Euskal Herrian ez da aitzakiarik behar plaza hartu eta dantzan hasteko, eta hori bera proposatzen du Haatik dantza konpainiak. IOI obra sortu du espazio publikoa hartzearen garrantziaz hausnartzeko. “Garai batean argi zegoen espazio publikoa elkarbizitzarako, aldarrikapenerako, dantzarako eta festarako zela. Urteekin nolabait gizarteak edo politikek asko mugatu dute espazio publikoaren erabilera. Horren adibide dira baloiarekin jolastu ezin diren plazak edo ekitaldiak egin ezin daitezkeen aire libreko oholtzak”, esan du Aiert Beobide Egañak, konpainiako zuzendariak. Maiatzaren 15ean 19:00etan eta 16an 20:00etan, Leioako Umore Azokan (Bizkaia) eginen dute estreinaldia.
Konpainiaren proposamen berria ez da ezerezetik sortu; aurretik egindako OTS lanaren jarraipena da. 70. hamarkadako euskal kulturgintzaren pizkundetik tiraka sortzen hasi ziren 2024an. OTS aretoetan egiteko obra bat da, baina pentsatu zuten interesgarria izan zitekeela OTS oinarri hartuta karrikarako propio lan bat sortzea: “Aurreko pieza ikusi dutenek elementu asko identifikatuko dituzte. Hala ere, sentitzeko gauza berriak daude, eta hori nahita edo nahigabe kaleak ematen du”. OTS lanean Jone San Martin dan-tzari eta sortzailearekin aritu ziren koreografia lantzen. Elkarlanean jarraitzea erabaki dute “oso ondo” funtzionatu, eta “berehala” konektatu zutelako.
Soinuak presentzia handia dauka IOI lanean, eta argi ikusten da eszenografiarako sortu duten bozgorailuarekin. Manu Gaigne, bozgorailura igota, soinu espazioaz arduratzen da. Herri Gogoa Euskal Herriko lehen zigilu diskografikoak 1967tik 1990era jasotako musikaz baliatuta dantzan jartzen du plaza Gaignek. Beobidek azaldu du soinuak “freskoak”, “alaiak” eta “bitxiak” direla: “Aurretik prest duen aukera zabal horrekin musikaren konposizioa sortzen du zuzenean. Nolabait dan-tzarien gainean beste kapa bat gehi-tzen du eszena gidatzeko. Musika katalogo horrekin collage bat egiten du”.
Hortaz, musika ez dago guztiz ida-tzia, eta koreografia ezta ere. Hau da, dantzariek eta musikariek badakite zein eszena eta momentu dauden, baina koreografia ez dago ohi bezain itxita. “Aztertu nahi dugu nola eraman barruko emozio horiek kanpora. Ez dadila izan horren zurruna eta formala, baizik eta bakoitzak bere dantzatzeko modutik zein sentimendu ari den bizitzen askatzeko modu bat”, kontatu du ilusioz. Inprobisaziorako espazio hori proiektuaren “harribitxia” dela sentitzen du: “Benetako elkarrizketa bat sortzen da dantzariaren eta musikariaren artean, eta ez prestatutako elkarrizketa bat. Libertate handia dago benetan gertatzen ari denari espazioa eta denbora emateko”. Horretarako elkar entzuten aritzen dira musikaria zein dantzariak, eta momentuaren arabera, batzuek edo bestek markatzen dute noraino luzatzen duten ariketa.
PUBLIKOAREKIN TREBATZE
Irailaren 20an, piezaren lehen erakustaldia egin zuten, eta oso lagungarria izan da ikusteko espazioak nola aldatzen duen publikoarekiko harremana. Nabarmendu du, kalean dauden estimuluengatik, “errazagoa” dela publikoaren arreta galtzea: “Antzokian momentu sakonak eta geldoagoak daude, baina aldi berean bizia eta alaia da. Kaleko freskotasunak eta bizitasunak ingurukoek gehiago konektatzen eta disfruta-tzen lagundu dute”.
Piezaren xedeetako bat da publikoak ulertzea emanaldia ez dela soilik konpainiaren lorpena, baizik eta denena. Horregatik, erronka handietako bat publikoaren parte hartzea sustatzea da. Alabaina, ez dute inor izutu nahi eta ez dute inor behar-tzen dantzatzera: “Kalean joan-etorria errazagoa denez, zenbait irizpideen bidez parte hartzera gonbida-tzen ditugu. Oso mugimendu sinpleak dira”. Momentuz egin dituzten saiakeretan kontent daude jendearen prestutasunarekin. Halere, publikoaren beharrak eta gogoa identifikatzen ari dira.
Hamabost urteko ibilbidea dauka konpainiak, eta denetarik izan dute bidean. Ilusionaturik mintzo da Beobide azken pieza estreinatu gabe emanaldi “dezente” lotu dituztelako: “Lasaitasuna ematen du. Libreago sentitzen zara eta ez dituzu horrenbeste aurreiritzi eta beldur sortzeko garaian”. Nabarmendu du ere “ez ohikoa” dela produkzio “asko” eta programazio “gutxi” dagoelako.
Hori dela eta, beste batzuetan ikuskizunak lotu nahian ibili dira alde batetik bestera: “Hasieran batez ere probatzea zen, eta ikustea zer ateratzen zen eta zer ez. Ba-tzuetan sorkuntza aldetik arrisku-tsuagoak ziren eta inbertsio handiagoa eskatzen zuten gauzak egin digu, eta gaizki atera dira”. Lana zabaltzerakoan, eta kanpo harremanetan komunikazioak zein garrantzi duen azpimarratu du ere, eta horretan Iurre Aranburu Taintak egiten duen lana goraipatu du. Azkenik, argi du sektorea “oso zaurgarria” dela eta oinak lurrean izan behar dituztela.