iruñea - Zazpi egunez, Euskal Herriko zazpi herrialdeak bizikletaz zeharkatuko ditu Euskaraz Bizi eta Ikasi herri ekimenaren Bertsokleta egitasmoak. Apirilaren 19 etatik 25era arte, Bertsokletak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Baxe Nafarroa, Lapurdi, Xiberoa eta Nafarroa zeharkatuko ditu bi gurpilen gainean. Herrialde bakoitzean bertso-saio bat egingo da helburu argi batekin: euskarak gurean pairatzen duen egoeraren berri ematea.
Jona den astelehenean Iruñeko Zabaldi Elkartean egindako aurkezpenean antolatzaileek azaldu bezala, bizikleta eta bertsoa uztartuz zazpi bertso eskola bisitatuko dira, "bertsoa ta kirolaren bidez nafar baztertuen egoeraren berri emanez". Izan ere, Euskararen Legeak ezartzen dituen mugen ondorioz, eremu Ez Euskaldun edo Mixto deritzoten horietan bizi diren herritarrei euskaraz ikasi eta bizitzeko eskubidea ukatzen zaie: "Euskaraz Bizi eta Ikasi herri ekimenak egoera aldaraztea du xede, eta guk haiekin bat egin nahi dugu". "Nafarroako hainbat lagunek kilometro pila egiten dute euskaraz ikasi edo haien semealabek ikas dezaten eta gure miresmena eta animoa helarazteko guk eginen ditugu gureak", gailendu zuten antola-tzaileek.
Larunbatean ekin zitzaion Bertsokletari Lodosan, 11.00etan. Lizarrara 13.30ean iritsi zen eta, bertan, Katxetas tabernatik hasita bertso-poteoa ospatu zen. Arratsalde partean, 19.30ean, bizikleta martxa Agurainera iristekoa zen eta Mendibil tabernatik bertso-poteoari hasiera eman zitzaion.
Apirilaren 20an Agurain-Markina (Bizkaia) ibilbidea egin zn. Herri bizkaitarreko Uhagon, 19.30ean bertso-saioa ospatu zen.
Azo astelehenean, hilaren 21ean, Markinatik Lasartera luzatu zen ibilbidea eta Jalgi tabernan bertso-saioa eskaini omen zen.
Asteartez, Bertsokletak Lasartetik Senperera luzatzen den ibilbideari ekingo dio eta, hurrengo egunean, Senperetik Urdinarbera abiatuko da. Bai Senperen bai Urdinarben egingo diren bertso-saioak oraindik zehaztekoak dira.
Apirilaren 24ean, ostegunez, Urdinarben hasi eta Baigorriraino iritsiko dira txirrindulariak. Bertan, 19:30ean, Bixentainean Bixente Irigarai eta Battit Janko bertsulariekin bertso-saioa eskainiko da.
Apirilaren 25a izango da Bertsokletaren azkeneko eguna. Egun horretan, Baigorritik Iruñera iritsiko da bizikleta martxa arratsaldeko 19.30ean, Katakrak izango delarik helmuga. 21.30ean, Irati Majuelo, Xabi Terreros eta Aimar Karrika bertsolariekin pintxo poteoa ospatuko da Lanbroa tabernan. - Miren Mindegia
Apirilak 19. Lodosa-Lizarra-Agurain. Lodosan 11.00etan hasi zen. Bertso-poteoak.
Apirilak 20. Agurain-Markina. Bertso-saioa egin zen.
Apirilak 21. Markina-Lasarte. Bertso-saioa ospatu zen.
Apirilak 22. Lasarte-Senpere.
Apirilak 23. Senpere-Urdinarbe.
Apirilak 24. Urdinarbe- Baigorri. Bertso-saioa Bixentainean.
Apirilak 25. Baigorri-Iruñea
Iruñean 19.30ean. 21.30ean Lanbroa tabernan pintxo poteoa Irati Majuelo, Xabi Terreros eta Aimar Karrikarekin.