89 segundo munduaren amaierarako
‘Apokalipsiaren Erlojuak’ bere historiako erregistrorik okerrena markatu du aurten eta, hortaz, gizateria inoiz baino hurbilago egon liteke bere desagertzetik
Bigarren Mundu Gerraren ostean Albert Einstein eta J. Robert Oppenheimer buru zituen zientzialari talde batek Apokalipsiaren erlojua (Doomsday Clock) sortu zuen gizateriak sortutako mehatxuen aurrean dugun ahultasunaren termometro gisa erabiltzeko. Erloju horren baitan, orratzak gauerditik zenbat eta gertuago egon, gizakiok espezie gisa desagertzeko probabilitatea handiagoa izango litzateke.
Urte honen hasieran ezagutzera eman den azken eguneraketaren arabera, une honetan, erlojua gauerdia markatzetik 89 segundora dago. 78 urteko historian inoiz neurtu den denbora-tarterik laburrena da. Erlojuaren ardura duen Bulletin of the Atomic Scientists aldizkariaren Zientzia eta Segurtasun Batzordeak (SASB) argitaratutako txostenaren arabera, gizateria bere historiako unerik arriskutsuenean omen dago, Gerra Hotzeko gertaera larrienak ere gaindituz. Txostenean jasotzen diren mehatxuen artean lau dira gehien nabarmentzen direnak: mehatxu nuklearra, klima-aldaketa, adimen artifiziala eta krisi biologikoak.
Datorren urteko eguneraketari begira, gauerdira are gehiago hurbildu gaitzakeen faktore berri bat dago. Trumpen bigarren agintaldiaren hasiera nazioarteko politika astintzen ari da eta, datorren urtera begira, adituek dagoeneko erregistro negatiboagoak aurreikusten dituzte. Egia da mehatxu nuklearrari dagokionez, Trump potentzia nagusien desnuklearizazioaren alde agertu dela. Zentzu horretan, funtsezkoa izango da Errusia eta Txinak hartuko duten jarrera. Adituek arma horiek biltzen dituzten azpiegitura askoren egoeraren inguruan ere ohartarazten dute, horietako askok jada zenbait hamarkada baitituzte.
Klima-aldaketaren, Covid 19a bezalako mehatxu biologikoen edo geopolitikaren kasuan, aurreikuspenak ez dira batere lausengariak. Aski ezagunak dira Trumpen politikak zentzu horretan, ebidentzia zientifikoak ukatuz lehenengo bi kasuetan, eta munduko taula politikoa astinduz, Ukrainako gerraren eta orain arte bere kide izan diren herrialdeekin zituen harreman komertzialen inguruan hartutako erabakiekin.
Azkenik, adimen artifizialaren garapenak gizateriarentzat ekar lezakeen mehatxuak aipamen berezia merezi du. Hemen ere, ziurrenik Elon Musken eraginez, Trumpen administrazioak, duela gutxi ikusi den bezala, Europan dugunarekin talka egiten duen ikuspegia du. Kasu honetan, SASBeko adituek hiru mehatxu nagusi aurreikusten dituzte: AA arma-sistemetan txertatzeak dituen etika- eta segurtasun- dilemak, AAren integrazioa aginte-kate nuklearrean eta teknologia horrek desinformazioa sortu eta zabaltzeko erakutsi duen gaitasuna.
Modu sinbolikoan bada ere, Apokalipsiaren Erlojua alde batera utzi beharko ez genituzkeen alerta-seinaleak ematen ari zaigu. SASBko presidente Daniel Holz doktoreak berak azaltzen duenez, “Apokalipsiaren Erlojuaren helburua munduko zientzialari onenak gauez esnatuta mantentzen dituzten benetako mehatxu existentzialei buruzko elkarrizketa global bat hastea da. Herrialdeetako liderrek arrisku global horiei buruzko eztabaidak hasi behar dituzte beranduegi izan baino lehen”.
Temas
Más en Sociedad
-
El arzobispo de Burgos declarará el 7 de mayo por una denuncia de las exmonjas de Belorado
-
La Justicia navarra confirma la anulación del programa educativo Skolae por errores en su tramitación
-
El alcalde que salvó la vida a una vecina sin respirador tras ir llamando puerta a puerta
-
Navarra celebra la 8ª edición del concurso 'Diversidad fuente de riqueza'