Matxalen de Pedroren kultur gomendioak:
Abesti bat: Oraintxe asko entzuten dot dantzarako Mezerg-en Blu-Tack eta gustora negar egiteko Ryuichi Sakamotoren The Sheltering Sky.
Musika talde bat: Bloñ. Grupazo bat da. Bereziki zuzenean!
Liburu bat: Azken aldian nahiko arduratzen nau dramaturgo emakumezkoen obrak topatu, irakurri eta irakasle moduan nire ikasleei ezagutarazten. Horri esker ezagutu dot Andrea Dunbar dramaturgo ingelesa. Bere drama autobiografikoak batzen dituen Obra osoa liburua gordina bezain harrigarria egin zait, bere gaztetasunagatik eta naturaltasun handiz murgiltzen zaituelako Bradfordeko auzo txiroko errealitate gordinean.
Antzezlan bat: Azken urtean ikusi dudan onena, dudarik barik, Andrea Jimenezen Casting Lear izan da. Teatralitatea eta fikzioa eragiteko ageriko truko guztiak bikaintasunez lantzen ditu eta tramarekin berarekin josi. Adi bere hurrengo ikuskizunari! Antigonaren mitoan oinarritu dela dio, baina seguru buelta on bat eman diola gaur egungo ikuslea astintzeko.
Film/telesail bat: Último acto telesail Suediarra asko gustatu zait. Kartzelan dauden neonazi batzuekin antzezlan bat sortzen du antzerki ekoizle eta dramaturgo bikote batek. Proiektuko parte hartzaile guztien motibazio etikoak balantzaka hasiko dira prozesuan zehar. Oso modu errealistan dago grabatuta, ia-ia dokumental faltsua balitz moduan.
Artista bat: Abel Azkonaren Monumento a la familia erakusketa ikusi ahal izan nuen Monte Hermoson duela gitxi, eta bere bisita gidatua entzuteko aukera ere izan nuen. Erraietatik lan egiten du, artea eta bereziki performancea, eraldaketa pertsonalerako erabiliz. Abelek familian jasotako sexu erasoen, abandonuen eta drogen zauriak dira gai nagusiak, beraz, ez da flojo zauden egun baterako, baina benetan merezi du bere lana gertutik jarraitzeak.
Kultur espazio bat: Garaion Sorgingunea. Azken urteetako sormen ia guztietan han egin izan dut egonaldi artistikoren bat eta beti sentitzen naiz oso gustora, bereziki bertako lantalde humano zoragarria delako. Baina, hainbat ikastaro, ekitaldi eta emanaldi ere antolatzen dituztenez, egunpasa joateko ere gomendagarria da.
Egun Dantzertiko irakaslea eta antzerki zuzendari nahiz sortzailea da, eta euskarazko antzerkigintzarekin bereziki konprometitua dago. 2010ean HORMAN POSTER kolektiboa sortu zuen Igor de Quadrarekin batera, Euskal Herrian sormen eszeniko garaikide eta esperimentalak euskaraz bultza-tzeko helburuz. 2023ra bitarte hainbat proiektu eszeniko nahiz bitartekaritza lan sortu zituen kolektibo honen barruan beste hainbat kolaboratzailerekin batera. 2020eko Donostia Antzerki saria jaso zuen Antigone edo ezetzaren beharra lanarekin. Busterri herri-antzerki taldean herrigintza eta antzerki amateurra uztartzen dituen proiektua zuzentzen dihardu 2021etik. Interpretazio gestual agiria lortu zuen Institut de Teatren eta EHUko Arte Garaikide Teknologiko eta Performatiboa masterra ere badu. Dantza garaikideko formakuntza jaso zuen nazioarteko hainbat irakasleren eskutik, eta bereziki Release eta Body weather tekniketan sakondu zuen, baita sorkun-tzarako CTR teknikan ere Claudia Díasekin. 2010-2015 artean Bilboko muelle3 dantza eta sormen lantegia kudeatu zuen Olatz de Andrés eta Igor de Quadrarekin batera.