Desmasia
Behin ekaina hasirik, bide guztiek garamatzate uztailaren 6ra, harresiz kanpoko alorrak horitzen eta Etxauribarko gereziak mardultzen diren bitartean. Edo are, behin maiatzean sarturik -erran beharko genuke-, tonbolako lehen egiturak Sarasaten agertze hutsarekin batera. Ez dago ihesbiderik. Dena azkartzen, biziagotzen, bertzelakotzen da festaren gune nagusietako karrika, denda, taberna, peña eta elkarteetan. Jendeak ere gero eta agudoago, gero eta nerbiostuago, egiten ditu bere eguneroko joan-etorriak, mandatuak gero eta lasterrago egin nahirik, salgaiak agortuko ote diren beldurrez, dela festetarako den-dena prestatzeko, dela hiritik ospa egiteko.
Aitzitik, bizitzaren taupada ez da den mendrena ere aldatzen festaren erdigunetik urruti dauden auzoetan, eta han ere salbu daude ia larunbatero Alde Zaharrean destenorez gertatzen diren desmasietatik. Izan ere, puri-purian dagoen apartamentu turistikoen aferaz landara, udaberri honetan plazaratzen hasi da ostalaritzak maltzurkeriaz asmatu duen bidea gau osoan jan-edana saltzen jarraitzeko. Ofizialki ez dira ez taberna, ez jatetxe, baina edaria eta janaria zerbitzatzen dizkiete behin ohiko tabernak itxitakoan gaua luzatu nahian goseak amorraturik dabiltzan gau-txori olde handiei. Alimaleko jendeketa pilatzen baita haien arrimuan eta amarruan. Barnealdean, zorroratzekoa erosi, eta karrika dute jantoki, pixatoki, zabor toki, oka toki, ika-mika toki.
Azken zurruteroak goiznabarreko lehen argi txintekin batera aienatzen dira. Azken buruan, sanferminek duten alderik txarrena gertaberritzen da astebururo udaletxearen inguruko zoko-mokoetan, ez baita hiru burguetan gisako zulo ziztrinetatik salbu dagoen karrikarik ere. Gero, astelehen buruzurian lehen zinegotziak udaletxean agertzen direnerako, dena garbi eta txukun dago, garbitzaileen ahalegin handiari esker.
Temas
Más en Pamplona
-
E.Leclerc Pamplona celebra su VII Feria de la Cerveza y Comida Internacional con más de 100 marcas y 190 ofertas
-
Un pincho en favor de Adacen, propuesta de 24 establecimientos para la 'escalerica' sanferminera
-
El Ayuntamiento de Pamplona inicia los pasos para terminar el paseo Anelier en la Rochapea
-
El Mercado del Ensanche, aula del Basque Culinary Center