Síguenos en redes sociales:

Festa giroa Donostian, Korrikaren eskutik

Igandean izango da lasterketaren amaiera; eguerdiko 12.30etan iritsiko da "karabana koloretsua" Bulebarrera

Festa giroa Donostian, Korrikaren eskutik

- Aurtengo Korrika, 22. edizioa, Donostian amaituko da igande honetan, hilak 10. Hamaika egun eta 2.500 kilometroko ibilbidearen ostean, euskararen aldeko lasterketa Bulebarreko Zumardira iritsiko da 12.30etan. Bertan amaierako ekitaldia gauzatu ostean, ekitaldi ezberdinak daude aurreikusita hirian zehar eta festa egun osoa zehar zabalduko da hiriko kaleetan barrena.

Edizio honen hirugarren agerraldia izango da Gipuzkoan. Aurreko ostiralean, hilak 1, Debabarrena eta Debagoienako hainbat udalerritatik pasa zen Korrika eta datorren ostiralean, hilak 8, lurralde historiko honetako eskualde gehienetatik igaroko da, hala nola, Urola Kosta, Buruntzaldea, Tolosaldea, Urola Erdia, Urola Garaia eta Goierri. Igandean, azkenik, Oiartzualdea, Bidasoa-Txingudi eta Donostialdea izango dira Korrikaren lekuko.

Atzo goizean ezagutarazi zuten arduradunek egitarau osoa agerraldi batean. Luix Intxauspe, Korrikako Gipuzkoako koordinatzailearen esanetan, “dena prest” dago Donostiako jai egunerako eta festa “handia bezain berritzailea” prestatu dute.

Hasteko, Korrika, goiz osoan zehar Donostiako kaleetan ibili eta gero, Boulevardera iritsiko da eguerdiko 12.30etan “karabana koloretsua”. Bertan, lekukoaren barnean dagoen mezuaren egilea nor den jakinaraziko da eta mezua bera irakurriko da. Amaierako ekitaldi honek aurkezleak ere izango ditu, Nerea Aranburu eta Ivan Aizpurua aktore donostiarrak, hain zuzen ere.

Ondorengo ekitaldiei dagokienez, zortzi gune desberdinetan banatu dituzte publiko anitzarentzat antolaturiko ekintzak eta hiriko kultur eragileen parte-hartzea lehenetsi nahi izan dute. Espazio hauek Boulevardean, Alderdi Ederren, kaian, Zuloaga plazan, Konstituzio plazan, Trinitate plazan, Gipuzkoa plazan eta Sarriegi plazan egongo dira kokatuta. Denetariko ekintzak izango dituzte, hala nola, musika kontzertuak, txarangak, emanaldiak, azokak, bertsolariak edota tailerrak.

Janari aukera zabala dastatzeko aukera ere izango da gune gehienetan. Trinitate plaza, adibidez, herri-bazkaria izango da eta menu orojale eta barazkijalearen arteko hautua egin ahal izango da.

Festa egun hau berdintasunean oinarrituta izatea nahi dute arduradunek, eraso edo jazarpen sexista, homofobo eta arrazistarik gabeko. Hau ziurtatzeko, hiru puntu more ezarriko dituzte, Alderdi Ederren, kaian eta Zuloaga plazan, norbaitek erasoren bat ikusi edo jasaten badu, bertan sala dezan.

Donostiara bertaratzen direnek jasangarritasuna ere kontuan hartzea desio dute Korrikako arduradunek eta jendeak garraio publikoa erabiltzea komenigarria litzatekeela nabarmendu zuten.

Korrika 07.36tan sartuko da Donostian, Errekaldetik. Añorgatik igaro ostean, Antiguan izango da 07.49etatik aurrera. Handik erdialdera, eta, ondoren, Gros eta Alde Zaharretik pasako da 08.30 eta 09.00ak bitarte. Berriro erdialdea gurutzatu ondoren, Amaratik ibiliko da lasterketa 09.12etatik aurrera, gero Loiola eta Martutenetik igarotzeko 09.40 eta 10:15 artean. Egian 10.29tan izango da, handik Intxaurrondoruntz abiatuko da eta Herrerara iritsiko da 11.25etan. Altza eta Bidebietara 11.32 eta 11.56etan sartuko da, hurrenez hurren. Gero, azken txanpa besterik ez da faltako 22. Korrika Bulebarrean amaitu dadin.

Korrikak aurrera jarraitzen du pauso arinean, gogotsu eta parte-hartze handiarekin, gauez helduagoekin eta egunez adin askotariko korrikalariak lagun dituela, kasu askotan euskararen aldeko lasterketaren burura txikienak ere biltzen direlarik, atzo eguerdian Larraintzarren (Nafarroa) hartutako irudi honetan ikus daitekeenez; ondoren Lekunberrin, Lizarran edo Kanpezun ere halaxe gertatu zen. Gaur euskararen aldeko etenik gabeko martxa Bizkaian sartuko da, arratsaldearen amaieran Bilbora iritsiz, gero gauerditik aurrera Barakaldon eta Sestaon jarraitzeko.

Bulebarra. Egunean zehar; Erakusketak; 12.00 Girotzea; 12.30 Korrika amaierako ekitaldia; 13.00 Kantujiraren hasiera; 13.30 ‘Egunean behin’ partida; 15.00 Zutik elektrotxaranga; 16.00 Alerta Morea (kontzertua); 17.00 Kilimak (kontzertua)

Alderdi Eder. 10.00 Basoa ezagutuz Urgullen; 13.00 Iratxoen ikuskizuna; 15.00-17.00 Tailerrak; 17.00 Pirritx, Porrotx eta Marimotots.

Kaia. Egun osoan zehar Bertako produktuen azoka eta ‘Piratek 20 urte’ erakusketa; 13.30 Euskal Herriko batukada Feministen Sarea; 15.30 Axuri Beltza kultur elkartearen emanaldia; 16.30 Bertsolariak (Beñat Gaztelumendi, Oihane Perea, Onintza Enbeita, Sustrai Colina eta Julio Soto); 18.00 Olatz Salvador (kontzertua); 20.00 Trikidantz (kontzertua).

Zuloaga plaza 13.30 Elektrotxaranga pirata; 14.30 ‘Auzoko’ egitasmoaren emanaldia; 15.00 Gipuzkoako gazte sortzaileen sarearen aurkezpen-emanaldia; 16.30 Lamiak (kontzzertua); 17.30 Mugan (kontzertua); 18.30 ETS (kontzertua).

Konstituzio plaza. 17.00 Erromeria.

Trinitate plaza. 13.30 Bazkaria (1. txanda); 15.00 Bazkaria (2. txanda).

Gipuzkoa plaza. Artisau eta herri eragileen azoka.

Sarriegi plaza. Jaki dastaketa.

Apirilak 10

Amaiera ekitaldiaz gain, arduradunek publiko anitzari zuzendutako ekintzak prestatu dituzte, festa egun osoan zehar zabal dadin