Patxi Zubizarreta Dorronsoro euskal idazle ezaguna da. Ordizian jaio zen (Gipuzkoa, 1964), baina egun, Gasteizen bizi da, alegia, Euskal Filologia ikasketak amaitu zituen hirian. Helduen Literaturan eta itzulpengintzan lan asko egindakoa da, baina baita Haur eta Gazte Literaturaren arloan ere. Bibliografia luzea osatu du urte hauetan guztietan eta Loak ezkutatzen duena du azken narratiba lana. Sariek ez dute bat idazle egiten, baina egiten diote bere lanari halako aitortza bat, eta Zubizarretaren argitalpen askok jaso dute jendearen esker ona.

Tradizioa Urrezko giltza liburu-diskoan ageri da, IBBYren Ohorezko Zerrendan goraipatua izan zena; baita Atxiki sekretua sorginei buruzko liburuan ere, edo Paularen zazpi gauak ipuinean, White Ravens Ohorezko zerrendan sartu zutena. Bidaiak eta migrazioak ere itzulitako eta saritutako lanetan islatzen dira, hala nola, Xia Tenzinen bidaia miresgarria eta Korri, Kuru, korri! - biek jaso zituzten Ala Delta saria eta Haur Literaturako Euskadi saria, eta laster Dibulitoon ekoiztetxeak animaziozko film bihurtuko du azken narrazio hori -. Prisma hori modu poetikoan ere islatu zuen Usoa, hegan etorritako neskatoa liburuan, ingelesera, frantsesera, alemanera, eslovenierara eta polonierara itzulitako lanean. Le Petit Prince ~ Printze Txikiaren itzulpena IBBYren Ohorezko Zerrendan dago, baita Ibrahim Jauna eta Koranaren loreak lanaren itzulpena ere; bi lan horiengatik, egileari LIJen itzulpen onenaren Vitoria-Gasteiz Saria eman zioten.

Patxi Zubizarretaren kultur gomendioak

Abesti bat: Antton Valverderen Ametsetariak, Jon Miranderen letrarekin.

Musika talde bat: Maria Schneider Orchestra.

Liburu bat: Maddi Ariztiaren Amattoren uzta. 

Idazle bat: Ekialdeko literaturaren bi ahots aipatuko nituzke: Naguib Mahfuz egiptoarra eta Fatima Mernissi marokoarra.  

Antzezlan bat: Herbert Moroteren El guía del Hermitage, Federico Luppi aktorearekin.  

Film bat: Kim Ki-duk zuzendari hego korearraren Udaberria, uda, udazkena, negua filma (Bom yeoreum gaeul gyeoul geurigo bom).

Kultur espazio bat: Bilboko Bidebarrieta liburutegia.