Txikitzen zaretenean gurasoei eta pertsona helduei konta-tzeko ipuina da, eta haurren ikuspegitik kontatzen du nolakoa izango den gurasoak txikitzen direnean (kasu hipotetiko horretan) aurkituko duten mundua. Bizi-zikloa azpikoz gora jar-tzen du.
Uxue Alberdik eta Aitziber Akerretak haurren mundua nagusien mundutik bereizten duen amildegiaren aurrean kokatzen gaituzte: gurasoak lanarekin eta etorkizuneko planekin kezkatuta dauden bitartean, gizarteko arau zurrunetan edo helduen arteko eztabaidetan harrapatuta dauden bitartean, haurrek nahiago dute masustak biltzea, putzuetan jauzika ibiltzea, animaliekin hitz egitea edo mundua nolakoa den aiton-amonen eskutik ezagutzea.
Testuaren izaera poetikoaren osagarri dira grafitoz eta koloretako arkatzez egindako ilustrazioak. Ipuin honetako orrialdeetan elkarren ondoan bizi dira haurrak eta helduak, ez elkarrekin, ordea. Kolorea baliabide sinboliko bihurtuta, umeen mundua kolorez eta dinamismoz beterik azaltzen zaigu, helduen mundu grisari kontrajarrita. "Txikitzen zaretenean"-ek haur izaten jarraitzeko deia luzatzen die haurrei, eta gurasoak, pertsona helduak, behinola ahaztutako inozentzia, irudimena eta naturaltasuna berreskuratzera animatzen ditu. Posible baita, saiatuz gero.