tzokoa Baratxuri plazatik abiatu zen. Adinez aurrera doazenak oroituko dira Donibaneko Toki Ona taberna paretik abiatzen zirela. Autobus geltokia, urtetan, aunitzen abialeku izan zen eta, arras jendetsuak espero zirenak, berriz, Golem zinetokietatik, Donibaneko etorbide zabalak gurutzatu, Armada etorbidea hartu eta Gazteluko plazan edo Sarasaten bukatzeko. Altsasuko gazteen aurkako auziaren harira, bertzelako ibilbideak pentsatu ziren, lehenago imajinaezinak. Haietako bat, adibidez, Sadar futbol zelaiaren parean hasi, Zaragoza etorbidean goiti egin, Karlos III.a gorantz hartu eta arras leku ezohikoan bukatu zen, Askatasun plaza baino lehenago, Bigarren Zabalgunearen bihotzean, ekaineko egun bero batean, inguru hartako tabernetako edariak agortuta. 2018a zen, eta iduri du joan den mendean izan zela. Azken urteotan, izan da autobus-geltoki berriaren gaineko zelai zabala aukeratu duenik bukaera emateko. Edota Baratxuri plazan kokatu dute zenbaitek beren manifestazioen hasiera. Bada, atzokoan ere bai. Handik atera, Alde Zaharreko karrika meharretan ibili eta Sarasaten izan zuen helmuga, Parlamentuaren aitzinean. NUPeko euskara taldea, deitzaile. Ez da garai onena Nafarroako jende euskaldunari egiten zaizkion laidoak plazan salatzeko. Azken egunotan watsappak ez dira gori-gori izan manifestaziorako deia zabaltzeko. Baina NUPeko euskal ikasleek, behintzat, beren ezinegona plazaratu dute. Haserrea ere nabari da harat-honat, baina ez da oraindik asmatu sumin hori plazan zabaltasunez bideratzeko modua: nolakoa, helburua, deitzailea. Aldiz, karrikan erdietsi ez dena, ederki lor-tzen ari da kulturgintzan eta sorkuntzan. Hiriburua dugu horren erakusgarri. Azaroan, ezin konta ahala ekitaldi, emanaldi, ikuskizun, jardunaldi... euskaraz. Kultur arlotik etorriko ahal da ideiarik karrika berriz ere betetzeko.