Hasi bihotzetik eta mingainera, hasi mingainetik eta mundura, martxan jarri da lege berri bat: euskaraz Euskal Herrian. Hauek izan daitezke AEK euskaltegiek eskaintzen dituzten asteburuko barnetegien filosofia biltzen dituzten hitzak. Izan ere, asteburu honetan martxan jarriko diren barnetegiek xede bat dute: euskaraz bizi-tzeko aukera eskaintzea.
Urtetik urtera, udaberriko lehen loreak jaiotzen hasten direnean, ikasturteko lehen barnetegiak sor-tzen hasten dira. Baina aurtengo udaberria euskal lorez jantzirik dator. AEK euskaltegiek Euskal Herri osoari zabaldu dizkiote asteburuan antolatzen dituzten barnetegietako ateak, hizkuntza ikasten ari diren herritarrek buruan preso dituzten hitzei mingainaren lagun-tzaz askatasuna eman diezaieten. Eguneko 24 orduak ingurune euskaldun baten bihotzean bizi ditzaten.
60 orduz hitzetik hortzera
Euskal hizkuntza ahoz aho
Iruñerriko AEK-ko arduradun Asier Biurrunek eta Xabier Garciak adierazten dutenez, barnetegiek eskaintzen duten aukera "euskara ikasten ari den jendearentzat ezin hobea da, beren ikas prozesuan aurrera pausuak emateko". Izan ere, hizkuntza bat ez da bakarrik gramatika arauetara mugatzen. Euskara bizirik dago, eta luzaroan arnasten jarrai dezan, ahoz aho ibili behar du dantzan, hitzetik hor-tzera:"hizkuntza bat erabiltzea da hizkuntza bat ikasteko modurik onena, eta guk hori eskainiko dugu; benetako egoera batean euskara erabiltzen irakatsiko diegu barnetegietan parte hartzen dutenei", azaltzen dute.
Horiek horrela, euskara ikasten ari diren herritarrek -edozein euskaltegitan ari direnak, Hizkun-tza Eskola Ofizialean, bere kasa edo lehenagotik ikasi duten lagunek- aitorren hizkuntza zaharra bere testuinguruan entzuteko eta hitz egiteko parada izanen dute. Izan ere, asteburuko barnetegiak Gipuzkoako Aduna herrian eginen dira, herri euskaldun baten bihotzean. "Askorentzat herri ezezaguna izaten ahal da, eta horrek erakargarritasuna ematen dio barnetegiari". Ikasleak berriturik itzuliko direla gaineratu dute, "esperientzia honen ondoren desberdin sentituko dira, beraien barruan zerbait berezia piztuta itzuliko dira".
Honekin guztiarekin batera, AEK-k asteburu honetan martxan jarriko dituen barnetegiek Nafarroako eta gainerako herrialdeetako euskaldunen arteko zubi lanak bete ditzake. Era honetan, "lagun berriak egiteko aukera paregabea" izanen dute parte hartzaileek, euskal komunitatea osatzen duen sarea josten duten bitartean.
asteburua
Hiru egun, hamaika ekintza
Asteburuko barnetegia hiru txandatan eginen da. Lehenengoan, gaur, bihar, eta etzi, EGA azterketa prestatzen ari diren ikasleek eta hirugarren mailakoek zabalduko dituzte barnetegiko ateak. Bigarrenean berriz, apirilaren 16an, 17an eta 18an, 2. mailakoak eta 1B mailakoak izanen dira, eta maiatzaren 8an, 9an eta 10an 1A mailakoek itxiko dute Adunako etxeko atea.
AEK-ko kideek orrialdeak eta orrialdeak betetzen dituzten anekdotak bizi izan dituzte barnetegiekin. Urteak daramate zerbitzu hau eskaintzen, 17 hain zuzen ere, eta badakite abentura "aberasgarri" honetako minutu bakoitzari behar zaion etekina ateratzen.
Ikasleek gauza bat izan behar dute buruan: euskaraz hitz egitearen nahia. Gainerako guztiaz irakasleak arduratuko dira. "Eskainiko ditugun eskolak ez dira lau hormetara mugatuko, txangoak, jolasak eta abar eginen ditugu, ikasleek buruan dutena pixkanaka-pixkanaka mingainera pasa dezaten", azaltzen dute Garciak eta Biurrunek.
Barnetegiaren prezioa 105 eurokoa izanen da eta honen barruan euskaraz abentura "polit" bat bizi-tzeko baliabide guztiak sartzen dira.