Ostirala da, arratsaldeko lauak eta hortaz lanetik alde egiteko unea. Bazen garaia. Ateri dago beste behin eta zerua oskarbi, baina gaur ere ez dugu zeru urdinaren arrastorik ikusten. Aspaldi ez duela euririk egin eta ondorioz, aire kutsatuaren txapel grisak hiria estaltzen du. Kirola egiteari utzi nion duela aste batzuk, ziur bainago aire zikin honekin hobe dela osasunarentzat sofan etzanda egotea korrika saio bat egitea baino. Hala ere, aurrera eta atzera bizikletan mugitzen jarraitzen dut. Burugogor halakoa, nire bizio honek hilobira eramango nau. Hobe nuke zigarroak erretzeari ekitea eta metroa erabiltzen hastea. Ufa, metroa, hori ere, a ze nagia. Beno, nire ohitura kaltegarriarekin tematuko naiz.

Ai Santiago, Santiago... zenbat kontraste, zenbat mundu barne biltzen dituzun zure baitan. Ilusioz beterik etorri nintzen sei hileko praktikaldi bat egitera eta dagoeneko igarotako hilabeteetan maitasuna eta gorrotoa piztu dituzu nigan. Pasa den hileko zaparradak borborka jarri zuen nire bihotza, ekialderantz begiratzean lehen aldiz zeru urdina eta Andeen mendikatea ikusteko aukera izan nuenean. Hori gutxi balitz, mendilerroa adi aztertzen hasi eta zer da zuriune hori, zer da mendi puntako distira hori, ez da posible, baina nola liteke hiri erdialdetik ikustea? Glaziar bat! Glaziar bat ikusten dut Santiago hiri erraldoiaren erdigunetik! Maite dut hiri hau.

Bulegotik irtetean beti harritzen nau gurutzatu behar dudan parkeko belar berdeak, golf zelai bat dirudi ur eske erreguka dauden mendi idorrez inguratua. Nabari da Vitacuran nagoela, Santiagoko komuna edo udalerri cuico-etako batean hemen dioten bezala, pijoa, txin-txin diruaren hotsa abesten duenetako bat. Santiagoko Neguri edo Mirakontxa. Komuna hau herrialde bat balitz, Norvegiaren pareko Giza Garapenaren Indizea izango luke. Santiago hego mendebalderantz jotzen badugu aldiz, San Ramon bezalako komunak topa di-tzakegu, Sri Lankaren parean dabiltzanak indize horretan.

Bicentenario parkeko zelai berdeak bidegorritik gurutzatzean, Europako hiri zaindu bateko parke batean nagoela dirudi, siesta botatzeko aulki erosoz josita, eskulturak, kirola egiteko azpiegiturak, iturriak eta halakoak. Zeinen inozentea izan nintzen hemen igaro nuen lehen egunean Santiago osoa horrelakoa zela pentsatu nuenean, kar-kar. Parkea bukatu da, bidegorria desagertu eta autoz beteriko bost erraileko errepidean egin behar dut aurrera. Baina, ze arraio! Huevon, conxetumare, ez al nauzu ikusi edo ze kristo! Gorroto dut hiri hau.

Hara, Ameriketako Estatu Batuetako enbaxada. Hain oharkabean igaro-tzen den arrosa-koloreko eraikin apal honek zenbateraino baldintzatu duen herrialde honetako bizitza, eta baita ingurukoena ere. Ai, Augusto, Augusto Pinochet. Nola zuen bigarrena…a bai, Augusto Pinochet Ugarte. Eta bere emaztea, Lucia Hiriart. Kontxo, zenbat abizen euskaldun. Hasieran, Txilera iritsi berri, beti azpimarratzen nuen nire jatorria -No, no, yo soy vasco, euskalduna. Denbora aurrera joan ahala, herrialdearen historia eta idiosinkrasia pixka bat ulertzen joan naizen heinean, gero eta gutxiago zehazten dut jatorria. Ezkutatu ez, baina neurrian eta unearen arabera egokitua. Santiagoko komuna aberatsetan abizen batzuk asko errepikatzen omen dira, Txileko azken mendeetako historian boterean egon diren familia leinuekin lotura dutenak, eta errepikatuenetan errepikatuenak jatorri euskaldunekoak dira, Errazuriz, Irarrazabal, Larrain eta Undurraga, besteak beste. Euskal abizenak botere ekonomikoa eta goi mailako klasearekin daude lotuak. Jatorriarekiko sentimendu kontrajarriak ditut.

Bidegorri zati bat bat-batean. Nabari da oraindik Santiagoko ekialdean nagoela. Lepoa gora. Sanhattan. Santiago eta Manhattan izenen originaltasun falta handiko nahastea. Beirazko dorreak. Costanera center, Hego Amerikako eraikinik garaiena ia 300 metrorekin. Inoiz erregistratu den lurrikararik bortitzena jo zuen herrialdean. Ideia aparta. Eta gure etxea non eta justu pare-parean. Ideia are hobea. Lurraren hurrengo dardaran dorrera begira jarriko gara, bolatokian txirlo bat egurrezko bolari begira egoten den etsipen keinu berarekin. 

Atariko txirrin madarikatua ez dabil oraindik. Hor aurreko plazatxotik deituko diot, eliza dagoen plazatik. -Zer, bazatoz? Azkar edo autobusa galduko dugu! Sinestuna ez banaiz ere, beti izan dut gustuko elizetan kuxkuxeatzea, arkitekturagatik bada ere. Karmengo Ama Birjinaren omenezko katedral Castrensea da, Txileko indar armatu eta poliziei elizkizunak eskaintzeko berariazko lekua. Zer konfesatu izango dute. Ez da kasualitatea bertan hasten den kaleak (Nueva Providencia izenez ezaguna dena 2013tik hona) 11 de Septiembre izena izana aurrez, Pinochetek estatu kolpea emateko aukeratu zuen eguna. Eliza, militarrak, boterea, euskaldunak, estatubatuarrak… Arnasketa sakon garbi baten beharra dut, baina horretarako Santiagotik atera behar naiz eta autobus geltokia tokitan dugu oraindik!