Estugune bat ozeanoan (I)
Itsaso eta ozeanoetan, alde batetik bestera joateko hamaika bide daudela dirudien arren, bide gehienak puntu konkretu batzuetatik igarotzen dira. Horietako bat da Malakako itsasartea, kulturen topagune eta korapiloa izan dena mendez mende
Arte Ederretako ikasketak egin zituen Oier Iruretagoienak, (Errenteria, 1988) baina unibertsitateko lizentziatura amaitu baino lehen eman zion hasiera bere artista ibilbideari. Nerabea zela hasi zen “oso modu aktiboan” lanak sortzen eta erakusten: “Beti izan dut musikarekiko, artearekiko edo horien inguruko beste diziplina batzuekiko interesa eta erakarpena, eta topatu izan ditudan testuinguruek markatu dute diziplina batean edo bestean gutxiago edo gehiago inplikatu izana”. Hala, ibilbide luzea du artistak. Hainbat arte erakusketa eskain-tzeaz gain, soinua, testua eta musika esperimentala landu baititu.
Mendietako larreetan ibiltzeak, aske sentiarazten nau. Izan Urbia, Urbasako zelaiak edo Okabe mendi tontor inguruetako larreak, pottoka bat bezain libre sentitzen naiz. Belaze zabal hauek, hona edo hara joateko aukera ematen dutenak, badituzte hala ere beraien estuguneak, batzuetan ia oharkabean igarotzen direnak. Harkaitz malkar batzuk, simaren bat edo oteaz beteriko inguru trinko bat nahikoa izan daiteke, mugimendu askea bermatzen zuen zelaiak izaki guztiak leku beretik igarotzera behartzeko. Lau hanketako izakiak ala bikoak izan, denak leku beretik pasatzen, denak bide bera urra-tzen. Eta horrela, zelai zabala, garaiaren arabera berdea edo horizka dena, lerro marroi batez markatua geratzen da.
Bada, ozeanoek, euren handitasunean, euren zabaltasunean, antzeko estuguneak izaten dituzte. Luze eta zabal amaigabeak diruditenak, leku zehatz batera behartzen ditu bertatik dabiltzan guztiak. Estugune horietako batera iritsi gara orain, eta ez nolanahikoa, gainera. Merkatari-tzaren historian igarobide garrantzitsuenetako bat izan zenaz, eta oraindik hala denaz, ari naiz: Malakako itsasartea.
Itsasarteari izena ematen dion hiriko autobus geltokian lau arnasaldi sakon hartu behar izan ditugu autobuseko aire girotu hotz eta lehorretik kaleko bero heze eta astunera igarotzeko. Gorputza istant batean izerditan jartzeko duen gaitasunaz harrituta, oinez joan gara hiriaren, eskualdearen eta itsasartearen izen bera duen ibaiaren ertzetik.
Bob Marley jamaikarraren Buffalo soldiers abesti ezagunari erreferentzia egiten dion backpackers ostatu batean bota dugu gure motxila pisutsua. Indarberritzeko asmoz, eta Bob-ek emakumeari negar egin ez dezala eskatzen dion bitartean, ostatuko faunari so egon gara hamaika bizkarrez moldatutako sofa baxuan: Terra incognita-ra bidaiatzera doala dirudien kaki kolorez jantziriko gaztea, telefono edo ordenagailu eramangarritik burua apenas altxatzen duena, zaharra naizenean halakoa izan nahi dut pentsamendua pizten didan espiritu gazteko erretiratu patxadatsua, atseden baimenean dagoen herrialde arbuiagarriko soldadu gogaikarria, eta azkenik, beti, beti agertu ohi den galdu aurpegia duen turista japoniarra.
Lehen aldia. Lehen aldia bezalakorik ez da. Ezagutzen ez duzun, baina txoko interesgarriz beterik dagoela dakizun hiri bat bisitatzera zoazen lehen aldia, lehen paseoa. Maparik gabe, norabiderik gabe, helburu zehatzik gabe, datorrena datorrela. Aurrerago egongo da tartea mapa bati jarraituz bisitatu beharrekoak omen dira leku haietara joateko, baina lehen pauso zehaztugabeetan irrika da sentimendu nagusia, ume batek Olentzerok ea zer ekarri dion ikusteko asmoz egongelara sartzen den unean bezala. Agian gero ez da nahi zenuena, espero zenuena, baina emozio hozkada hori hor geratzen da.
Bide erdian egotearen garrantzia Santiagoko bidea edo autobide bat mutur aurretik igarotzen dion baserri batean bezala, nahi edo ez nahi, beti izango du jendea aurrera eta atzera muturren parean. Malakaren kasua halakoa izan da, mundua globala izateari ekin zionetik. XVI. mendean Lisboako noble batek piperbeltz hautsa nahi zuela bere bakailao platera gustagarriagoa egiteko? Malakatik igaro behar zuen bere gutizia. XIX. mendean Amsterdameko merkatari batek intxaur muskatu apur bat nahi zuela bere errezeta mokofina ondo gauzatzeko? Malakatik pasako zen itsasontzi handi bat bere enkarguarekin. Txinatar batek Indiako kanela gustuko zuela bere infusioaren aroma borobiltzeko? Malakan zehar nabarituko zen bere usain bereizgarria. Eta horrela bostehun urtez.
Malaka plater bat balitz, hauxe litzateke berau prestatzeko errezeta: sultanerri oinarri baten gainean, jarri 130 urte portugaldar inperio, ia 200 urte Herbeheretar inperio, 125 bat urte Britaniar inperio, Japoniar okupazio ale batzuk, eta, amaitzeko, eman ukitu bat independentzia geruza fin batez. Ez ahaztu txinatar eta indiar espeziak oparo botatzeaz. On egin.
Arkitektura aldakorreko kaleetan barna pasea-tzen ari garela, osagai guzti hauek elkarrekin mantentzea zeinen zaila izan daitekeen pentsa-tzen jarri gara. Denak estu lotu indarrez, ala trikimailu argi eta ilunak eginaz denak limurtu eta bateratu? Zerutik etorritako erantzun gisa Gan Boon Leong gizasemearen eskultura agertu zaigu parez-pare. Urre koloreko gihar puztuz osaturiko Hulk malaysiar hau, Mr.Melakatik Mr.Universera dagoen espektro zabaleko titulu guztiak eskuratu zituen bodybuilding-en, eta horren ostean politikaria izan zen. Hiriko pertsonaia estimatu hau indarra eta pertsuasioaren ikur izan daiteke.
Noraez arineko Malakaren lehen kontaktu honetan, kolore ugariko zopa plater lurruntsu baten aurrean amaitu dugu. Malaysiar eta txinatar sukaldaritzaren fusiotik eratorria, Nyonya laksa goxoak indarberritzeaz gain, begi bistan dugun nahaste orekatua ulertzeko bidean jartzen gaitu. Malakaren lehen kolpeko aho zaporea ezin interesgarriagoa izan da, orain bere osagaiak alez-alez aztertzeko unea iritsi da.