Bertsio ofizialak
Beti sortzen du lehen elurrak halako hunkidura berezi bat, batez ere lehen argi txintek gauaren iluntasuna urratu eta teilatu teila gorriak zuriz jantzita ageri direnean; bereziki, elurra gero eta bakanago hurbiltzen ari zaigun garaiotan. Baina elurraren zuritasun jostagarriaren gainetik, halako larridura sakon bat sumatzen da airean zintzilik, noiz eta “Patxi Zaharrak” azken arnasa ohatzean eman zuenetik mende erdia joan den honetan, izugarria baita zenbait hedabide barreiatzen ari diren zaborra.
Egia erran, ez dira inola ere gaur egun asmatuak albiste faltsuak, orain “fake news” edo “bulo” erraten bazaie ere. Azken buruan, gauza bera baitziren barne ministerioaren “bertsio ofizial” haiek guztiak, nerabe eta gazte ginelarik egunkari gehien-gehienek otzan-otzan, txintxo-txintxo eta kontrako deus erran gabe zabaldutakoak. Orain, UCO delakoaren txostenak dira “bertsio ofizialak”; hori bai, komeni denean, jakina. Izan ere, fiskal nagusiaren auziari dagozkion txostenak zalantzan jarri dituzten berberek egia santutzat jo dituzte Cerdán auziari buruzkoak, haietan erraten eta erraten ez diren edo erdizka erraten diren kontu guztiak nahastekaturik, eta dena hasi dira maltzurki nahasten, asmatzen.
Bereziki saiatzen ari da horretan Madrilgo hedabide “aurrerazale” eta “ezkertiar” horietakoren bat, zenbait gaitan guztiz bat eginez hedabide eskuindarrekin. Erran nahi baita: ustelkeria Nafarroan hasi zen, noiz eta abertzaleen agintepeko 2015-2019 legealdian, eta ez du zerikusirik batere alderdi sozialistarekin. Horretarako, gibel asmoz beterik, urte haietan agintean zeuden batzuen izenak plazaratzen dituzte zurrunbilo zikinaren erdira, haiek direlakoan ustelkeriaren eragileak. Horra hor jendeari sinestarazi beharreko “bertsio ofiziala”, datozen hilabeteotan ederki hauspotuko dutena.
