iru emakume heldu dira. Bi oinez. Bertzea, aulki gurpildunean jarrita. Arras adinekoak dirudite, haien karantza ikustea zaila den arren. Hirurak ere betaurreko beltz, pamela handi bana buru gainean eta musukoa ahoan. Maskarak ikustera ohitu bagara ere, ezin begirada saihestu hiruko multzo bitxi horretatik. Azken egunotan, maskara zuriak, ilunak, koadrodunak, loredunak ikusten dira. Hori bai, koadriletan, nekez eramaten dira aho parean. Izozki-denda bateko ilara amaigabean, adibidez, kokotsean, lepo aurrean, belarritik zintzilik, buru gainean, eskuan atxikirik, eskumuturrean loturik. Bitartean, bazterrak lepo. Behin gauturik, ordea, bihirik ere ez dabil, salbu Gazteluko plazan. Bitxia da, konparaziora, Zapateria karrika mehar eta isila zeharkatu ondoren, Jacobaren pasabideko eskailerak igo eta, halako batean, plaza argitsu eta zalaparta-tsuan sartzea. Are bitxiagoa egiten da, plaza gurutzaturik, jenderik gabeko Estafeta harrigarriki isil eta mortura iristea. Sanferminen erlojuari begiratu, eta 400 egun baino gehiago falta direla marka-tzen du; ofizialki, bederen. Udalak eten egin dizkie kontratuak udal txistulari eta gaiteroei, bai eta Pamplonesari ere. Gainera, lanera joatera behartuko ditu udal langileak uztailaren bigarren aste horretan. Hala ere, nekez pentsa daiteke uztailaren 6an, bederen, besta girorik egonen ez denik. Artetik errateko, nork asmatuko ote du Sanferminen moldeko maskara? Bizkitartean, alkatea maskaratu nahian dabil udal taldeen artean izaniko negoziazioak. Lehenik, on line egin dira; gero, aurrez aurre. Mayak dena ukatzen badu ere, gauzak adoste bidean zeuden. Oposizioko talde nagusiari akordioa komeni zitzaion. Horregatik, arraroa da alkate ohiak prentsaurrekoa eman izana akordioa sinatu baino lehen, jakinki ere iragarpen horrek dena hankaz goratuko zuela. Bitxia, zinez.