Joseba Potasio ikusezina da Bilboko kaleetan. Hori da Josu Martínezen azkenengo lanaren premisa. Martxoaren 20an aurkeztu zuen Loraldian Potasio laburmetraia. Joseba Potasio protagonistaren azalean Peio Berterretxe aktorea dugu, eta berarekin batera ikusezina den pertsona baten egunerokoan (eta frustrazioan) barneratuko gara.
Josu Martínezek zuzendu du pelikula, eta Jon Alonsorekin batera ondu du gidoia. Martínezek dioenez, Jon Alonsoren ideia bat izan zen, eta hortik tiraka, Potasio pelikula sortu dute. Peio Berterretxek antzezten duen Joseba Potasio protagonista ez ezik, Bilboko txokoetatik hainbat aurpegi ezagun aurkituko ditugu: Ramon Agirre, Mikel Martínez, Galder Perez, Ander Lipus, Maialen Berra eta Aline Etxeberri. Aktore horiez gain, Arantxa Iturbe behin eta berriro ikusiko dugun igogailuaren ahotsa izango da. Ikusleak igogailua ikusiko du; eta igogailua da, hain justu, Joseba Potasio ikusten duen eta berari zuzentzen den bakarra. Ikusezinak bilakatu al gara teknologia gainkarga duen gizarte batean? Gai al dira makinak gizakion beharrak asetzeko?
Hainbat dokumental zuzendu ondoren, 2023an aurkeztu zuen Martínezek bere lehen fikzioa: Bizkarsoro. Oraingoan, aldiz, fikzioan beste pausu bat eman eta lehen laburmetraia aurkeztu du. Formatu laburrak denbora gutxian nahi duzuna kontatzeko aukera dagoela aipatu du Martínezek. Loraldian egindako estreinaldian zuzendariak azaldu bezala, laburmetraiak mugitzea zaila da. Estreinaldia eta gero, ez dago oso argi non eta noiz egongo den ikusgai, baina Euskal Herriko festibalak eta plataformak izan litezke pieza ikusarazteko bideak.
Absurdotik, gizartea islatzera
“Komedia absurdo bat da”, azaltzen du barrez Josu Martinez zuzendariak. Abiapuntua egoera absurdo bat da: Ikusezina den pertsona bat. Kafe bat eskatzen duenean, inork ez dio kasurik egiten. Zerbitzarietako bat sakelako telefonoarekin dago, edo beste bezeroen eskaerak asetzen. Potasioren beharrak, ordea, ez ditu inork asetzen. Kaletik, inork ez du Joseba Potasio ikusten, jendea bere gailuetan murgilduta dago. Protagonistak bi gailu izango ditu hamahiru minutu irauten duen pelikulan: igogailua eta aterkia.
“Absurdoa” entzutean, konnotazio negatiboa etorri ahal zaigu burura: ez du ezer kontatuko, komedia komediagatik, soilik barrea bilatzen duen komedia huts bat izango da… baina ez, “absurdoa” komediaren barnean kokatzen den azpigenero bezala deskribatu genezake eta horren barruan, kritika soziala eta politikoarentzat ere lekua dago. Komedia absurdoaren tradiziotik edaten duen komedia bat da, gaur egungo arazo bati buruz hitz egiteko baliagarria dena: “Teknologiaz gainezka dagoen gizarte honetan dauzkagun morrontzak”. “Absurdoa komediaren estiloa da”, azaltzen du Martínezek, “Kafkak ere erabiltzen zuen estilo hori. Egoera absurdo batetik abiatzen da. Metamorfosia-n Gregor Samsa intsektu bat bilakatuta esnatzen da. Gauza absurdo bat da, eta horrek balio du gizartearen inguruan hitz egiteko”. Laburmetraian, Kafkari keinua egin diote. Pertsonaiaren izena Joseph K da. Taula periodikoan, K potasioa da. Pertsonaia psikiatrarenera doa, eta Joseba Potasio deitu ahal diola esaten dio, nahiz eta bere benetako izena Joseph K izan.
Psikiatrarengana joaten denean topo egingo du Joseba Potasiok hitz egiten dion igogailuarekin. Bidai horietan, Potasiok pixkanaka-pixkanaka bere jarrera aldatuko du: ez teknologiarekiko, baizik eta ikusezin bihurtzen duten begiradekiko.
Lehen aldiko elkarlana
Jon Alonso idazlearen ideia izan zen laburmetraia. Josu Martínezek gogoz hartu zuen Alonsok planteatutako gidoia eta bien arte moldaketak egin ondoren, prest izan dute Potasio. “Garai batean ibiltzen nintzen hitz egiten zuen igogailu batean, ateak ixtean, gora egiten zuenean… Denbora guztian hitz egiten zuen. Hortik etorri zi-tzaidan ideia. Hasiko balitz igogailua, horretaz aparte, nirekin hitz egiten, zer gertatuko litzateke? Hori izan zen abiapuntua”, aipatzen du Alonsok. Alonsok ideia kontatu zion zuzendariari, eta gero, gidoi bat egin zuen. Josu Martínezek bere aportazioak egin zituen, eta “pin ponean bezala”, azken gidoira heldu ziren.
Gizartearen kritika egin bainoago, jendeari ispilu bat jartzen saiatu direla dio Alonsok. Zein puntura heltzen ari garen eta gure mundua zelan bilaka-tzen ari den. “Nahiko nabarmenagoa da, gero eta gehiago gaude makinen menpe, eta aldi berean, nahiz eta itxura batean komunikazioa ikaragarria izan, batzuetan, sekula baino bakartuago gaude”. Komediaren bidez Alonsok eta Martínezek ideia hori modu adeitsu batean trasladatzeko modua aurkitu dute.
Lehen aldia da Jon Alonsorentzat ikus-entzunezkoen munduan. Hala ere, Josu Martínezekin duen harremana aspaldikoa da. Duela 6-7 urte, Martínezek Jon Alonsoren Hiri hondakin solidoak liburua pantaila handira eramateko saiakera egin zuen baina ez zen atera. Hori oraingo Potasio proiektuaren aurrekari bezala aipatu du Josu Martínezek. Jon Alonsoren hitzetan, ikus-entzunezkoetarako idaztea oso ezberdina da. Alonsok gogoratu du orain dela 40 urte zein zen euskal literaturaren egoera. Momentu horretan, euskal literatura gaurkotzea eta bereganatu behar izan zuten euskal idazleek. Gaur egun, egoera ona da, eta 40 urte geroago, idazle batzuk konturatu dira ikus-en-tzunezkoa dela bereganatu behar duten mundua: “Hortik jakingura hori sortu zitzaidan, zinemarako idazten hastea, edo gutxienez ikastea edo saiatzea”.
Hasieran, kontuan hartu behar izan zuen ez dela berdina liburu bat idaztea eta zinemarako idaztea. Laburmetraia zuzendariarena dela argi du, baina asko gustatu zaio ikus-entzunezkoan egiten den taldeko lana: “Jende askok parte hartu behar du, eta profesional pilo baten baitan dago azken produktua ondo ateratzea edo ez. Ez da ez nekien zerbait, baina gehiago konturatu naiz horretaz, eta gainera, gustatu zait. Oso diferentea da liburu bat idaztetik, oso bakarka egiten den zerbait dela”.
Elementuak, erreferentziak eta errekurtsoak
Lehen eszenatik Joseba Potasio bere aterkinarekin agertuko da, “denok leku batean edo bestean ahazten” dugun objektu horrekin joango da leku guztietara. Martínezek dio Potasio bere aterkin hori dela, aterkia elementu oso humanoa delako, beharrezkoa bezain ahaztua. Kafka ez da erreferentzia bakarra izan, euritako horrek zinemaren beste klasiko batzuk gogorarazten dizkigulako: Jacques Tatíren Hulot jauna, edo Chaplin Charlot. “Xamurtasunaren errebindikazio bat da ere, Potasiok maitasunaren beharra duelako, kontaktuaren beharra, eta ematen du gizarte honetan ezingo duela aurkitu”.
Estetikan ere Jacques Tatíri erreferentzia egiten zaio, baina benetan arreta deitzen duena 1:1 formatuan grabatua izan dela da. Hori ez ezik, hainbat enkuadre deformatuta daude. “Bakoitza bere munduan kabitzen da, baina Potasio ez. Gainera, Peio Berterretxe oso handia da tamainaz, eta sentsazio hori indartzen du, kabitzen ez delaren sentsazioa”.
Ikusezintasunak irakurraldia, ‘Potasio’-ren aurrekari
loraldiko aurkezpenean Jon Alonso eta Josu Martínez ez ziren bakarrik egon. Peio Berterretxe aktorea eta Adrian García de los Ojos musikaria haiekin egon ziren, proiekzioaren aurretik Ikusezintasunak irakurraldi musikatua eskaini zuten, sarrera gisa. “Ikusezintasunaren gogoeta xelebre bat idatzi genuen”, dio Alonsok. Hainbat ikuspegietatik hartu zuten gaia: ikusezina izatearen alde onak eta txarrak: nork egiten gaitu ikusezin? Eta, nork egiten gaitu ikusgai? Berterretxek interpretatu zuen Alonsoren eta Martínezen gogoeta, eta Adrian García de los Ojosek musika jarri zuen.
“XX. mendeko existentzialismotik gizarte oso teknologiko batera pasatu gara. Ematen du makinek erantzun guztiak dituztela, Chat GPT, Siri… eta ematen du horiek gabe ez garela inor”, dio zuzendariak. Mundu eta errealitate horretan, Potasio azken erromantiko bat da, eta modu horretan, “teknologiaren diktadura” ez onartzearen ondorioak bizi behar ditu: bakardadea, isolamendua, komunikazio falta… “Mundu guztia pantailetara pegatuta doan bitartean, harremanak desagertzen dira, eta hiriak jendez beteriko basamortuak bihurtzen dira”. Laburbilduz, telefonorik gabe ikusezinak bihurtzen gara. Laburmetraian ikusiko dugun hiri (edo basamortu) hori Bilbo da. Zuzendariak argi uzten du hiri guztien garapena izan dela teknologizazioa, ez Bilborena bereziki. Bilbo horretan, nahiz eta bere jarrera aldatzen joan, Potasio izeneko azken erromantikoa teknologia zaparradan aterkia irekiko du, gizatiartzen duen objektua bilakatuta.