiko komedia baten ikuspuntutik. Obrak familia adibide desberdinak hartzen ditu ardatz, gaur egun familia zer kontsideratzen dugun hausnartu araziz
Familiak era askotakoak izan daitezke gaur egun: tradizionalak edo nuklearrak, monoparentalak, homoparentalak, etab. Jende asko edo gutxi batu daiteke elkarbizitza batean. Baina ze lotura motak sortzen du familia bat? Metrokoadroka Sormen Laborategiak idatzitako Zeozertan dabil baina ez dakit zertan obrak galdera honen erantzuna bilatzen du, komedia ikuspuntu batetik eta ohiko antzerkiaz harago doan kontaketa mota batekin. Hiru pertsonaiek dituzten loturek sortutako istorio desberdinak plazaratzen dira taula gainean, momentu batzuetan collage bisual bat bilakatzen den lanean.
Metrokoadroka 2008an sortu zen eta diziplina artistiko desberdinetako sortzaileek eratutako kolektibo bat da. Jorratzen duten adarretako bat arte eszenikoa da. "Arlo honetan gai asko egin ditugu konpainia bezala, baina ez da horretara mugatzen sormen lana; badaukagu, adibidez, Ehuntze izeneko espazioa Oiartzunen eta bertan ikastaro desberdinak ematen ditugu arte plastikoetan eta beste hainbat kontutan", taldeko partaide eta antzezlaneko zuzendaria den Oier Guillanen hitzetan. Laborategi kultura sortu zutenetik lan asko ekoitzi dituzte arlo eszenikoan eta oraintxe bertan Zeozertan dabil baina ez dakit zertan obra antzezten dabiltza, nahiz eta beste hiru lan ere martxan izan. "Esan daiteke gure lanak nahiko era kolektiboan sortzen ditugula, prozesuari dagokionez. Baina egia da, urteen poderioz, partaide bakoitza bere arloan espezializatzen joan dela".
EZOHIKO OBRA
Aipatutako obrak, batez ere, familia eta familia eredu berriak ditu hizpide. Baina horri buruz mintzatzeko erabiltzen duten modua ez da ohikoa. Ez da orokorrean aurkezten den istorio narratibo bat. Guillanek azaltzen duenez "alde batetik, pixka bat telebistako sitcometako iruditeriarekin jokatzen dugu, elementu desberdinak hartuz eta beste terreno batera eramanez eta egituratuz". Eta, bestetik, "konpainiaren ezaugarria izan da askotan poesia bisuala edo irudietatik abiatzen den gorputz adierazpena edo kontatzeko modu bat". Hortaz, antzerki lanak bi ikuspuntuak uztartzen ditu. Performance edo taula gaineko lan berrietan, gaur egun, ohikoa izaten da modu ez narratiboan kontatzea gauzak. "Antzerki mota desberdinak daude, narratiboa da bat, baina badaude beste batzuk ere. Gu beste tradizio mota batzuetan kokatzen gara". Obra ez da sketch batuketa edo aho kontaera lineal bat; istorio asko gai baten inguruan batuta izango litzateke. Guillanek arte plastikoetan collage bat izango litzatekeenarekin konparatzen du antzerkia. “Irudi zatiak hartuta, itxura batean solte egon daitezkeenak, konposizio bat egiten duzunean, osotasun zentzu bat hartzen du zerbait espresatzeko asmo batekin. Guk gai baten inguruan material bat sortzen dugu, aktore eta zuzendarien artean, adierazi nahi dugun ideia horren collagea. Guztiari zentzu bat eman behar zaio, gero kanpotik konposizio horri begiratuz”.
Sitcom deituriko telesailak oso ohikoak izaten dira azken garaietan. Sitcom hitza ingeleseko Situation Comedy-tik dator eta kapitulu bakarrean hasi eta bukatzen diren komedia egoera laburrak izaten ditu ardatz. Askotan, espazio zehatz batean izaten dira, egongela bat adibidez; norbait sartzen da atetik eta hor dagoen jendeari zerbait gertatzen zaio. Metrokoadrokak sorturiko lanak elementu horiekin jolasten du bere narrazioan. "Guk hori hartu eta errepresentatu dugu. Baina gero, etengabe espazio naturalista hori espazio poetiko bat bilakatzen da: aktoreek eraldatu egiten dute espazioa, egongela horretatik transitatzen dute. Beste dimentsio poetiko edo bisualago bat espresatzen da", Marina Suarezekin batera zuzendaria den Guillanentzat. Honen guztiaren emaitza orain arte eskainitako funtzioetan jendeak obrarekin ondo pasatu izana da, "barre asko egiten dute".
KONFINAMENDUA INSPIRAZIO
Covid garaia bera inspirazio iturri izan da lanarentzat, gehienbat konfinamenduak sortutako egoeretatik. "Pandemia garaian asko egon gara etxean sartuta, sitcom surrealista asko gertatu izango zen etxe barruetan eta, gainera, geneukan sentsazioa zen jende guztia zerbaitetan zebilela, baina ez genekiela zertan". Ideia hauetatik tiraka, bizi genuen egoera hartan nukleo familiar bat definitu behar izan zen kasu askotaneta hor, "gure buruari galdetu genion: zergatik nago pertsona hauekin? Norekin nago etxean sartuta? Zer da familia bat, hortaz? Lagun talde bat iritsi daiteke familia izatera?". Deskonexio sentsazio horiek guztiak ardatz izanez hasi ziren pentsatzen zer den familia bat, "zerk asetzen dituen gure afektu inkondizionalak. Ideia horietatik abiatuta joan ginen zer batzen gaituen aztertzera".
Orain arte antzerki taldeak jende aurreko hiru proba egin ditu: Arte Eszenikoen Jaialdian, Bilboko Bat Jaialdian eta Pasaiako umore antzerki azokan. Publikoaren oniritzia izan dute eta komediak funtzionatzen duela dirudi. Azarora begira estreinaldi ofiziala egingo dute Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan eta horrekin batera jende aurreko beste proba bat ere Usurbilen. Aurrerago, lotuta dituzte Lesaka, Oiartzun eta Errenterian eskainiko dituzten emanaldiak.