Lakuntzako Herri Eskolan, bikoteka irakurtzen
Lehen hezkuntzako 3, 4, 5 eta 6. Mailako ikasleek hartu dute parte irakurketa ulermerna hobetzeko programan
Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak sortutako parekoen arteko tutoretza eta lankidetzako ikaskuntza metodoa da Bikoteka irakurtzen. Ikasleen arteko kooperazio gaitasunaz eta familien parte hartzeaz baliatuz, irakurketaren ulermenaren konpetentzia hobetzea du xede nagusi.
Bikoteka irakurtzen, bikoteen osaketan eta rol banaketan oinarritzen da; ikasle batzuek tutore rola hartzen duten bitartean, besteek tutoretzapekoa hartzen dute. Beraz, ikasgeletan eta ikastetxeetan dauden mailen arteko diferentziari probetxu pedagogikoa ateratzean datza erronka, eta horregatik, hezkuntza inklusiborako metodologia eraginkortzat hartzen da parekoen arteko tutoretza.
Irakasle taldeak aurrez planifikatutako denbora, espazio eta material batetik abiatuta, eta ikasleei interakziorako ematen zaien lanerako gidoi bat abiaburutzat hartuta, bikote horretako bi kideek ikasi egiten dute: tutoretzapekoak, kide duen tutore horrengandik laguntza egokitua eta etengabea jasotzen duelako; eta tutoreak, ikasteko modurik hoberena irakastea delako.
Lan dinamika honetan, egunerokotasunetik ateratako testu anitz eta ezberdinak (errezetak, jarraibideak, albisteak,...) irakurketa ulermenerako egoera errealak bilakatzen dira. Modu honetan, Irakurketa konpetentziala garatuz.
Bestetik, familien parte hartzea sustatzeko, tutore rola dutenek aldez aurretik etxean prestatzen dituzte gelan landuko dituzten testuak. Modu honetan, eskolan haien bikotea gidatu eta laguntzeko prest egoteko.
Lakuntzako Herri Eskolan, 2020/2021 ikasturtean abiatu zen programa hau Lehen Hezkuntzako 3, 4, 5 eta 6. mailatan, baina pandemia garaia zenez gero, ikasgela bakoitzaren barruan eraman behar izan zen aurrera. Aurten ordea, adin desberdinetako ikasleak nahasiz garatu dute proiektua; Lehen Hezkuntzako 5 eta 6. mailako ikasleek tutore rola hartu dute eta 3. eta 4. mailako ikasleek, tutoretzapekoena.
Esperientzia aberasgarria izan da irakasle zein ikasleentzat. Izan ere, ikasleek irakurtzeko arrazoi eta motibazio berriak eskuratu baitituzte programaren bitartez eta aldi berean, oso gustora aritu dira haien bikoteekin elkarlanean.
Temas
Más en Sociedad
-
La Fiscalía cántabra pide 33 años y medio a un hombre por agredir y violar a su pareja y grabarlo
-
El Museo Universidad de Navarra celebra la 4º edición de 'SociARTE' con la participación de 31 entidades sociales
-
Ordenan el cierre de un centro de menores de Gran Canaria ante evidencias de presuntos delitos de lesiones y odio
-
La becaria que denunció a Nacho Cano pide que se reabra la causa aportando nuevos vídeos