Nahia Sillero (Bilbo, 2000) aktorea eta dramaturgoa da. 2022an Arte Dramatikoko ikasketak bukatu zituen Dantzertin (ESADD). Bere formazioa antzerkira bideratuta egon arren, telebistan lan egiteko aukera izan du Sillerok, ETB1-eko ‘Irabazi Arte’ telesailean aritu da Noraren paperean. Egun, Antzerki Kultura Eskola programaren barruan dabil lanean eta EITB Podkast + Spotify-ren ‘Irabazi Arte’ saioa aurkezten du. Iragan martxoan, bere lehen liburua argitaratu zuen Sillerok, ‘Lo que hablamos del amor’ eguneroko-dramatizatua.

Nahia Silleroren kultur gomendioak

Abesti bat: Olaia Inziarteren ‘Behe klasekoa’. Zeid Festen deskubritu nuen eta geroztik bere diskoa behin eta berriz entzuten nabil.

Talde bat: ETS esango nuke momentu honetan. Zetak ere asko gustatzen zait. 

Film bat: ‘20.000 especies de abejas’, Esti Urresolak zuzendua. Zineman ikusi dudan azkena izan da, negarrari eutsi ezin. Aktore guztien interpretazioak bikainak direla uste dut, Patricia Lopez Arnaizena azpimarratuko nuke bere begiek transmititzen duten zintzotasunagatik. 

Telesail bat: ‘Foodie Love’, Isabel Coixetek zuzendua. Gidoiak dira niretzako telesailaren hoberena, baina Laia Costaren lana ez da atzean gelditzen. Telesail ezberdina da eta asko gomendatzen dut beti. 

Antzezlan bat: Pascal Ramberten testu guztiak ditut gustuko, baina euskarazko bertsioa azpimarratzearren, ‘Maitasunaren Itxiera’ esango nuke. Kalitatezko euskal testuak eta bertsioak egin daitezkeela erakusten du.

Liburu bat: ‘Juntos nada más’ (Anna Gavalda). Maitasunezkoa dirudien arren, ez du batere zerikusirik tematika horrekin. Pertsonaien sakontasunak eta elkarrizketen dramatismoak asko hunkitu ninduen. Gogorra baina beharrezkoa dela uste dut.

Kultur espazio bat: Tabakalerako 2DEO laborategia, beraiekin kolaboratzen egon nintzelako 70SSIFFean eta sormenerako laguntza pila bat dituztelako.