Síguenos en redes sociales:

Osakidetzako Bihotzez sareak Espainiako Kardiologia Sozietateko Bikaintasun ziurtagiria jaso du

Osakidetzako Bihotzez sareak Espainiako Kardiologia Sozietateko Bikaintasun ziurtagiria jaso dupixabay

BILBO. Sarea 2012an ezarri zen, eta euskal osasun zerbitzuan inplikatuta dauden alderdi guztien ahaleginak koordinatzen ditu: larrialdietako zerbitzuak -anbulantzia medikalizatuen 11 baseekin eta helikoptero batekin- eta lehen mailako arretarako eta 17 ospitaletako profesionalak.

Osakidetzak nabarmendu duenez, zerbitzuok gai dira infartua duten pazienteei behar duten tratamendua emateko ahalik eta eperik laburrenean, baterako protokolo eta asistentzia ibilbideei esker. Kasu horietan, minutu guztiak dira garrantzitsuak, arteria ahalik eta lasterren irekitzea erabakigarria baita pazienteek bizirauteko eta berreskuratzeko aukerak areagotzeko.

Jon Darpón Osasun sailburuak esan duenez, "ezarri zenetik, Bihotzez sarearen jarraibideen arabera, miokardio infartua izan duten 5.000 euskal hiritar baino gehiagori eman zaie asistentzia. Proiektua oso garrantzitsua da, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren erabateko babesa du. Sareko Koordinazio Batzordea Osasun Sailaren aholkularitza egituran parte hartzeko sartu dugu".

Bihotzez sareak Euskadi osorako asistentzia protokolo bakarra prestatu du. Protokoloak tratamendurako baldintza egokiak bermatzen ditu, pazienteak infartua edonon izan duela eta osasun sistemarekin harremanetan jartzeko edozein modu erabaki duela ere. Era berean, asistentzia emaitzak, kalitatearen kontrola eta etengabeko hobekuntza aldian behin ebaluatzeko prozedura garatu ditu.

BIKAINTASUN PROGRAMA

Horrela, Bihotzez sarearen ezaugarri horiek aintzatetsi zituen Espainiako Kardiologia Sozietateak urtarrilaren 9an, Bikaintasun ziurtagiriaren bidez. Sozietateko bikaintasun programaren helburua da kardiologiaren barruan eskakizun egokiak betetzen dituzten asistentzia prozesuak aitortzea. Eskakizun horiek auditoretza prozesu baten bidez egiaztatzen dira. Prozesu horretan, ebaluatzaileek bisitak egiten dituzte asistentzia ematen den lekuetara.

Kardiologian ziurtagiri hori eskuratu duten zenbait asistentzia prozesu egin dira Osakidetza barruan. Oraingoan, euskal osasun sistemak nabarmendu du infartuari arreta ematen dieten profesional guztiak hartzen dituen sareak jaso duela aintzatespena eta, ondorioz, euskal herritar guztiei ematen zaien arretaren kalitatea aintzatetsi dela.

Bestalde, etengabeko hobekuntza eta bikaintasuna xede izanik, aurki, Osakidetzak eta Osasun Sailak Bihotzez sarearen asistentzia protokolo berria argitaratuko dute, 2015etik indarrean dagoena eguneratzeko, literatura medikoan jaso diren ebidentzia berriak eta sarearen barruan egindako kalitate ebaluazioen emaitzak kontuan hartuz.