Hamabost urterekin hasi nintzen Benito Lertxundi maitatzen. Bere disko bat iritsi zen mundua deskubritu nahi zuen nerabearen eskuetara, Zuberoa/Askatasunaren semeei deitua. Berehala konturatu nintzen hura zerbait sakona zela, ez zela modako disko arrunta: bere azala, barneko argazkiak, testuak, ahots hark kantatzen zuen oro laztantzeko zeukan manera… Maitasun asko zegoen lan hartan, gusto handia, eta hori antzeman egiten da. Bizitzaren berezko iheskortasunaren erdian konturatu nintzen disko hura nirekin geratuko zela betirako.

Nerabezaroan promesei ematen diegun garrantziarekin sentitu nuen baneukala bizitza osoan lagunduko zidan kantari bat, ahots bat, erreferente bat, munduaren ikerle bat, emozioen itzultzaile bat, sentimenduen jostun bat, Euskal Herriaren kantore bat.

24 urterekin konposatu zuen Benitok bere lehen kantua: Loretxoa. Zenbat Gera galdezka hasi zen Gure Bide Galduetan barrena, Gazte Sentimentalez eta Sasi Intelektualez betetako gizartean. Beltzari Ez Kanta aholkatu zion. Ezin Uka Txori Ttikiarekin hunkitu gintuela, hori Umeek ere Jakin Dute. Oria Ibaia maite du Oi lur Oi Lur kantatzeari utzi gabe; askotan Haserre Egon Nahi izan du, baina Entzun Zazu Herri-Behera jota eta, agian, Atarra-tzeko Gazteluan esnatuko zara, Beti Penetan bizi ziren Maria Solt eta Kasteroren ondoan.

Hori da, ziurrenik, entzuleak liluratzeko daukan ahalmenaren iturburua: infinitua ikusarazten digu.

Mapa sentimentalak osatzen artista paregabea da Benito: denok nahi genuen gure neskarekin Aezkoako mendietan barrena galtzea, Zuberoako Aire Deliziusean horditzea, Orhiko Xoria entzutea Goizian Argi Hastian. Orreagako gatazkan gure arbasorik ibili ote zen? Entzun ote zituen gure birraitonak Muñagorriren bertsoak trintxeran? Elurra egiten al du oraindik ere Beotibarko zelaietan?

Urrundik Heldu Naizela sentiarazten dit Benitok, Amerikara Noa kantatu ondoren Oi Ama Euskal Herri goxua oroitzen zuten haiei Egunsentian Amets egiten lagundu zien bezala. Baldorba Udazken Koloretan ikusi ondoren Gora Oriotarrak esan daiteke Bizkaia Maitatzeko Beldur Gabe.

Aitortu behar dut ez natzaiola beti fidel izan. Beste aire batzuk zebiltzan euskal musikaren uhinetan, eta modernoa izan nahiaren sindromeak ez zidan uzten bere lana zeharkatzen duen atenporalitatea dastatzen. Bere lan batzuei paso egiteko kapritxoa eskaini nion neure buruari. Baina orain jakin dut zergatik egin nuen hori guztia: banekielako hogei urteren ondoren ere, berriro haren beharra sentitzen nuenean, Benito hor egongo zela.

Neu baino aunitzez gazteagoa zen neskato baten bidez aurkitu nuen Benito berriro. Amodioaren gauean Hitaz oroit diskoa jarri zidan, eta ohartu nintzen nik Zuberoako diskoarekin sentitu nuen lilura berak harrapatua zuela neska hura ere, eta Benito bazterrean uztea luxu handiegia zela. Mundu honetan ez da bere kategoriako jende asko aurkitzen. 

Orduan hasi nintzen galdezka: zer dauka Benitok belaunaldien mugak hain erraz gainditzeko?

Batetik, bere ahotsa sentsuala da, sartu egiten da barruraino, eta ez du alde egiten. Irauteko bokazioa du, hortxe dago, urte asko kanpoan ibili ondoren etxera itzulitakoan ahots maitatuak “Zer moduz zaude?” galdetzen dizunean bezala. Bere ahotsak bakea ematen du, errukirik jaso ez dutenen samina leuntzen du.

Bestetik, bere kantuak kantu dira osoki, ez letra musikatuak, ez musika letraz osatuak, ez doinu akordez aberastuak, ez tradizio berreskuratua. Bere kantakeraren kadentzian soilik zentzua daukaten artefaktuak dira. Garbi ikusten da ez dituela berak sortu; sor-tzera eman dizkio bizitzaren aurrean daukan bere sentiberatasunak. Kantu horiek baziren, baina Benitok etorri behar izan du esatera: “Kantu hauek badira, eta zuei eskain-tzen dizkizuet”. Gutako bakoitzak bere bihotzarekin mantentzen duen elkarrizketa sekretuaren osagarri bihurtu dira.

Eta azkenik, nik esango nuke bere misterioa… Ez, ez dut gehiago esango. Ez da dena esplikatu behar. Benito noizbait infinitura bidaiatu zuen bardoa da. Gauza asko ikusi ditu bere bidaian, infinitua bere baitan aurkitzen dela jakin zuen arte. Hori da, ziurrenik, entzuleak liluratzeko daukan ahalmenaren iturburua: infinitua ikusarazten digu. Gure bizitzaren muga tenporalak kolokan jartzen ditu.

Berrogeita hamar urte igaro dira hamabost urterekin Benito maita-tzen hasi nintzenetik, eta ez nengoen oker bizitza osoan lagundu didan kantari bat aurkitu nuela sentitu nuenean, ahots bat, erreferente bat, munduaren ikerle bat, emozioen itzultzaile bat, sentimenduen jostun bat, Euskal Herriaren kantore bat, eta garrantzitsuena: lagun handi bat.