Urte sasoi hau zine garaikurren garaia izaten da. Goya sariak izan ziren duela gutxi eta Oscar sariak laster ospatuko dira. Bertan zinemaren alde distiratsu eta arrakastatsuena ikusteko aukera izaten da. Baina maila horretara iristeko lehendabizi behetik hasi behar da. Pauso txikiak emanez, egunen baten produkzio handien parera heldu arte. Bide horren hastapenetan dagoen sortzaileetariko bat Iulen Arana da. Iaz sortu zuen bere lehen laburmetraia, Koadro goriari heldu eta orain, Laburbira euskarazko film laburren zirkuitu ibiltariari esker, ikusgai izango da herri desberdinetan zehar. Bere lehen lanean zahar-etxe batean dagoen emakume baten eta bere zaintzailearen artean sortzen den erlazioa kontatu du.

Sorkuntza lan askotan gertatzen den bezala, lagun arteko jolas bat bezala hasi zena, poliki-poliki Aranak bere ogibide bihurtu du. “Lan talde potente batekin hau izan da lehenengo lana. Lehenago koadrilarekin edo arrebarekin lan egiten nuen, aktorea baita. Baina guztia ikasteko nahi batekin”, zuzendari hasiberriaren hitzetan. Ikasketa prozesu horretan sakontzeko Donostiako Larrotxenea Kultur Etxean ematen diren zinemagintza kurtso batean aurkeztu zuen bere burua. “Zuzendaritza ikastaro bat egin nuen bertan Pablo Maloren eskutik. Malok Goya bat irabazia zuen zuzendari berrien kategorian eta bera da irakaslea”, kontatu du Aranak. Bertan beste kurtso batzuk ere badaude, gidoigintzarena adibidez, Andoni de Carlosen eskutik, beste Goya sari irabazle bat. Azken honen ikasleek gidoiak idazten dituzte eta ondoren zuzendaritza kurtsokoei aurkezten dizkiete. “Ni han nintzen, gidoi bat aukeratu behar genuen eta honekin geratu ginen”.

‘Koadro goriari heldu’ film laburraren kartela.

‘Koadro goriari heldu’ film laburraren kartela.

Zaharegoitzan girotua

“Covid garaian geunden hartan, asko hitz egiten zen zaharren egoitzen inguruan, pertsonalki zerbait hurbilekoa zen niretzat eta erlazio hori gustatu zitzaigun kurtsokooi. Gero pixka bat berridatzi edo zehaztasun gehiago gehitu genizkion”. Paperean idatzita zegoena gorpuzten joan zen irudi bihurtuz. Zuzendariak laburbiltzen duenez, “filmaren pertsonaia nagusia egoitza batean dagoen emakume zahar bat da. Berak berarentzat garrantzitsua den ume bat agertzen den koadro bat dauka. Ikuslea beraien arteko erlazio hori zein den deskubritzen doa. Egoitzako zaindari bat berarengana hurbiltzen da eta emakume honi zer gertatzen zaion jakiten saiatzen da”. Orain ikusleak dauka aukera misterio txiki horren esanahi zein den jakin nahi badu. 

Opera prima

Iulen Aranaren opera prima bezala kontsidera daiteke Koadro goriari heldu. Bertan Itziar Aizpuru izan du aktore lanetan eta zine sortzaileak dioenaren arabera oso lagungarri suertatu zaio esperientziadun aktorea kamera aurrean izatea. “Asko lagundu dit. Bai entseguetan eta bai gero errodajean; dena errazagoa egiten du. Berak badaki zer egin, ez diozu gauza asko esan behar, nahiz eta pertsonaia nolakoa nahi duzun zehaztu behar diozun”. Kontuan hartu behar da laburmetraiek duten alde on bat dela ikusteko errazak izaten direla, baina irauten duten 10-15 minutu horietan zaila izaten da pertsonaiak asko garatzea. Horregatik aktoreen garrantzia lan hauetan. Aranaren motibaziorik handiena kamera atzean jartzen denean, “istorioak kontatzea eta ikusleari errealitatearen ikuspuntu bat erakustea da, emozioak sentiaraztea… azken finean istorioak kontatzea. Ezohiko ikuspuntuak bilatzea da helburua”.

Gelditu gabe

Egun, bere bigarren lana garatzen ari da zine zuzendari gaztea. Hurrengo hilabetean grabaketa prozesuarekin hastekoak dira eta ekainean aurkeztu ahal izateko esperantza dauka. “Proiektu berri honetan gai desberdin bat jorratzen dugu. Hala ere, Itziar Aizpuru aktoreak gurekin errepikatzen du. Izugarrizko zortea izan zen lehen laburmetraian bera sartzea. Pozik geratu zen egindako lanarekin eta orain errepikatu egingo du”, azaldu du Aranak. Hasiberria duen sorkuntzaren bidean, esperientziaz gain, bere zine ezagutzak ere gorantz egin du. “Lasaitasun handiagoa lortu dut behin medioa ezagututa, hobeto pentsatzen duzu dena, bai planoak, bai pertsonaiak, etab. Kasu honetan, gainera, nik idatzi dut gidoia eta ezberdina da zuk idatzitako ideia bat zuzentzea”.

Gaur egun, bideo laburren kontsumoa handitu egin da gainera, sare sozialek hartu duten indarrari esker. Pantailan ikusten ditugun bideoak ez dira minutu batzuez haratago luzatzen, baina hala ere, laburmetraien mundua oraindik zinearen alde baztertuenetakoa da. Kontuan hartu behar da, gainera, zinemagile berriak deskubritzeko erarik onena dela. Iulen Aranak azaltzen duen bezala: “zaila da eta pena ematen dit laburmetraiena oso gaur egungo formatua delako. Orain ohituta gaude istorio laburrei, sare sozialen bidez, horrelako materialak kontsumituz. Gainera oso istorio politak ikusten dira festibal desberdinetan, baina gutxi daude. Plataformetan ia ez dute lekurik, baina oso interesgarria da. Aukera ematen digu ere ikasten ari garenontzat gure ideiak edo zinema egiteko modua erakusteko”. 

Horrenbestez, Aranaren lehen lana ezagutu nahi duenak eta, gainera, beste sortzaile berri batzuk deskubritu nahi duenak Laburbirak eskaintzen duen aukera aprobetxatzea besterik ez dauka.