“Blokeoei esker konposatzeko eta sortzeko modu berriak deskubritu ditut”
Begirada kolektibotik eta elektronikara hurbilduz, isiltasunaren indarkeriaz, menopausiaz, sortze prozesuaz eta bestez, mintzo da Maria Rivero musikaria ‘Bilau’ diskoan
Estilo akustikoago batetik soinu elektrikoagoetara hurbildu da Maria Rivero musikaria (Balmaseda, Bizkaia, 1979). Begirada kolektibotik isiltasunaren indarkeriaz, menopausiaz, sortze prozesuaz eta beste gauza askoz mintzo da bere azken bakarkako lanean. Bilau diskoak zazpi kantu ditu, eta Jagoba Ormaetxeak ekoiztu eta grabatu du. Elkarlana ezinbestekoa da Riverorentzat; horregatik, Leire Ugadi, Itxaso Paya, Endika Lahaine eta Noa Cliff artistekin kolaboratu du.
Aurkitu duzu disko honekin bilatzen zenuena?
Hitz joko bat dago diskoaren izenean. Ni ez naiz batere mistikoa, baina egia da bi eta lau zenbakiak behin eta berriz agertzen direla nire bizitzan. Bilau ere bada gaztelaniazko ‘villana’, eta ni Balmasedakoa naizenez ere, ‘villana’ naiz. Bilatze hori beti dago, uste dut denok gaudela etengabe bilatzen, ez badira gauzak, dira momentuak edo sentsazioak. Eta disko bat sortzen duzunean, gehiago.
Kantu batek ere diskoaren izena dauka. Zein lotura dago bien artean?
Disko berria egiteko ideia eta proposamen batzuk nituen, baina martxan jarri nintzenean ikusi nuen agian ez zuela ondo islatzen behar nuena. Orduan, zerotik hastea erabaki nuen. Leire Ugadiri eskatu nion kontzeptu horretatik letra sortzea. Asko gusta-tzen zait nola idazten duen. Letra horrekin lehenengo melodia sortu, eta horrek pixka bat hasiera eman zion diskoari. Behin hori konposatuta, bidea egiten hasi nintzen eta deskubritzen zer behar nuen.
"Ni bezalako sortzaile edo musikari txikiak, nolabait langile klasea gara kulturan”
Galduta edo blokeatuta sentitu zara?
Sare sozialetan prozesuaren bideo laburrak zabaldu ditut sormen prozesuaren jarraipena egiteko. Prozesuetan hainbat traba eta blokeo daude, baina momentu goxoak ere. Disko honetan asko kostatu zait aurrera egitea. Agian, eragina izan du bakarkako hirugarren lana dela eta diskografian hamalaugarrena. Batzuetan sentitu dezakezu dena kontatu duzula edo melodia danak konposatu dituzula. Hori positiboa da estilo propioa daukazulako, baina blokeo ezberdinak ere etorri dira. Blokeoei esker konposatzeko eta sortzeko modu berriak deskubritu ditut.
Zein aldaketa eragin ditu horrek?
Orain arte oso akustikoa izan da egin dudan lana, eta oraingoan elektronika ere sartu dut. Orain arte jatorrizko melodiak guztiak nireak ziren eta ez nituen ukitzen. Disko honetan, Jagoba Ormaetxeak melodiari begira proposamen batzuk egin dizkit, eta zenbait aldaketa sartu ditut.
Nola sentitu zara lan egiteko modua aldatzen?
Hasieran kostatu zitzaidan ez nekielako zelan josi edo borobildu orain arte egindakoarekin. Gero oso dibertigarria iruditu zait. Elektronikaren munduak aukera asko ematen ditu jolasteko. Egia esan pena eman dit prozesua amaitzeak.
Prozesua ere publiko egin nahi izan duzu; zergatik?
Askotan emaitzari ematen diogu garrantzia, eta prozesua ahazten dugu. Prozesua profesionalizatzea oso garrantzitsua iruditzen zait. Agian sormen prozesua ezagutu ostean, desberdin ikusten duzu diskoa. Prozesua bera helburu bat da, eta uste dut aldaketa hori egin behar dugula kultura eta sormena ulertzeko moduetan.
Beste batzuen hitzak ere kantatzen dituzu; kosta egiten zaizu zure egitea?
Nire disko guztietan kolaborazioak egiten ditut gustuko ditudalako miresten ditudan idazleek egiten dituzten letrak. Kolektiboan edo elkarlanean aritzea asko gustatzen zait. Normalean gustuko ditudan pertsonak eta lagunak izaten dira.
"Orain dela hamar urterekin konparatuta plaza txiki eta erain asko desagertu dira”
Horrek esan nahi du bakarlari bezala kolektiboan ere aritu daitekeela?
Bai. Gainera, ni bezalako sortzaile edo musikari txikiak, nolabait, langile klasea gara kulturan. Guretzat ezinbestekoa da tribua eta oso garrantzitsua da pertsonalki eta politikoki elkarlana sustatzea. Bestela, ezinezkoa litzateke egiten duguna egitea. Beti esaten dut bakarkako lana ez dela bakarkakoa, ezingo nukeelako bakarrik egin.
‘Adinak ez gaitu baretu’ kantua sortu duzu Endika Lahainekin. Leporatu izan dizuete ‘panfleteroak’ izatea. Aldarrikatzaileak izaten jarraitzen duzuela salatzeko modu bat da?
Aspaldi ezagutzen dugu elkar musikatik zein kolektiboetatik. Batez ere Siroka taldearekin, panfleteroak ginela esaten ziguten, mespretxuz. Oso gogorrak izan ziren garai horiek, eta guk bizi genuen egoera politikoari abesten genion. Horrek kolektiboaren garrantzia erakutsi zidan. Keinu bat egin nahi genion egindakoari eta kolektibizazioari. Normala den bezala gauzak aldatu dira, baina uste dut pixka bat galdu dela kolektiboan militatzearen edo sortzearen garrantzia. Bada nolabait errekonozimendu bat izan ginenari eta garenari.
Noiz oholtzaratuko duzu lana?
Momentuz ez dut zuzenekorik prestatu. Niretzako diskoa bidaia bat da eta zuzenekoa beste bat. Nahiago dut patxadaz sortu. Denbora hartu nahi dut, batez ere aipatu ditudan aldaketa elektronikoek koherentzia gehiago izateko. Jakin badakidalako ni bezalako sortzaile batentzat zailagoa izanen dela plazak topatzea. Ez daukat inolako presarik eta gozatu nahi dut.
Zailagoa, zergatik?
Gaur egun oso makro bihurtzen ari da dena, eta gu bezalako sortzaileak beste parametro batzuetan mugitzen gara. Plazak lortzen baditugu, oso zaila da publikoa lortzea. Makrorako tendentzia ez da ez ona ez txarra, baina orain dela hamar urterekin konparatuta plaza txiki eta ertain asko desagertu dira. Ondorioz aukera gutxiago ditugu boloak egiteko. Uste dut garrantzitsua dela norberak bere burua kokatzea dagokion lekuan. Ni kulturaren langile klasea naiz, eta gu ere existitu behar gara. Musikari askoren errealitatea da, baina ezkorrak ez izateko askotan kosta egiten zaigu esatea. Horren inguruan hausnartzeko beharra dago.