Síguenos en redes sociales:

Etxeko berriak

Gure eskolako emakume aitzindariak

Julia Fernandez Zabaleta eta Katalina Alastuey San Frantzisko eskolan irakasle lanetan aritu ziren

Gure eskolako emakume aitzindariak

Pedagogia berritzaileak sustatu, emakumeen eskubideak defendatu eta euskal kultura aldarrikatu zuten orain dela 100 urte Julia Fernandez Zabaletaketa Katalina Alastuey Garaikoetxeak.

JULIA FERNANDEZ ZABALETA

Iruñeko Dormitaleria kalean jaioa 1898. urtean. Hamazortzi urte zituela, magisteritza ikasketak bukatu zituen Iruñako San Jose plazan kokaturiko “Escuela Normal de maestras” deiturikoan. Ondoren, Iruñako Udalak emandako beka bati esker Bartzelonara joan zen lau hilabetez Maria Montessori pedagogo italiarrarekin ikastaro bat egitera. Kataluniatik itzuli zenean, bertan ikusi eta ikasitako guztiarekin gaur egun ikusgai dagoen txosten mardula idatzi zuen Iruñeako udalerako Maria Montessoriren eredu pedagogikoak goraipatuz.

Bertan ikasitako pedagogia berritzailearen praktikak Iruñara ekarri zituen, San Frantzisko udal eskolara, “Unitaria de niñas” deitutako sailean hain zuzen ere. Bertan 1936-37. ikasturterarte lan egin zuen, gerra zela medio “desafectos al régimen” izatearen akusaziopean karguz desjabetua izan zelarik.

KATALINA ALASTUEI GARAIKOETXEA

Iruñean jaio zen, 1899ko abenduaren 26an. Irakasle ikasketak San Jose Plazan zegoen Eskola Normalean egin zituen ere eta ikasketak bukatzerakoan, San Frantzisko Udal-ikastetxean hasi zen maistra lanetan. Iruñean 1931ean Emakume Abertzale Batza antolatzerakoan, zuzendariorde izan zen. Euskararen Adiskidearen eta Eusko Ikaskuntzaren zenbait ekintzetan ere parte hartu zuen garai hartan.

Iruñeko lehen ikastolaren sorrera bultzatu zuen 1932. urtean, bera bezala San Jose Plazako Eskola Normalean ikasi zuten Maria Biskarret eta Julia Fernandez Zabaletarekin batera. Gerra zibila hasi zenean, Iruñeko Udal-eskolatik bota egin zutenez, klase partikularrak ematea izan zen bere ogibide bakarra. Urte batzuen ondoren, 1957ko otsailaren 27an, onartua izan zen berriz ere, Julia Fernandez Zabaletarekin batera, Foru Diputazioaren dekretu baten bidez.

METODOLOGIA BERRITZAILEAK

Maria Montessoriren eraginari esker, garai horren erabat berritzailea zen ikaskuntza-irakaskuntza metodo aktiboa erabiltzen hasi ziren: ateraldien bidez, gertakarien inguruko burutazioak eta neurketak eginez, natura ikertuz, jolasen eta abestien bitartez... Juliak anitzetan pianoa jotzera bere aita Valentin, katedraleko organista zena, eramaten zuen. Badirudi ikuskaria bera ere askotan joaten zela eskolara beraien metodologia ikustera.

EMAKUMEEN ESKUBIDEEN ALDE

Aurreko mendeko lehenengo hamarkadetan emakumearen inguruan zeuden eztabaidetara hurbirdu ziren ere. Julia Fernandezek azaldutako ideia nagusiak horrela laburbil ditzakegu: “Emakumezkoa gizona bezain gauza da edozein ardurari eta eginkizuni ekiteko”; “Emakumeak lanerako eta hezkuntzarako eskubidea izan behar du”; “Emakumeari ez dagokio ezkontzaren zain egotea”.

EUSKARA ETA EUSKAL KULTURAREN ALDE

Emakume euskaltzaleak eta nazionalistak ziren, Emakume Abertzale Batzako kideak. Nafarroan, herriaren kultura zabaltzeko lanetan aritu ziren, gaztetxoekin batera folklorea (antzerki emanaldiak, dantza taldeak, txistulari taldeak, abestiak...), haurrentzako jaialdiak, jarduera politikoak eta euskal irakaskuntzarekin lotutako ekintzak gauzatuz. Euskal kulturaren aldeko defentsa hurrengo hitzetan islatzen da: “gure arima eta gorputzeko ondasunak, gure aberastasunak, gure eskubideak gorde nahi baditugu izan gaitezen euskaldun zintzoak”.