18urte badituzu, uda honetan Europan zehar doan bidaiatu ahal izango duzu, bertako kultura-aniztasuna eta ondare historikoa ezagutuz, Europako Batzordeak eta Hezkuntza eta Kulturarako Europako Agentzia Exekutiboak (EACEA) oparitutako 35.000 bidaia-bonuei esker. Izan ere, apirilaren 2tik 16ra bitartean zabalik izango da DiscoverEU programaren hurrengo deialdian izena emateko epea. Erasmus+ programaren barruan garatzen den egitasmo honek 2006ko uztailaren 1etik 2007ko ekainaren 30era bitartean jaiotako gazteei Europan zehar gehienez 30 egunez doan bidaiatzeko aukera eskaintzen die. Programaren helburu nagusia da Europar Batasuneko kide izatearen sentimendua sustatzea. Eskaerakhttps://youth.europa.eu/discovereu_es atariaren bidez egin behar dira.

Aurtengo lehenengo deialdi honetan, esan bezala, 2006ko uztailaren 1etik 2007ko ekainaren 30era bitartean jaiotako gazteek bakarrik izena eman ahal izango dute. Hau da, aurtengo ekainaren 25a baino lehen 18 urte beteta dituzten horiek parte hartu ahal izango dute. Horrez gain, Europar Batasuna osatzen dute 27 Estatuetako herritarra edo legezko egoiliarra izan behar da. Hautagaitzak aurkezteko aipatu plataforman den online inprimakia osatu behar da nortasun agiriaren, pasaportearen edo legezko egoitza-txartelaren zenbakiarekin batera.

FUNTZIONAMENDUA

Hautatuak diren gazteek bidaiatzeko aukera emango dien bono bat jasoko dute. Bidaiak, nagusiki, trenez egin beharko dira, baina bestelako garraiobideak ere erabili ahal izango dira eta irletan edo urruti diren eskualdeetan bizi diren horientzat, hegaldiak ere barne sartuko dira. Bidaiak bakarka edo taldeka egin daitezke. Azken kasu horretan, taldeak, gehienez, bost kide izango ditu eta kide guztiek adina eta bizileku harrera-baldintza berberak izan beharko dituzte. Taldeka egiten diren bidaietan eskaera egingo duen arduradun bat izango da. Behin inprimakia aurkeztuta gazte horrek kode bat jasoko du eta taldekideekin partekatu beharko du erregistroa amaitu ahal izateko. Garrantzitsua da taldeko kide guztiek erregistroa epearen amaiera baino lehen amaitzea arduradunak emandako kodea erabiliz.

Doan bidaiatzeko aukera ematen duen bonoaz gain, parte-hartzaileek Europako Gazte Txartela ere jasoko dute. Txartela Discover EU-ren bidaia-aplikazioan aktibatu daiteke. Txartel hori urtebetez erabili ahal izango da eta deskontuak eskainiko ditu kultura-bisitetan, ikasketa-jardueretan, kiroletan, tokiko garraioan, ostatuan eta janarian.

EUROPAKO ENBAXADOREAK

Hautatuak diren gazteak, automatikoki, “DiscoverEU-ren enbaxadore” bihurtzen dira. Haien esperientziaren berri emateko, gazte horiek haien bizipenak partekatu ahal izango dituzte sare sozialetan #DiscoverEU traola erabiliz. Horrez gain, bidaia horietan ikasitakoa partekatu ahal izango dituzte ikastetxeetan edo tokiko komunitateetan hitzaldiak emanez.

Parte-hartzaileen arteko harremanak errazteko programak Facebookeko talde ofizial bat du. Bertan, bakarka zein taldeka bidaiatzen duten gazteek beste gazte batzuekin jar daitezke harremanetan bidaiak koordinatzeko. Erasmus+ programaren nazio-agentziek ere bidaiak prestatzen laguntzeko bilerak eta topaketak antolatzen dituzte.