Urtero bezala, aurten ere Takonera parkeko Vistabella Oinez Txokoaren gunea izango da. 10:30etik hasi eta goizeko 2:30ak bitartean, Zangozako Ikastolak kudeatuko duen guneak hamaiketakoa hartu, bazkaldu, afaldu eta musika zein bestelako egitarauaz gozatzeko tartea eskainiko du. Haur, gazte zein heldu, bestak lasai eta patxadaz bizitzeko gunea izanen da antolatzaileen aburuz, Takonerako zuhaitzen itzalpean eta Alde Zaharreko erdigunetik aparte.
Zangozako Ikastolako arduradunek argitu moduan, txosnan ogitartekoak eskatzeko aukera izanen da eta mahai eta aulki gune bat prestatu da. Bestalde, urrian eginen den Nafarroa Oinezeko arropa eta materiala erosteko saltokia ere atondu dute Takoneran. Egitarauari dagokionez, “programa zabala eta anitza” prestatu dute zangozarrek, musika estilo desberdinak uztartuz eta hainbat jarduera eskainiz. “Parte hartuko duten ia sortzaile gehienak nafarrak izango dira”.
Oinez Txokoak, bestalde, berezko txupinazoa izanen du gaurkoan. Hartara, Iruñeko bihotzean, Gazteluko plazan, euskal komunitatearentzat espazio bat ireki duen Laba sareko kideek izanen dute txupina jaurtitzearen ardura aurten: “Jaiari hasiera ematea ez da erronka makala eta, hori dela eta, Zangozako Ikastolak euskalgintza erdigunean jarri, eta hurrengo uztailaren 6ko txupinazoa LABA taldeari ematea erabaki du”. Gaueko giroa ere ziurtatuta egonen da gaur Leizeak eta Streetwise taldeen kontzertuekin, 23:30etik aurrera.
Bihartik aurrera, egitaraua bi bloke nagusitan banatuko da, antolatzaileek iragarri bezala. Alde batetik, arratsaldeko giroa egonen da. Alde horretatik bihar arratsaldean bertso-saio musikatua egonen da eta EuskarAbenturako lagunak ere bertaratuko dira. Hurrengo egunetean, dantza saioak, Pontx pailazoaren emanaldia, Jotatxo DJ-ren emanaldia, Trikidantzen kontzertua… Musika eta giro atsegina ez dira faltako egunez.
Gaueko kontzertuen artean, bertako musikariak izanen dira nagusi Oinez Txokoko eszenatokian. Bihar Against You eta Marzzel taldeen txanda izanen da, astelehenean Dj Mortx-ek pintxatuko du musika, asteartean Bombadil Sound Systemen txanda izanen da, asteazkenean Gailuk eta Ochi di farfalla taldeek joko dute, ostegunean Bainera! taldea izanen da oholtza gainean, ostiralean Bandatze eta Blekingekale Banden taldeak ariko dira, heldu den larunbatean Pi LT eta Eztitanek alaituko dute gaua eta, bukatzeko, igandean Iñaki Labakak eta LBK Bandek emanen diote amaiera aurtengo Sanferminetako bestei.