Txikitan arrebarekin Bilboko alde zaharreko Maurice Ravel musika eskolara gindoazela, beldur eta harridura begirada nahastuarekin begiratzen genuen Pascual Molongua bazterren batean bere amplifikadorarekin abesti eta abesti artean “agur potxola” esaten zuen bitartean. Bera zen gure bizi-tzan ikusi genuen lehen pertsona arrazializatu beltza, eta gerora jakin genuenez, Baltasar errege magoa izaten da Bilboko Errege Magoen desfilean. Musika eskoletan berak abesten zituen batzuk jartzen zizkiguten, adibidez What a wonderful world. Baita Tema de amor, gizon malenkoniatsu horrek gitarrarekin jotzen zuena (eta jotzen jarraitzen duena, bere errepertorio motzean). Abesti hauek guztiak ikasteak eta erlazioan jartzeak musikari sasi jainkoaren figura alde batera uzten zuen eta guk geuk musikarekin erlazioa izan genezakela bermatu. Obra berdinak ikasten genituen, eta, guretzat kalean aritzen ziren musikariek Mozarten eta Armstrongen izaera jainkotsu berdina zuten, guztiz profesionala. Hori da, hain zuzen ere, kale artearen indarra: artea goratzeari uztea eta eguneroko bizi-tzara ekartzea.
Bada, Bilbon hau aldatzera doa. Gatazkaren oinarrian udalak espazio publikoaren erabilera arautzeko eta hiriguneetan zaratak eragindako kexei erantzuteko bultzatutako udal ordenantza berria dago. Proposatutako neurrien artean, kalean anplifikazioa erabiltzeko debekua nabarmentzen da, baita ordutegiei, kokapenei eta jarduteko baldintzei buruzko murrizketa handiagoak ere. Udalak atsedena eta bizikidetza bermatzeko tresna gisa defendatzen du araudia, bereziki tentsioan dauden eremuetan; hala nola, Abandon, Indautxun eta Alde Zaharrean (hau da, kaleko musikariek ikusgarritasun gehien daukaten tokietan). Hala ere, kaleko musikari eta artistek salatu dute araudiak kolektibo osoa zigortzen duela eta hiriko ohiko paisaia osatzen duten kultura jarduerak ezabatu ditzakeela. 2019an kalean jotzeko karneta nahitaezko egin zuen artistak zentzu batean izena ematera behartuz, eta orain guztiz ezabatu nahi ditu, oinezkoei egiten dieten oparia ondasun kulturala ez balitz bezala.
Aurre egiteko, antolakuntza
Horregatik, protagonistekin hitz egin nahi izan dut. Araudi berriaren aurkako jarrera nabarmenena Kaleko Musikariak kolektiboaren inguruan artikulatu da, udal proposamena ezagutu ondoren sortutakoa. Hortik aurrera, Ander Enziondo bozeramaleak gaineratu dutenez, “ahoz aho azkar bildu ginen, gure artean elkar ezagu-tzeko, proposatutako murrizketei buruzko informazio zehatzagoa aurkitzeko eta bakoitzak bere egoera pertsonala planteatzeko”. Kideen artean oso profil desberdinak daude: “Bizirauteko diru sarrera hori duten pertsonetatik hasi eta jotzeko lekurik aurkitzen ez duten gazteetaraino”. Kezka nagusia anplifikazio bitartekoak erabiltzea debekatzea da. “Horrek abeslarien emanaldiak, teklatua edo gitarra bezalako instrumentuak eta oinarri musikalak dituzten antzerki edo dantza emanaldiak eragozten ditu”, salatu dute. Diotenez, “kale jendetsu batean anplifikatzailerik ez duen abeslari bat ezin da entzun”. Aitzitik, soinu potentzia handiagoa duten beste instrumentu akustiko batzuk ez lirateke berariaz kanpoan geratukon (saxofoi bat, kasu).
Elkarteak aitortu du auzotarren kexetako batzuk legitimoak direla: “Ez zaie arrazoirik falta”. Kolektiboak azaldu du duela gutxi Abando Anaitasuna auzo-elkartearekin bildu zela eta bat datorrela “hiri atseginago eta zibikoago baten aldeko aldarrikapenarekin, non bizilagunen isiltasunerako eskubidea errespetatuko den, izatez, Bilboko bizilagunak garelako”. Kasu problematiko gutxiek debeku orokor bat justifikatzea arbuiatu dute: “Autoak debekatzen al dira mozkor dagoen gidari batek istripu bat eragin duelako?”. Haien ustez, arazoa larriagotu egin da udalak reinzidentziak kontrolatu ez dituelako. Gainera, gogorarazi dute hainbat auzo elkartek urteak daramatzatela atsedena eskatzen, hiriaren erdigunean “udalaren makroekitaldiak etengabe egitearen aurrean”, eta kaleko artistak haien-tzart “arazorik txikiena” direla.
Hiriko egunerokoa inspiratuz
Tarisko afrobeat talde bikain eta arrakastatsua sortu zenetik, duela bost urte, aritu da ia kalean. Azaldu dutenez, formatu hori aukeratu zuten, Bilbon “ez dagoelako banda hasiberrien-tzako espaziorik eta areto txikiak falta direlako”, dio Kike Heredero tronpeta jotzaileak. Eguneroko esperientziari dagokionez, hiria “kalean jotzeko nahiko eskertua” dela diote, eta askotan “jendearen aurpegietan eguna alaitzen ari zarela” sumatzen dutela (nik gehituko nuke ekonomikoki ere askotan aretoetan baino eskuzabalago direla). Udaltzaingoaren tratu orokorra ere nabarmendu dute, “beste hiri batzuekin alderatuta errespetu handia” dagoelako. Ordenantza berriari dagokionez, oso zorrotzak dira: “Ezingo genuke jo”. Eta unean uneko hitzordu handietan soilik oinarritutako ikuspegi kulturaltzat jotzen dutena kritikatu dute: “Hiri bateko artea egunerokoan mantentzen da... ez du balio The Cure urtean behin etortzea Europako hiriburu kultural gisa saltzeko”. Kaleko musikak harribitxia baino gehiago molestatzen duela uste dutenentzat, haien erantzuna sinplea da: “Eman dezala paseo bat”.
Argi geratzen da orduan, zarata segun eta nork antolatzen duen ez dela hain nekagarria eta gu, Kaleko Musikariak taldeak bezala kaleko musika tokiko nortasunaren parte dela defendatzen dugu. “Bilbok beti izan du errespetua kaleko musikari eta artistekin oro har, adierazpen artistikoa ahalbidetuz eta ekarpen kultural libre eta eskuragarria oso positiboki baloratuz”, adierazi dute. Gainera, gogoratu dutenez, “txikiteroak edo abesba-tzak gure kulturaren eta idiosinkrasiaren parte ere badira”. Ba jarrai daitezela izaten, eta “Aupa potxola!” inspiragarri asko sortzen.