Jesus Jauregi artistak lehen aldiz aurkeztu du Bilbon bere proposamenik anbiziotsuenetako bat: Anthropos. Urteetako lana biltzen duen formatu handiko erakusketa EHUko Bizkaia Aretoko Chillida aretoan dago ikusgai. Tamaina handiko dozena bat koadrok osa-tzen dute erakusketa, eta maiatzaren 7ra arte egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera 08:00etatik 20:00etara. Testuinguru akademikoak esanahi berezia du artistarentzat: “Unibertsitatea hiri baten arima da”, dio, eta horregatik bertan erakustea “harrotasun eta satisfazio handia” dela azpimarratu du.

Anthropos izenburupean, erakusketak “gorputzaren zalantzazko izaera” du ardatz, eta gizakiaren existentziari buruzko galdera sakonak jorratzen ditu. Artistaren hitzetan, “existentziaren enigmak adierazteko saiakera” bat da, eta erantzunak eman baino gehiago misterioan sakontzen du. “Ez dakigu ezer, eta horrek erakartzen nau”, adierazi du. Bere lanetan gizakia, animalia eta jainkotiarra gurutzatzen dira, irudi hibridoak sortuz, ezagunaren eta ezezagunaren arteko mugan koka-tzen direnak.

Jauregik dioenez, gaur egungo diskurtso kontzeptualen nagusitasunaren aurrean, beste bide bat defendatzen du berak eta horregatik bere proposamena nabarmen aldentzen da arte garaikidearen joera nagusietatik. Arteak behar intimo eta biszeral batetik sortu behar dituela argudiatuta, intuizioa, sena eta poesia jartzen ditu erdigunean, ideiaren eta diskurtsoaren gainetik. “Nire iparrorratzak kontrako norabidea markatzen du: artea mitifikatu eta sakralizatu egin behar da dimentsio sinboliko eta sakratu bat berreskuratzeko asmoz”.

Tamaina handiko pinturak dira oinarria.

Tamaina handiko pinturak dira oinarria. Miguel Espiga - AHU

Sormen prozesu intuitiboa eta aurrez ez planifikatua

Erakusketako lanak formatu handikoak dira, eta artistak azaldu duenez hori ez da erabaki estetiko hutsa, baizik eta bilakaera baten ondorioa. “Denborarekin gai batzuek eskala handiagoan lan egitea eskatzen zidaten”, azaldu du. Horrela, bere ibilbidean zehar landutako ideiak handituz joan dira, presentzia handiagoko piezak sortu arte. Anthropos erakusketako irudiak, oro har, bakartiak eta biluziak dira, indar adierazkor handikoak, eta askotan animalien ezaugarriak agertzen dira: “Gizakiaren alde animal hori harrapatu nahi dut, batzuetan jainkotiarra ukitzen duena”.

Jauregiren arabera, erakusketa osa-tzen duen obra bakoitza ez da irudi isolatu bat, baizik eta ibilbide baten parte: “Obra bakoitza aurrekoaren ondorio bat da, kate moduko bat”. Piezek ez dute soilik banakako presentzia, baizik eta elkarrekiko lotura bat, ikuslearentzat irakurketa jarraitua proposatzen duena. Hain zuzen ere, artistak ez du ikuslearen interpretazioa gidatu nahi: “Ez dut nahi jendeak nire obra modu bakar batean ulertzea”. Bere ustez, lanak irekita egon behar du eta ikusle bakoitzak bere esperientzia propioa sortu behar du. “Obra bera baino garrantzitsuagoa da sortzen duen esperientzia”.

Alderdi formalari dagokionez, bere lanak kolore paleta mugatu batean oinarritzen dira, grisak, zuriak eta beltzak nagusituz. Argia eta itzala funtsezko elementuak dira giroak sortzeko eta iradokizuna indartzeko. “Ilunantzak, argi baxuak eta iluntasunak asko erakartzen naute”, dio. Hautu horrek erronka estetiko bat ere badakarkio: “Kolore gutxirekin lan egitea zailagoa da, eta zailtasun hori interesatzen zait”.

Jesus Jauregi ‘Anthropos’ aurkezten.

Jesus Jauregi ‘Anthropos’ aurkezten. Miguel Espiga - EHU

Teknika aldetik, Jauregiren prozesua ez da inoiz erabat itxia. Batzuetan marrazki batek edo orban batek hasten du lana, eta hortik aurrera garatzen du obra: “Hasierak ez du beti amaiera iragartzen”. Prozesu horrek ustekabeko bilakaerak ahalbidetzen dizkiola adierazi du, eta bere ustez hor dago sormenaren parte garrantzitsu bat.

Jauregiren sormen prozesua hain zuzen irekia eta intuitiboa da. “Ez dut helburu mental zehatzik”, azaldu du. Batzuetan ideia batetik abiatzen bada ere, lana bere kasa garatzen da pixkanaka. “Pausoak intuitiboki jarraitzen ditut amaierara iritsi arte”. Azken emaitzan, ordea, batasuna bilatzen du: “Orkestra baten moduan, elementu guztiak soinu bakarrean elkartzea”.

Konstruktibismoaren eta Latinoamerikaren eragina

Artista bilbotarraren ibilbidean eragin handia izan dute euskal konstruktibismoak; eta, bereziki, Nestor Basterretxea eta Jorge Oteizarekin izandako harremanek. “Nire eskola izan ziren”, aitortu du. “Haiengandik egituraren garrantzia jaso nuen, arte adierazpenaren oinarri gisa ulertuta, nahiz eta askotan ez den ikusgarri”.

Bestalde, 25 urtez bizi izan da Jauregi Mexikon eta horrek eragin sakona izan du bere obran. “Han aurkitu nuen artearen magia”, gogoratu du. Figurazio berria, espresionismo mexikarra eta arte indigena ezagutzeak ikuspegi irekiago bat eman zion. “Mendebaldeko zurruntasunetik askatu nintzen”, dio, eta Latinoamerikako sormen askatasuna nabarmendu du.

Anthropos erakusketa ez da azalpenak emateko espazio bat, esperien-tzia bat baizik. Artistaren asmoa argia da: “Ikusleak zerbait senti dezala, barrutik astindu dezala”. Ez du interpretazio itxirik bilatzen, baizik eta eragina. “Sartu den bezala ez ateratzea”. Intentsitate horretan kokatzen du bere lanaren benetako zentzua.