XX. mendearen hasiera garai zirraragarria izan zen euskal kulturarentzat, berpizkunde garaia alor anitzetan: euskal kulturan, literaturan, irakaskuntzan, prentsan… Gai hauxe du mintzagai Euskarabidearen eskutik datorren “Euskara aleka” podcastaren kapitulu honek, hain zuzen ere.

Nafarroako Diputazioak, adibidez, Euskaltzaindiaren eta Eusko Ikaskuntzaren sorreran parte hartu zuen. Hantxe egon zen Nafarroako Diputazioa, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioekin batera, baita Gasteizko, Iruñeko eta Baionako apezpikuak ere.

Bestelako erakundeak ere sortu ziren, hala nola Euskal Esnalea, Arturo Campionen zuzendaritzapean. Iruñean bertan Euskararen Adiskideak elkartea sortu zen. Helduentzako euskarazko eskolak ematearekin batera, euskal prentsa ere loratzen hasi zen garai hartan, podcastak gogoratzen duenez. Horien artean nabarmenetako bat izan zen Zeruko Argia, gaur egun Argia izenarekin ezagutzen duguna.

Nafarroako idazleen artean, Fermin Irigaray Larreko auriztarra, Jose Agerre eta Alexander Tapia Perurena iruindarrak eta Aita Damaso Intzakoa nabarmendu behar dira. Irigarayren eskutik iritsi zen Nafarroan argitaratutako XX. mendeko euskarazko lehenengo artikulua, “La tradición Navarra” egunkarian. Artikulugile emankorrena, alta, Jose Agerre izan zen, hasieran Diario de Navarra-n idatzi zuena.

1936an piztu zen Gerra Zibilarekin batera, tamalez, euskal mugimendu literarioa apalaldian sartu zen. Hala idatzi zuen Alexander Tapiak: “Nere anaia maiteak, eta batez ere euskarazko idazleak, hartzazue nere agur gartsua. Hara, negua etorri zaigu. Noiz ezereztuko dira bere laino gogorrak, noiz garbituko da negu luze hau, noiz datorkikegu gure askatasuna? Hau oinaze latza!”. Hala ere, egon zen etxeko isilean euskaraz idazten jarraitu zuenik, Irigaray bera erraterako, Gerla urte, gezur urte liburua ondu zuena.

26 kapitulutan, Nafarroan eta hiriburuan bertan euskarak mendeetan izan duen garrantzia azaltzen dute podcastek modu atsegin eta askotarikoan. Hamaika kontakizun, istorio, gertakari eta gizon-emakume ageri dira bertan, Nafarroa osokoak, hau da; Iruñekoak nahiz Iruñerrikoak, Mendialdekoak, Erdialdekoak eta Erriberakoak.

“Euskara aleka Nafarroako Gobernuak egindako lehen podcasta da. Edukia sortzeko bildutako informazio historikoaren iturriak Nafarroako euskararen historiografiari buruzko lanak izan dira, besteak beste, Jose Maria Jimeno Jurio, Peio Monteano, Jose Maria Satrustegi, Patxi Salaberri, Joxemiel Bidador, Mikel Belasko, Fernando Maiora eta Xabier Erizerenak. Material historikoen hautaketa Enrike Diez de Ulzurrun itzultzaile eta idazleak egin du.

Podcast guztiak euskaraz zein gaztelaniaz daude entzungai:


Con la colaboración del Ministerio de Cultura y Deporte / Kultura eta Kirol Ministerioak lagundua.