Momentua betikotzen duen lana
Fernando Ulzionek, Matias Riquelmek eta Mikel Vegak beraiek egiten duten inprobisatutako musika saioetako bat grabatu eta diska bat sortzea erabaki zuten duela hiru urte. Lan horren emaitza ‘Protoctist’ izeneko diskoan entzun daiteke. Sei kantuz osatuta dago, eta sormen esperimentala atsegin dutenentzat egina dago
Inprobisazioa edo bat bateko jarduna arte diziplina desberdinetan ohikoa den zerbait da. Aurrez ezarritakoa apurtzea suposatzen du, edo, bestela, azken momentuko zerbait gehitzea. Inprobisazioak denbora eta leku bakarra dauka: hemen eta orain. Sortzaileak inspirazio iturrietatik edan behar izaten du, bere onena eskaini ahal izateko. Barrutik irteten den sorkuntza da, beste ezerk baino berezkotasun handiagoa duena. Euskal kulturgintzan adibiderik argiena bertsolaritza da, baina beste soinu eta melodia batzuk ere egiten dute, oso ohikoa ez bada ere. Ildo honi jarraituz, hiru musikarik, Mikel Vega, Fernando Ulzion eta Matias Riquelmek, inprobisatutako saioetako bat betikotu nahi izan zuten 'Protoctist' izeneko diskoan, “errepikaezina den ekintza bat harrapatzea lortuz”, beraien esanetan.
Bilbo inguruko inprobisazio eszena izan zen duela urte batzuk hiru lagunak batzea ahalbidetu zuen arrazoia. Hainbat espaziotanz zuzenekoak batera jo ondoren, beraien instrumentuen arteko ulermen mailak are gehiago elkartu zituen. Partaideen sintonia horrek zerbait grabatzera animatu, eta bi kontzertutan eskainitakoa disko bakar batean islatzea izan zuen ondorio. “Bi kontzertu horiek musika inprobisatua dira. Fernando Ulzion bilbotarra da, saxofoia jotzen du eta objektuak ere erabiltzen ditu. Matias Riquelme txiletarra da, baina gaur egun Valentzian bizi da; hala ere, denbora luzez Bilbon bizitzen egon da eta biolontxeloa eta objektuak jotzen ditu. Niri proposatu zidaten gitarra akustikoa eta beste instrumentu ba-tzuk jotzea” azaldu du taldeko partaiden den Mikel Vegak. Sestaoko musikaria asko gailendu da euskal musika esperimental giroan, Loan, Orbain Unit eta Killerkume bezalako taldeetan. “Bilboko La Corrala lokalean elkartu ginen. Musikaz gain, beste ikuskizun batzuk egin dira bertan, eta han egin genuen grabaketa. Musika nahasketa Matiasek egin zuen, eta bere anaia den Sebastián Riquelmek egin du masterra Santiago de Txilen. Teknikoki horrela sortu zen kontua”, kontatu du Vegak.
Inprobisaziotik sortua
Diskoa duela hiru urte sortu zuten. Inprobisazioaren maisu gisa, grabaketaren ideia ere horrela jaio zen. “Behin kontzertuak emanda, gustura geratu gine sortu zenarekin edo emaitzarekin. Horren ondorioz, Matiasek edo Fernandok, ez dut gogora-tzen bietako zein izan zen, proposatu zuten zerbait grabatzea estudioan. Inprobisazioaren gauzetan gabiltzanok horrela egiten ditugu gauzak: behin zuzenean jota eta ikusita kimika dagoela, estudioan grabatuz, edo alderan-tziz. Modu asko daude sesioak erregistratzeko”, aitortu du Sestaoko musikariak. Aldez aurretik ez zuten ezer konposatu, noski. Baina entseatu eta zuzenean jo bai.
Inprobisazio lana ez da erraza izaten, ezta gauerdiko ahuntzaren eztula. Ez da egun inspiratu bati itxaron eta ondoren egiten den zerbait. Mikel Vegaren hitzetan, “ez dakit inspirazioan sinesten dudan edo ez. Baina tira, kontua da, pertsona ba-tzuk inprobisatzeko elkartzen direnean, emaitza hori erregistratuta, grabatuta, eduki-tzeko helburuarekin, nolabait, hartu eman soniko bat bezalako zerbait dago”. Lan hori burutzeko bidean, “agian pieza bat grabatu baino lehenago oso suabe has gaitezke, isiltasunarekin jolasten, elkarri asko entzuten, etab. Badaude halako ariketatxo batzuk lan-tzen ditugunak ezer egin baino lehen. Eta gero, inprobisazio munduan espazioak berak ere baldintzatzen zaitu”.
Protoctist diskoaren nolakotasuna definitzea ez da batere erraza. Are gutxiago, idazten ari den honentzat. Etiketak jartzea kazetarion ohiko bizio bat izaten da, baina ez da sortzaileei asko gustatzen zaien zerbait. Vegak ere onar-tzen du beraien lana modu askotara defini daitekeela, baina, “jotzen gaudenean ez gaude etiketetan pentsatzen. Diskoa entzuterakoan agian erreferentzia batzuk bila ditzakezu. Azkenean, musika inprobisatua da. Disko honek saxofoia eta biolontxeloa dituenez, kamera musika ukitu bat dauka, baina gure erara. Ez gara kamera musikoak ere”. Hala ere, Matias Riquelmek musika ikasketak ditu, eta kontserbatorioan ibilia da; kamara formatuan jo izan du, baina ez da lan honek jarraitzen duen bidea. Musika estilo gutxi izaten dira inprobisazioaren bidera jotzen dutenak, jazza edo musika elektronikoa izango lirateke adibide esangura-tsuenak. Hala ere, “gero eta rock talde gehiago daude inprobisazio zatiak lantzen dituztenak. Baina bai, egia da inprobisazioa jazzarekin edo musika esperimentalarekin lotzen dugula. Bitxia da hori, hainbat musika estilo egonda, gehienak musika konposizioan oinarrituta egotea. Estilo bakoitzak duen lengoaiaren barnean, nik uste dut inprobisatu daitekeela”, musikariak dioenez.
Izenburua aztergai
Lanaren izenburuaren zergatia jakin nahi dutenentzat, esan beharra dago Mikel Vegak berak pentsatutako zerbait dela. “Nire proposamena izan zen. Hitza gustatzen zitzaidan, bai fonetikoki eta bai bere esanahiarengatik (protozoo-en erreinuko edozein organismo zelulabakar edo zelula anitza da, algak eta lizun moldeak barne hartzen dituena). Portada eginda zeukan diseinatzaileak eta horrekin bat etor zitekeela uste izan nuen”. Argi dagoen gauza bakarra diskoaren errepikaezintasuna da. Horregatik, hiru musikari hauek zuzenean deskubritu nahi dutenek ez dute lan xamurra, inprobisazioa batzeko momentuetan ere isla-tzen baita. “Elkarrekin hiru kontzertu eman ditugu orain arte, eta hemendik aurrera ez dakit batuko garen berriz. Mundu hau oso malgua da. Nik Ulzionekin jo izan dut, beste talderen batean ere… orain, distantzia dela eta, Matiasekin batzea zailagoa daukagu, baina mugitzen garen eszena honetan beti dago aukera batzeko, nahiz eta taldea berdin berdina ez izan”.