Igogailuak gure hiriguneak eraldatu dituzten elementuak dira. Bizi garen tokiak modernizatzen lagundu dute, zerura hurbilduz eraikitzeko aukera emanez. Era berean, bizkar hezur modukoak dira, eraikinen barnean mugitzea ahalbide-tzen dutenak. Bizitzan bizi ditugun momentuak bezala, batzuetan gora eta beste batzuetan, aldiz, behera eramaten gaituzten gailu teknologikoak dira. Metafora horren haritik tiraka, Fabrica de Brujas sormen kolektiboa konpainiak gaixotasun baten diagnostikoa onartzeak suposatzen duen esperientzia hartu du oinarri Igogailua izeneko obra sortzeko. Tragikomedia garaikide bat, Arantza Lopezek zuzendua eta Itziar Fragua, Leire Ormazabal eta Aiora Sedano aktoreek taularatzen dutena. Testua eta antzerki fisikoa uztartzen dituen lana da, eta abenduaren 5ean estreinatuko dute Getxoko Muxikebarri antzokian.
“Igogailua emakume baten bidaia existen-tziala da: gaixotasun baten aurrean, barrura begiratzera behartzen duena. Beldurra, mina eta bakardadea agertzen dira, baina baita edertasuna, umorea eta indarra ere. Azkenean, orainaldiari eta bizitzari kantua egiten dion pieza bat da”, azaldu du Arantza Lopez zuzendariak. Obra berak bizitako esperien-tzia erreal batetik jaiotzen da; izan ere, minbizia pairatu zuen 27 urte zituenean eta gaixotasunak hankaz gora ipini zuen bere bizitza osoa. “Igogailua oihu bat da, bidaia poetiko eta katartiko bat. Zoritxarrez, nire istorioa jende askoren istorioa da eta nire bizi esperientzia partekatzeko premia daukat”. Lopezek egindako bide existentzial hori irudikatzeko igogailuaren kontzeptua erabili du, “igogailu bat mugitu egiten baita, gorantz ala beherantz eramanez. Bizitza bezala. Igogailuaren irudia erabili dugu espazio horretan zer gertatzen den ikertzeko. Inoren lurraldea da, isiltasun leku bat zeure buruarekin, mugitzen, igotzen, jaisten,… zaren bitartean”. Zuzendariaren hitzetan, “isiltasunaren beldur gara. Igogailu baten bidez hasten da protagonista berari buruz ezagutzen ez zituen gauzak aurkitzen. Leku ikaragarri horretatik ihes egin nahi du hasiera batean, baina gero, babesleku handi bihurtzen da”.

Konpainiak taularatu nahi izan duena bizi-tzan zehar jasan daitekeen jaitsiera sinboliko bat izan da, protagonista bidaia sentsorial eta oniriko batean aurkeztuz, plano fisikokoak ez diren izakiekin gurutzatuz doala: hildako amona, barne-ahotsak, antzinako oroitzapenak... eta, horren guztiaren barnean, presentzia kezkagarri bat: Lasombra pertsonaia, lanaren ardatz den pertsonaia etengabe jazartzen duen izaki iluna, bere beldur sakonenei aurre egitera behartzera daramana. Hau dena errepresentatzeko, gainera, espazio biluzi batean kokatu dute dena, aktoreen lanak are eta garrantzia handiagoa izanez. “Obra bakoitzak espazio konkretu bat behar du. Kasu honetan, meta antzerkia egiten ari gara (antzerkia antzerkiaren barruan); hau da, aktoreek badakite obra bat kontatzen ari direla eta publikoa antzokian sartzen denetik eszenan daudela. Benetako istorio bat kontatu nahi genuen erraietatik, oihalik, dekoraturik, eszenografiarik eta ezer gabe. Gordina. Esperientzia indartsuagoa eta errealagoa izan dadin”, jakinarazi du Lopezek.
Tragikomedia fisikoa Tragikomedia garaikide honek testua eta antzerki fisikoa uztar-tzen ditu. Hau da, Bartzelonan jaiotako zuzendari eta aktoreak azaltzen duenez, “antzerki fisikoa gorputzetik sortzen den hizkuntza da. Ez dira hitzak bakarrik istorioa kontatzen dutena, mugimenduak, energia, presentzia eta keinuek beraien adierazpen propioa dute. Antzezlan hau, musikak, argiak, hitzek eta aktoreen gorputzek kontatzen dute”. Horrez gain, lan honekin “antzerkiaren oinarrietara bueltatu nahi dugu, sakralitatea berreskuratu. Errito eszenikoa sortu, greziarren katarsia. Gaur egun, oso deskonektatuta gaude gizarte bezala. Gizakiaren esentziara itzuli beharra dago. Barrurantz joan hain kanpoan egon beharrean. Hortik aurrera esploratzen dugu eta bai, bidean komunikatzeko era desberdinak agertzen dira”. Obra plazaratzeko helburuarekin, Lopezek hiru aktore batu ditu bere inguruan: Itziar Fragua, Leire Ormazabal eta Aiora Sedano. “Nire esperientzia partekatzeko beharra sentitu nuelako hasi nuen proiektu hau, eta, horretarako, nire lagunekin kontatu nuen, duela 25 urte baino gehiago ezagutu baikenuen elkar antzerkia egiten. Hain intimoa eta pertsonala den zerbaiti buruz hitz egiten duzunean, ezin hobea da zure gertuko jendearekin kontatzea. Gainera, profesional handiak dira”, baieztatu du.
Fabrica de Brujas sormen kolektiboak sortutako antzezlanak azaroaren 28an izango du bere aurre estreinaldia Deustuko La Fundición aretoan; eta, bukatu ondoren, solasaldi bat antolatu dute sortzaileek bertaratutako publikoarekin. Estreinaldi handia, berriz, Getxoko Muxikebarrin izango da abenduaren 5ean, lan hau bertatik bertara ikusi nahi dutenentzat.