Ostiraloke: kantatik bihotzera, bihotzetik ahora
Erentzun Ikastolak mikroa eskuan hartu eta abesteari ekin diogu azken aldian, euskara modu ludikoan ere sustatu daitekeelako
OstiralokeVianakoErentzun Ikastolan hilabeteko azken ostiralean egiten den ekimena da, non LHko ikasleek karaoke moduko kanta kolektiboa egiten dute jolasgaraian. Bertan, ikasleek gogoko dituzten euskarazko abestiak aukeratu eta abesteko aukera dute. Jarduera jostagarri honen helburua euskara modu ludikoan sustatzea da.
Nola sortu zen?
Erentzunen, jolasgaraiei beste ikuspegi bat emateko ideia sortu zen aurreko ikasturtean. Helburu horrekin, ostiralak egun berezitzat bihurtzeko ekintza-plan bat garatu zen. Plan horretan ikasleek gelan prestatutako jolasak, gorputz-hezkuntzan lantzen diren dinamikak edo beraiek proposatutako ekintzak sartzen ziren. Ideia-jasa batean, karaokeak antolatzeko proposamena atera zen. Ez zetorren hutsetik, Euskararen Egunean jada antzeko kanta jaialdi bat antolatzen dugu urtero. Horrela, Ostiraloke sortu zen, eta hilabetez hilabete hobekuntzak eta moldaketak egin zaizkio.
Helburuak
Ekimen honen helburu nagusia euskara eta euskal kultura modu ludikoan sustatzea da. Horrez gain, jolasgaraiak dinamizatzea, ikasleen parte-hartzea bultzatzea eta denen artean abesti berriak ezagutzeko eta ikasteko aukera eskaintzea ere baditu xede. Azken finean, musika eta jolasa uztartuz, ikasleek euskaraz gozatzeko espazio bat eskaintzen du.
Antolakuntza
Ostiraloke behar bezala antolatzeko, hainbat urrats jarraitzen dira:
- Irakasleek ekintzaren berri izaten dute aurretik etapa-bileretan edo korreo bidez.
- Tutoreek geletan lanketa egiten dute, ikasleek gustuko dituzten abestiak proposatzeko eta aukeratzeko.
- Abestiak gelan lantzen dira: letrak aztertu, artistak ezagutu eta hitzak ikasteko aukera dute.
- Zenbaitetan, bertsoak edo beste ekitaldietarako prestatutako abestiak ere abesten dira.
- Ekintzaren egunean, bozgorailuak eta mikrofonoa prestatzen dira, eta irakasle dinamizatzaileek ekimena gidatzen dute.
Ondorioak
Ostiraloke hasieratik arrakasta handia izan duen ekimena da. Ikasleek oso gustura parte hartzen dute, eta euskal musikarekiko interesa handitu da. Parte-hartzea gero eta handiagoa da, eta ikasleek abestiak aukeratu, ikasi eta abesteko prozesua motibazio handiz bizi izan dute. Ez hori bakarrik, koreografiak ere gehitu dituzte emanalditxoari dinamismoa emateko, eta ikasle batzuk mozorrotu eta guzti egin dira, ikuskizuna are erakargarriagoa izateko.
Horrez gain, ekimen honek euskal musikaren transmisioa bermatzen lagundu du. Gabi de la Mazaren karaokeak baliatuz, ikasleek euskal kantutegiko abesti tradizionalak lantzen dituzte, baina baita ETS, Bulego, Zetak edo Go!azen telesailaren bertsioak ere. Honek erakusten du euskal musika berriak belaunaldi berrietan duen eragina, eta euskararekiko motibazioa eta atxikimendua areagotzen ditu.
Ostiraloke ez da bakarrik entretenimendu-jarduera bat, talde-giroa indartzeko, adierazpen artistikoa bultzatzeko eta euskararen erabilera esparru ludiko batean indartzeko tresna eraginkorra ere bada. Hau dela eta, zuekin partekatu nahi dugu. Gabriel Arestiren bertsoak berridatziz:
"Gure ideia hau oso merkea da / Herriaren ahotik / Hartu genuen debalde / Eta debalde ematen diogu / Herriaren belarriari."
Hara! Badugu hurrengo ostiralokerako kantatuko dugun abestia!
Temas
Más en Sociedad
-
Más del 80% de los europeos usuarios de relojes inteligentes afirman experimentar mejoras en su salud
-
Jueces y fiscales cifran en un 70% el seguimiento de la segunda jornada de huelga pero Justicia lo rebaja al 30%
-
Un experto de la Clínica Universidad de Navarra pone nombre a los enemigos invisibles de la piel en verano
-
Hallan la causa del cáncer de pulmón en no fumadores