Objektuen gaineko istorioak, historia xede
Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak podcasta sortu du, ‘Euskal Herriko historia 100 objektutan’ proiektuaren barruan. Intza Alkain aktoreak emango die ahotsa zenbait idazleren gidoiei
Euskal Herriko historia objektuen bitartez kontatzea du xede BERRIArekin elkarlanean plazaratutako podcastak, eta museoetako bildumetako 100 objektu hautatu dituzte. Gidoiak, berriz, hamar idazlek idatzi dituzte: Harkaitz Cano, Aintzane Usandizaga, Iñigo Aranbarri, Garbiñe Ubeda, Joseba Sarrionandia, Danele Sarriugarte, Eneko Bidegain, Cira Crespo, Eneko Barberena eta Amets Aranguren. Wikilarien webgune ofizialera jo daiteke, non objektuen zerrenda, testuak, galeria-irudiak eta gehiago aurki daitezkeen. Podcastak, halaber, zenbait plataformetan eskuragarri daude jada: iVoox, Apple Podcasts.
Joseph Brodsky poeta errusiarraren aburuz, objektuek gure existentzia islatzen dute, gizakiaren barne-mundua isiltasun materialaren bidez adierazten baita. Gizakiak aldakorrak eta beroagoak gara, baina, objektuek, aldiz, iraun egiten dute, hotzagoak izan arren. Euskal Herriko historiaren kontakizunaren iraunkortasun hori molde ezberdinetan eta ahots ezberdinez ematea erabaki du Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak. Horrela, bada, 2024-2027 egitasmoaren barnean Euskal Herriko historia 100 objektutan izeneko proiektua jarri dute abian. “Orain arte Euskal Herrian egin gabeko ekimena da, Erresuma Batuan BBCk eta British Museumek egindakoan oinarritua. Museoetan dugun aberastasunaren bidez gure herriko historiari buruzko 100 pasarte kontatu nahi ditugu, Wikipedia baliatuz, esperientzia multimedia baten bidez”, azaltzen dute Wikipediako euren atarian.
Ekimen horri lotuta bururatu zaie podcasta egitea. Idazleen gidoia oinarri hartuta, Intza Alkain aktorearen ahotsa izango da entzungai. Hautatutako lehen objektu Arantzabalko lurra zula-tzeko makila da. Cira Crespo idazleak idatzi du gidoia, eta entzungai dago jada. “Euskal Wikilarien kultur elkarteak izan du podcasta sor-tzeko bulkada eta gauzatzerako orduan nirekin kontatzea aberasgarria izan da, benetan. Euskal Wikilariek, BERRIArekin elkarlanean, historian zehar eman diren kontakizun eta bitxikeriak denon jakin-minera hurbiltzeko xedea izan dute eta horretarako hurbilago gelditzen zaizkigun datu eta kontakizun txikiak hautatzeko iniziatiba eduki dute. Egia esan, nire iritziz ere, kontakizun txiki eta hurbilagokoek historian zehar gertatu denaren inguruko datu handi eta esanguratsuagoak ematen dizkigute”, adierazi du Alkainek.
Objetuak istorio
Alkainen ustetan, objektuek istorioak gordetzen dituzte eta haiek azalduz soilik geure historia hurbilagotik ezagutzeko aukera suertatzen zaigu. 100 objektuon aukeratze lana wikilarien esku izan da baina gidoietan antzemandakoaren arabera, aktoreak zera dio: “Harrigarria da Euskal Herriaren historia kontatzen duten objektu bakoitzak zenbat datu eta bitxikeri gordetzen dituen bere barnean eta entzuleak aho zabalik uzteko moduko istorioak jasoko ditu. Nik behintzat orain lagunartean “Ba al zenekien…” esaldiarekin hasi eta kontatzeko istorio pila ditut eskuartean”.
Idazleen testuak irakurtzea erantzukizuna izan daiteke edonorentzat, baina Alkainek gozatu egin du irakurketa prozesua gauzatzean. “Ohorea eta plazera da sentitzen dudana. Idazle bikain hauek idatzi dituzten testuak erabat gozagarriak dira kontatzeko. Eta, beraz, espero dut entzuleek ere gozamenez jasoko dituztela bitxiak bezain interesgarriak suertatzen diren testuok”, gehitu du.
Formol Laborategiarekin ere ibili izan zen lanean Alkain zuzeneko podcast saioren bat edo beste egiten, eta Galtzagorri Elkartearen Gonagorri podcastean ere kolaboratzen du. Bere ustez, proiektu oso interesgarriak daude podcasten alorrean eta ederki pasatzen du haietan parte hartuz.
Wikilarien esanetan, lanik zailena zerrenda osatzea izan da: objektuak soberan ziren. Haien arteko hausnarketetan azken urtean ohikoa izan da “hauxe sartu beharko zenukete” esaldia en-tzutea. “Akaso, kanpoan geratu diren objektuekin beste ehuneko zerrenda bat egin genezake. Zerrenda osatzeko hainbat irizpide erabili ditugu, tartean gure buruari jarritako muga zail bat: objektua ez izatea gertakaria kontatzeko berariaz sortua (adibidez, Picassoren Gernika margolana). Saiatu gara garai historikoen arteko oreka eta lurralde-oreka manten-tzen. Pertsona zehatzek erabilitako objektu gehienek gizonezko izena dute: “Orekatzen saiatu gara emakumezkoen esku geratu diren objektu etnologikoak sartuta”, adierazi dute.