Lekukotasuna eskuz esku
Urduritasuna antzeman daiteke bazterretan. Harrabotsa suma daiteke inguruetan, etorri badator. Euskararen aldeko lasterraldiak kilometroak egin ditu, jada, esku batetik bestera. Euskarak presentzia zabala duen herri eta eskualdeetatik, hainbesterainokoa ez den eremuetatik igaro da, maldan gora... eta behera, hainbatetan mantso, zenbaitetan ziztu bizian, guzti-guztion gogoetan... eta askoren ezpainetan.
Etorri dator gure aurrekoekin eta egungo hiztunekin bat egiteko tenorea. Euskara ikasten aritu eta ari direnen ahalegina aitortzeko, nagiak astintzeko, oztopoak gainditzen saiatzeko, gure hizkuntzaren alde dugun konpromisoa berresteko deia iritsi da. Etenik gabe, uneoro eraberriturik. Badator... kontzientziak astintzeko, nornahiren aurrean garena erakusteko deia... gure lurrari, herriari iltzaturik dagoena.
Irribarrea, poza antzeman liteke aldarteetan. Euskara baliatzeko aukera urriak dituztenak zein bestelakoak daude tropelean. Ez dago aurrealderik, bururik, ez eta atzealderik, amaierarik. Bizirauteko kateak etenik bakoa izan behar baitu baldin gure txikitasunean iraungo badugu, hizkuntzen eta kulturen aldetik geroz eta berdinkideagoa, txiroagoa den mundu zail honetan.
Lekukoa daramagu harrokeriarik gabe, itxurakeriak alboan lagata. Geure buruari galdetu diogulako gauden toki guzti-guztietan zer egin dezakegun gure hizkuntzaren, eskuan daramagunaren alde. Dezakegun guztia egin dugulako euskararik ez dakitenak euskarara hurreratu daitezen eta ikasten ari direnak nonahi balia dezaten. Euskarak ez dituelako salbatzaileak behar, hiztunak, erabiltzaileak baizik.
Lekukotasuna daramagulako ohartzen gara euskarak era-tzen duela gure herrialdea, bene-benetan askea dena... eta bakarra, inork mendean ezin dezakeena hartu. Horrexegatik, eskua ematen diogu elkarri nor garen, nongoak garen erreparatu gabe. Hargatik, ahalegintzen gara euskaratik urrun daudenak erakartzen, alderdikeriarik eta setakeriarik gabe. Euskara denona eta denontzat delako guzti-guztiona izatera iritsiko baldin bada... eta, hala ez bada, galduko delako, erremediorik gabe galdu ere, hil diren milaka hizkuntzen, hizkuntza-erkidegoen antzera.
Lekukoak astintzen ditu barrenak eta bazterrak. Bihur dezagun euskararen aldeko aldarria nagusi, irabazpide euskararen eremuan. Egin dezagun gure esku dagoen guzti-guztia, ahaleginak merezi du eta. Elkarteetatik, erakundeetatik, herri-aginteetatik, herritarren aldetik... guzti-guztiok erantzun diezaiogun gonbitari, dezakegun abiaduran baina inor bazterrean utzi gabe. Irauteko eta iraunarazteko, ahaleginak, helburuak eta ildoak partekatuz eman diezaiogun Korrikaren lekukoa... eskua eta euskara elkarri.
Más en Sociedad
-
Fallece Héctor Luis Mancini, profesor emérito de la Facultad de Ciencias de la Universidad de Navarra
-
El tiempo en Navarra | Aviso naranja en la Ribera por altas temperaturas y lluvias de hasta 30 litros por metro cuadrado
-
El Hospital Universitario de Navarra acredita la realización del hemograma por la norma internacional ISO 15189 para laboratorios clínicos
-
Navarra ya ha reconocido a 31 víctimas de abusos en la Iglesia