Abiapuntu gisa, nora zaren iritsita jakiteko gure lur-bazterren mapa zirriborratuko dugu. Nafarroa Garaiko Lizarraldean zaude, eskualdeko iparrean, hain zuzen ere. Gure geografia anitzak, arbasoek aspalditik probestu izan duten iparralde paregabea oparitu digu: Urbasa eta Andia mendilerroak. Ekialdean, Sarbil mendikateak Iruñerako sarbideetako bat ahalbideratzen digun bitartean, Esparatz mendilerroa topatuko dugu Gesalatz bailarako ikustoki ederra. Hegoalderantz abiatuta giza geografiak sortutako erromes bidea luzatzen da. Nekazari eta merkatu ibilbide honek hiriko atarian utziko gaitu: Lizarran. Bira osoa akitzeko, Etxabarriko harkaitzek mendebaldeko artadi zoragarriak erakutsiko dizkigute. Inguru horretan, milurteko Eraulgo artetik oso gertu aurkituko gaituzu: Zumadia eskolan.
Ikastetxeko Hezkuntza Proiektua
Eskolako hezurdura pedagogikoa 2022ko apirilean onartu genuen, pandemiaren oztopoak gaindituz. Lehenagoko bide oparo, jantzi eta ireki baten emaitza adostua dugu. Gure izaera irudikatu, elikatu eta eraldatzeko aukerak ematen dizkiguna. Eskolan bezala txapinak jantzi eroso sentitzeko eta, era xumean, IHParen mamia zein den laburbilduko dugu. Horretarako dokumentuko identitate ardatzak bilduko ditugu.
- Euskaratik eleaniztasunera. Euskal kultura, gure sustraiak: Eskolako familien hautua, D ereduaren aldekoa, irmoa da. Azkenengo urteotan matrikulazioa handitu zaigu eta horrek eraikuntzaren birmoldaketa ekarri digu. Kopuruak kopuru, ez dugu gure egoera polidiglosikoa atzendu behar. Ahulezia nagusi horrekin batera, gaurko legearen arabera, eremu mistoan kokatuta gaude eta horrek ere gure hizkuntza eskubideen garatzea moteltzen du. Indarguneen artean aliantzak ditugu inguruko euskaldun eta euskaltzale agenteekin.
- Inklusioa eta berrikuntza: Ikasle ororen garapena gure jardueraren helburua da. Aurreko ikasturteetan bezala, ikasturte honetan ere, besteak beste, metodologia aktiboetan (POI, Giroak, IKKI… ) eta irakaskuntza koordinatuan aurrerapausoak ematen jarraitu nahi dugu. Ikasleen aukerak eta jakintza anitzak oinarritzat harturik sistematizazioa lortu nahi dugu metodologia arloan, baliabide eta irtenbide desberdinez osatzen joango dena.
Modu berean, kanpo espazioa eremu inklusibotzat hartua dugu, esparru hezitzaile bikaina, auzolanean eraikia, naturarekin bat egiten duena; eta harremanetarako zein behaketarako aukera ederrak eskaintzen dituena.
- Hezkidetza: SKOLAE programaren baitan Hezkidetzako Nortasun Plana 2022ko ekainean onartu genuen. Ikasturte honetan osatu eta berritu beharko dugu hezkidetzan hazten jarraitzeko.
- Eskola abegikorra eta segurua: Zumadia eskolan, egunero, elkarrenganako zaintza gauzatzen dugu eta horren ondorio zuzena gure ikasleen bizipoza da. Gustura etortzen dira eskolara, entzunak direlako, maitatuak sentitzen direlako eta altxor hori aukera biderkatzailea da gure jardun hezitzailean.
Familiak eta gainontzeko langileak partaide ezin garrantzitsuagoak dira gure komunitatean eta erabateko abegikortasunez hartzen ditugu beti.
Laburbilduz, zaintza eta entzuketa aktiboa praktikatzeak korapiloak askatzen laguntzeaz gain, segurtasun handiagoa ematen digu garai zurrunbilotsu hauetan.
- Gizarte eta ingurumenarekin konprometitua: Bertatik bertarako hezkuntza praktikatzen dugu. Lurraldeko ondare sozialean zein naturalean kokatzen ditugu gure jakinmina, behaketa, hausnarketa eta aprendizaia. Horren lekuko gure ikasgelako proiektuak dituzu, zeinak lurraldeko agenteen eskuzabaltasunez hornitzen baititugu.
Eskola demokratikoa eta partehartzailea
Proiektuko partaide guztiek ahotsa izatea eta eragileak izan daitezen gure ardatzik nagusietako bat da. Auzolanean eraikitzen ohituta gaude gure komunitatean, proiektua bera auzolanari esker sortu zen, eta formula horretan lankidetza eta entzuten jakitea ezinbestekoa da. Partaidetza honen bi adibide aipatzearren: familien asanblada orokorrak eta Ikasleen Kontseilua.
Zuk ere gure partaidea izan nahi baduzu, harremanetan jarri: cpzumadia @educacion.navarra.es.