Musika ez da entzuteko zerbait bakarrik; bizitzeko zerbait ere bada. Eta, entsegu areto batean 100 ahots musikari profesionalekin elkartzen direnean, soinu kolektibo bat sortzen hasten da: arnasa bera partekatzen duen komunitate baten soinua. Hori da Abestu Euskadiko Orkestrarekin ekimenaren muina: musika jendearengana hurbiltzea, amateur ahotsak eta musikari profesionalak momentu berean elkartuz.

Izan ere, musika klasikoa publiko zabalagoarengana hurbiltzeko asmoz, Euskadiko Orkestrak parte-hartzean oinarritutako ekimen berezia jarri du martxan, bigarren urtez: Abestu Euskadiko Orkestrarekin. Proiektuari esker, 132 abeslari amateurrek orkestrarekin kantatzeko aukera dute, kontzertu sinfoniko baten barruan.

Ekimena Europako proiektu zabalago baten parte da, Mikel Cañada Euskadiko Orkestraren Musika Gelaren koordinatzaileak azaldu duenez: artea gizarteratzeko helburua duen Artis+ egitasmo europarraren barruan kokatzen da. Bere esanetan, proiektuaren funtsa “musikaz elkarrekin gozatzeko espazio bat sortzea” da, orkestra profesionala lagun dutela koro batean kantatzeko aukera eskaintzen baitie herritarrei, “eskakizun tekniko handirik gabe, esperientziaz gozatzea helburu izanda”.

Ekimena martxan jarri zenean, antolatzaileek interes handia sumatu zuten. Eta, aurtengo deialdian ere 600 lagunek izena eman zuten, baina tokia 132 ahotsetara mugatuta zegoen. Hala, parte-hartzaileak zozketa bidez aukeratu dituzte.

Taldeko kide askorentzat, proiektu hau musikarekin berriro konektatzeko aukera bihurtu da. Hori da, esaterako, Cruz Noguera tenorraren kasua. Gaztetatik kantatu izan du, eta eskaintza ikusi zuenean berriro piztu zitzaion barruko jakin-mina. “Bizitzako egoerek musika alde batera uztera eraman ninduten, baina aukera hau bereziki baliotsua da niretzako”, azaldu du.

Beste irudi batean, abesbatza. Euskadiko orkestra

Lorea Solana, 26 urteko kontralto bizkaitarra ere, kasualitatez iritsi zen proiektura. Musika eta kantua beti gustatu izan zaizkio, eta deialdiak arreta deitu zionez, izena eman zuen, “esperantza handirik gabe”. Txikitatik izan du musikarekin harremana, eta entseguen giroa “oso ona” nabarmendu du: “Entseguak arinak dira, eta gidaritza ona daukagu”. Orkestrarekin kantatzea, gainera, “bereziki hunkigarria” dela dio: “Sekula ez nuen pentsatuko orkestra sinfoniko batekin abestuko nuenik, eta esperientzia hori bizitzea oso berezia da”.

HIRU OBRA, HIRU ESTILO

Kontzertuetan hiru obra interpretatuko dituzte: Pablo Sorozabalen Euskalerria, Georges Bizeten Carmen operako Martxa eta korua eta Antonio Vivaldiren Gloria. Errepertorioa aukeratzea ez dela lan erraza azaldu du Cañadak. “Normalean bi obra antolatzaileek aukeratzen dituzte, eta hirugarrena parte-hartzaileek eurek. Beti saiatzen gara euskarazko pieza bat eta opera generoko beste bat sartzen. Hirugarren obra, berriz, abeslariek eurek hautatu dute”. Genero desberdinen arteko kontrasteak aberastasun artistikoa ematen diola programari uste du Cañadak: “Opera kantatzea, edo Vivaldi interpretatzea, oso esperientzia desberdinak dira”.

Errepertorioak “emozio bereziak” pizten dizkio Noguerari, piezetako bat lehenago abestua baitu, eta euskaraz kantatzea “oso esanguratsua” baita berarentzat. “Piezek erronka handiak dituzte. Carmen operaren pasartea konplexua da; Euskalerria, berriz, poetikoagoa eta lasaiagoa, beste interpretazio mota bat eskatzen duena”. Kontraste horrek, bere ustez, asko aberasten du esperientzia.

Easo abesbatzarekin batera aritzeak segurtasuna ematen dio Solanari, baina erantzukizuna ere sentitzen du, Euskalduna bezalako areto batean kantatzea ohorea dela baitio. Esperientzia, bere hitzetan, “oso aberasgarria” da: “Profesional askorengandik ikasteko aukera ematen du, eta aldi berean norberari erakusten dio erronka bati aurre egiteko gai dela”

BELDURRETIK, KONFIANTZARA

Orkestra eta koroaren arteko sinkronia lortzea erronka handia da, baina lortzen dute. Cañadak uste du, proiektu mota hauetan, prozesua bera izaten dela ederrena, baina kasu honetan “emai-tza artistikoa ere bikaina” izango dela sinesten du.

Gainera, ekimenak beste helburu bat ere badu: musika klasikoa publiko berriengana hurbiltzea. Izan ere, abeslarien lagunak eta familiak kontzertuetara joango dira, eta askorentzat Euskadiko Orkestrarekin izango den lehen harremana izango da. Izan ere, atzotik hilaren 18ra bitarte eskainiko dituzten kon-tzertu hauek Euskadiko Orkestraren zortzigarren programa sinfonikoan kokatzen dira: “Ez da ezohiko zerbait. Beste edozein kon-tzertu bezalakoa izango da, abonu kontzertua, non jendeak kalitatezko kontzertu bat entzuteko bere sarrera ordainduko duen, eta kasu honetan musikari profesionalen eta ez profesionalen batura ikusiko duen”. Izan ere, hiru pieza horien ostean, kontzertu sinfonikoak aurrera egingo du, txelo eta orkestrarako emanaldiagaz.

Baina, horrez gain, Euskadiko Orkestrarentzat ez da ekimen isolatua. Kantu korala sustatzeko estrategiaren parte ere bada: “Helburua da haur, gazte eta helduen artean kantua bultzatzea, eta batez ere belaunaldi arteko erreleboa indartzea. Beharrezkoa da gazte gehiago erakartzea. Eta, horretarako, proiektu erakargarriak sortzea funtsezkoa da”. Azken batean, Cañadaren hitzetan, kantatzea ez da soilik jarduera artistiko bat: bizitzaz goza-tzeko modu bat ere bada.