Whailen munduko balea osptsuenetariko baten izena da. Guk asko ezagutzen ez badugu ere, herrialde batzuetan oso ezaguna da. Baina, era berean, inoiz izan den animalia tristeena ere kontsidera daiteke. Baleen gizarte-egiturak taldekakoak badira ere, lehen aldiz 1989. urtean entzun zutenetik, Whalien bakarrik egon da beti. Ez da horrela erabaki zuelako, egoera berezi baten errua baizik: ohikoa dena baino ahots frekuentzia altuago baten jabe da. Balea gehienak 10 eta 39 hertz arteko frekuen-tzietan kantatzen dute; baina, munduko balearik bakartienak 52 hertzetan kantatzen du. Zientzialarien ustetan, ezaugarri hau gorra delako izan daiteke. Honen eraginez, ordea, ezinezkoa zaio beste balea batzuekin komunikatzea, bilatu ez duen bakardade batera kondenatzen duelarik.
Bakardadea, mintzagai
Animalia honen istorioa ardatz hartuta, Ados teatroak 52 hertz antzezlana osatu du, gizarte isolamendua eta desiratu gabeko bakardadea pairatzen duten pertsonen sinbolo gisa baliatuz.“Antzezlanaren gaia, nagusiki, aukeratu gabeko bakardadea da. Bertan, hainbat profil azaltzen dira, hainbat pertsonaia, bakoitza egoera desberdinetan aurkitzen dena, baina denak daude aukeratu ez duten bakardade egoera batean. Horren inguruan, istorio batzuk ikusten ditugu, elkartu egiten dira, batzuk bukaera positiboagoa izanez eta beste batzuk, aldiz, ez hain positiboa; bizitzan bezala”, azaldu du Dorleta Urretabizkaiak. Antzerki konpainiaren partaide da Urretabizkaia, eta obra honetan aktore eta zuzendari laguntzaile lanak egin ditu.
Antzezlana pasa den urriaren 3an estreinatu zuten, Donostiako Antzoki Zaharrean, euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak arrakastaz taularatuz. “Estreinaldia oso ondo joan zen. Prozesua hain luzea izan denez, horrek ekarpen asko sortu ditu. Lasaiago iritsi ginen, entsegu dezente eduki genituelako. Bestetan, agian, bi hilabetetan muntatzen duzu dena azkar-azkar eta urduritasuna gehiago izaten da, pase gutxiago egin dituzulako. Lan honekin, zorionez, denbora eduki dugu”, Urretabizkaiaren hitzetan. Urduritasun puntu hori beti izaten den arren, ez dago publikoaren erreakzio ezagutzerik aurrean izan arte, “gozatzeko aukera eduki dugu, hiru egunez jarraian erantzun ona eduki zuen.
2016. urtetik, Ados Teatroa Giza Eskubideak Eszenara izeneko enpresa eta kultur sortzaileen sare baten burua da. Honek sormen lana eta helburu batzuk baldintzatzen dizkie, gizarte arazo desberdinak fokuen azpian jarriz beraien obren bitartez. Aktore donostiarrak dioenez, “artea edo antzerkia gizartearen zerbitzura doanean, gauzak eraldatu, astindu, aldatzeko edo ikustarazteko gaitasuna dauka. Lan hau benetako profil batzuetatik sortzen hasi izanak, gizartetik oso hurbil jarri gaitu, egungo pertsonetatik gertu. Eta hortik abiatuta, bakoitzak bere ekarpena egin du, entzunA duena, jaso duena, etab. batuz. Prozesu luzea izan da, albiste asko jaso ditugu, kontaktuan egon gara pertsona horiekin,...”. Taldean egoera horretan dagoen pertsona bat izan dute lanean beraiekin. Horrez gain, tailerrak eta dokumentalak ere egin dira. “Uste dut horrek tresna edo gaitasun bat ematen duela jendearengana hurbilago iristeko. Elkarrekin sortzeak errealago izateko gaitasun hori eman dio”.
Gaurkotasun handiko gaia
Gaiaren gaurkotasuna are eta ageriago geratu da duela gutxi Valentzian izandako berri baten ondoren. Bertan, 15 urtez bere etxean hilik zeraman gizon bat aurkitu zuten, inork faltan bota ez zuen pertsona bat. “Oso eguneko gaia da, tamalez. Albiste hori ikusi eta partekatu genuen taldean. Gure egungo errealitate honetan, hain komunikatuta suposatzen da gaudela, Internet eta sare sozialen bidez, baina inoiz baino bakarrago sentitzen gara. Honen inguruan, niri pertsonalki, eta uste dut taldeari ere bai, gehien txokatzen gaituena da jende gaztea dela, gehienbat, aukeratu gabeko bakardade hau pairatzen duena”.
Askotan, bakarrik dagoen pertsona batean pentsatzen dugunean jende heldua etortzen zaigu burura, baina antza ez da beti horrela izaten. Urretabizkaiaren esanetan, “hori oso txokantea da. Eta oso txokantea da baita, estatu batzuetan bakardadearen ministerioak sortzen ari direla; hau da, arazo sozial larria ikusten ari dira, horrek suposatzen duen dirutzarekin. Gaia serioa da, oso serioa”. Hala ere, jorratzen den gaia sakona izan arren, antzezlanaren tonua apur bat baretu nahi izan dute, bakardade hori arinduz. “Gai nahiko potoloa da, pisutsua, orduan guk horren kontra jolasten dugu pixka bat, errespetu guztiarekin eta gaia serio hartuta, hori bai. Baina umorea ateratzen saiatzen gara, nahiz eta momentu batzuetan ezin den; baina tonu orokorra arina da, amable esaten dena gaztelaniaz. Saiatzen gara atsegina izan dadin jendeak ikusteko, azaldu du sortzaileak.
Antzezlana zuzenean ikusi nahi duenak hurrengo hilabeteetan hainbat aukera izango ditu Euskal Herrian zehar. Besteak beste, bihar Galdakaon izango dira, urriaren 31n Antsoainen, eta, azaroari dagokionez, 16an Hondarribian, 23an Lizarran eta 30ean Berriozarren.