Nafarroako Gobernuko Oronoz-Mugairiko arrain-haztegian bost izokin (lau eme eta ar bat) sartu dira gaur goizean, " Izan zaitez Bidasoako izokinaren babesle" boluntario-programaren barruan. Programa hori Foru Gobernuak sustatu du, espeziea berreskuratzeko.

Errunaldiaz (arrautzak eta esperma jartzea) instalazioko teknikariak arduratu dira; bertan egon dira aleak udaberriaz geroztik. Halaber, ekitaldian egon dira beste horrenbeste ale babestutako bost arrantzaleak.

Programa Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak sustatu zuen LIFE IREKIBAI proiektuaren bitartez; proiektu hori Nafarroako Ingurumen Kudeaketa (GAN / NIK) enpresa publikoak koordinatzen du Foru Komunitatean, izokinaren arrantzaleen eskaerari erantzutearren. Bidasoako arroko hainbat arrantzale-elkartek eta Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak ibaia zaintzeko sinaturiko protokoloan kokatzen da ekimena, eta horren bitartez Nafarroako Gobernuak beharrezko babesa eskaintzen du horrela nahi duten arrantzaleek bizirik harrapatutako izokinak beren borondatez Ingurumeneko Basozaintzari eman ahal izateko.

Programaren garapena

Babesten duen arrantzaleak aukera dezake izokina emisorearekin markatu eta ondoren ibaian askatu nahi duen espeziearen azterketan parte hartzeko edo, bestela, Mugairiko arrain-haztegira eramatea nahi duen Bidasoa birpopulatzeko arrainkumeak izango dituen ugaltzaile bilakatzeko, espeziearen populazio naturala indartuaz.

Bost babeslek izokinak arrain-haztegira eramatea hautatu zuten, eta, infekzioen kontrako prebentzio-tratamenduak jaso eta zauriak sendatu ondoren, behar bezala osatu ziren.

Nafarroako Gobernuak programaren lehen kanpainaren inguruan balantze "oso positiboa" egin du; izan ere, arrantzaleak modu esanguratsuan inplikatzeaz gain, aktiboki hartu dute parte ekimenean. Beraz, arrantza-denboraldian harrapatutako 47 izokinetatik bost bizirik eman zituzten (harrapatutakoen %11), baina beste batzuk ezin izan zuten arrantzalditik bizirik irten, nahiz eta arrantzaleak bizirik arrantzatzen saiatu.

Aleen pisua eta tamaina dela-eta, 40.000 arrautz inguru ekoizteko gai izango direla uste da, eta arrainkumeak Bidasoa ibaian botako dira datorren udaberritik aurrera, horretarako behar adinako tamaina eta pisua hartzean.

Programaren lehen kanpainak harrera ona izan duenez, Nafarroako Gobernuak espero du datorren denboraldian arrantzale gehiagok proiektuarekin bat egitea. Modu horretan, arrantzaleen eta Administrazioaren arteko lankidetza indartuko da arrantza iraunkorra sustatzeko, beharrezkoa baita izokinaren populazioak behin betiko berreskuratze aldera.