ETORKIZUNERA begira egotea bezain garrantzitsua da atzera begira jartzea, eta bide hori egin dutenen pausoetara erreparatzea. Hori oinarri hartuta, Jarraitu zinearen lorratza leloarekin bat egiten ari dira zinemazale, zinemagile eta herritarrak Lekeitioko 46. Euskal Zine Bileran. Ostegunean hasi eta bihar artean, atzera begiratu dute, bide berriak zabaltzeko.

Edizio honetan, jaialdiak ondare gisa duen balioa goraipatu nahi du Euskal Zine Bilerak. Hala, bide luzean emandako pausoak mahai gainean jartzen ari dira, eta helburu hori jarraiki Ane Gabarainek eta Elena Iruretak jasoko dute gaur Euskal Zinemaren Begirada Saria. “Beraien ibilbidearekiko aitortza da saria, euskarazko ikus-entzunezkoetan bide bat zabaltzearren, zinema hori nazioartera eramatearren eta euskaraz egindako zinema eta telebista normalizatzearren”, azaldu du Xabier Arrate jaialdiaren koordina-tzaileak. Euskal Zine Bilera euskara hutsean egiten den jaialdirik zaharrena da, eta “topagune” bilakatu da: “Bilera bat da gurea. Herri ekimen modura jaio zen, baina Euskal Herriaren ondare bilakatu da”. 

Beste urte batez, Sail Ofizialeko Lehiaketa izango da bileraren “biho-tza”. Hemeretzi filmek parte hartuko dute Urrezko Antzarra irabazteko lehian, eta denetariko lanak aurkeztu dituzte: dokumentalak, animazioak zein fikzioak. Guzti horien artean erabakiko dituzte zeintzuk diren film, zuzendaritza eta gidoi onenak. Ikuslen saria eta Gazte 22 saria ere banatuko dituzte.

Euskal Zine Bilerak artearen esparru ezberdinetara zabaldu nahi ditu bere mugak, eta garaikurra berritu du horretarako: Sahatsa Jauregi artistak egin du berria, eta hiru urtetik behin euskal artista batek hartuko du garaikurra diseinatzeko enkargua. 

Espazio anitza 

Jaialdiaren bihotza lehiaketa bada ere, sorkuntza bultza-tzeko beste hainbat espazio ditu bilerak, eta espazio horiek partekatu egiten ditu. Aurten, Pantaila Irekian Gasteizko Artium Museoarekin egingo dute. “Artiumek zinemarekin lotutako hainbat obra ditu gordailuan, eta euskal sor-tzaileekin lanketa bereziak egiten ditu”, dio Arratek. Hala, Zine Elkarrizketen egitasmoaren bidez, euskal emakumezko sortzaileak ezagutuko dituzte ikusleek. 

Horrez gain, Zoom atalak aurten bi aurpegi erakutsiko ditu. Alde batetik, Esti Urresola sortzailea ezagutzeko aukera eskainiko du, eta, bestetik, Esperimentazio Gunea eraiki du. Arropaineko Arraguak Klixka programa jarri du martxan, eta Lekeitioko ikasleekin sortuta lanak ikusi ahalko dira bertan. 

Aldatu ez dena Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean egiten den Kameratoia da. 18 eta 26 urte bitarteko gazteek 36 ordu besterik ez dituzte izango film bat sortzeko eta aurkezteko, eta, ostean, soinu masterclassa izango dute Asier Renteria soinu ekoizlearekin.

Urriak 21, gaur

12:00. Ikusgarri zine aretoan, sail ofizialeko filmen proiekzioa: ‘Pelikula baten bila’ (Lara Izagirre), ‘Positive Bomb’ (Manex Fuchs), ‘Emakumeak Blai’ (Ane Zulaika), ‘Bide bazterrean hi eta ni kantari’ (Peru Galbete), ‘Sorbeltza’ (Iban del Campo).

Lehiaketaz kanpo: ‘Nire amaren etxea’ (Ane Berriotxoa).

12:00-14:00 eta 17:00-19:00. Klixka esperimentazio gunea Eskolape aretoan. 

17:30. ‘Andrezaharraren Manifestua’ (Lur Olaizola) Azkue aretoan.

19:30. Sari banaketa Ikusgarrin. 

22:15. Silitia taldearen kontzertua Silken Hotelean.